IKASTOLA 213 > ikastolak > AURTEN ANTZRKI SAIO BEREZIAK KUKUBILTXO TALDEKO ETXEBARRIAREKIN
Txantxiku Ikastola
Txantxiku Ikastola
Txantxiku Ikastola
Txantxiku Ikastola
Txantxiku Ikastola
Txantxiku Ikastola
Txantxiku Ikastola
Txantxiku Ikastola
Txantxiku Ikastola
Txantxiku Ikastola

Txantxiku Ikastola, Oñati

AURTEN ANTZRKI SAIO BEREZIAK KUKUBILTXO TALDEKO ETXEBARRIAREKIN

Etxebarriaren iritziz hobe da jolas edo ariketekin jardutea, ikasleek gehiago ikasten baitute. LH5.eko 62 ikasleek jarraitzen dituzte antzerki saioak Curriculumean txertatuta.

IK/KI programan murgilduta daudenez, antzerkia ere era kooperatiboan antolatutako jardueren bitartez lantzen ari dira, ondorioz, ikasleen arteko elkarreraginaz taldean sortuko den artelana izango da. Beraien sentimenduak azaltzeko era bat ere bada. Iurgi maisuak partekatzen du antzezlanaren entseguetan zer egin, nola, eta nola adierazi. Era horretara denon artean erabakitzen dute aurrera nola jardun. Artelana taldean sortzeak elkarren arteko sentimenduak batzen ditu. Magia hori gertatzeko garrantzitsua da komunikazio lan on bat egitea; eta hori ari dira lortzen. 

"Txantxiku Ikastolan antzerkiari betidanik garrantzia eman diogu eta horregatik gure  curriculumean txertatuta dugu" dio Arantza Bengoa irakasleak. "LH 5. eta 6. mailan urtean obra bat gertatu eta eskaintzen diegu ikasle eta gurasoei. Iaz LH6. mailakoek, gurasoei eskaintzeaz gain, Zaharren Egoitzan ere antzeztu zuten. Aurtengo ikasturtearen hasieran Iurgi  Etxebarriaren eskutik jaso genuen eskola-antzerkiko proposamena. Oso egokia zela iruditu zitzaigunez, LH5. mailarako erabaki genuen  Iurgi berak, Kukubiltxo antzerki taldeko partaide eta antzerkilari profesionalak, antzerki saioak zuzenduko zituela ikastolan. Aurten hiru talde dira; guztira hirurogeita bi ikasle, eta denek hartuko dute parte".

"Gaur egun gurean aurrera daramagu IK/KI programa, eta antzerkia ere, era kooperatiboan antolatutako jarduerekin lantzen ari gara, hau da, ikasleen arteko elkarreraginaz taldean sortuko den artelana izango da. Aldi berean beraien sentimenduak manifestatzeko era bat ere bada.  Iurgi maisuak ikasleekin antzezlanaren entseguetan zer egin, nola, eta nola adierazi… partekatzen du. Era horretara denon artean erabakitzen dute aurrera nola egin. Artelana taldean sortzeak elkarren arteko sentimenduak batzen ditu. Magia hori gertatzeko komunikazio lan on bat egitea garrantzitsua da; eta hori ari gara lortzen" jarraitu zuen Arantzak.

Iurgiren esanetan “Nik emango ditudan eskolak nagusiki jolasak izango dira. Jolas hauek, sortuko den antzezlanarekin batera eskutik helduta gidatuko ditut, gogoratu behar dut artista hauek normalki antzezlana egiteko irrikan egoten direla. Nire irizpidez hobe da jolas edo ariketekin jardutea, ikasleek gehiago ikasten baitute; aldiz, guraso, eskolako irakasle eta ikasleek beharrezkoa ikusten dute antzezlan bat sortzearen premia.” 

"Ondorioz, guztira 20 ordu egingo ditugu, horietako 7 antzerkia lantzen eta 13 antzezlana. Urrian hasi eta maiatzean bukatuko dugu. Antzezlanak Txantxiku Ikastolaren astean izango diren ospakizun edota ekintzen artean plazaratuko ditugu".

"Artelan bakoitzaren atzetik planteamendu sendo bat dago, non aurkitzen diren landu beharreko konpetentziak, hala komunikatzen ikasi, elkarrekin bizitzen ikasi, edota norbera izaten ikasi… eta horietan antzerkiak leku berezia duela esango genuke. Hori dela eta, Antzerkia lantzearen helburuak hauek dira: Alde batetik, jolasaren bitartez ikaslearen ongizatea lortzea;  ikaskideen laguntza gertutik sentitzea; ikaskideak ondoan ditugula sentiaraztea; guztion kooperazioa beharrezkoa dela ikustaraztea, helburua lortzeko denok elkarri aritzearen garrantziaz jabetzea. Beste aldetik, irudimena eta sormena garatzea; emozioak bideratzen ikastea; ahotsa eta gorputza lantzea; norberak bere burua ezagutzea eta mugimendua kontrolatzea. Horrez gain, talde kohesioa lantzea; espazioa menperatzea, lan esparrua menderatzea, eta harreman fisikoak izatean eroso sentitzea. Eta azkenik, arteaz gozatzea eta antzerkiak duen egituraz jabetzea, izan agerraldi, akotazio, testu mota, dena delakoa".

Eta hori dena nola lortzen den galdetutakoan "Egun bakoitzean beroketa desberdinak lantzen dira, gero antzezlanarekin zer ikusia duten bat-batekoak nagusituko diren arren. Beroketa eta bat-batekoen gaia antzezlanaren gidoiarekin bat joango dira. Lana egiteko eran, garrantzia dute taldeko jolasak; imintzioak eginez, emozioak adieraziz, asmatutako egoerak adieraziz …. Horiek lantzen ditugu elkartasuna, talde-kohesioa eta elkar ezagutza lortzeko; baita uneko tentsioak askatzeko, edota gorputza eta ahotsa gertatzeko".

"Mugimenduak lantzeko, banakakoak zein talde-kideen artekoak bultzatzen ditugu. Horretarako koreografia interesgarria da lan esparrua menderatzeko, ibilerak, elkarren arteko distantziak, mugimenduen hasiera, abiadura, eta amaiera lortzeko.

Bestetik, irudimena bakoitzaren ametsak, pentsaerak, sentimenduak, eta antzerkia gauzatzeko irizpideak elkarrekin partekatuz jorratzen da. Honek dakarrena da beraien arteko harremanak hobetzea: izan hitzezkoa, fisikoa ala psikikoa", esan zuen Arantzak.

Zer balorazio egiten duten galdetuta "Ikasleen parte hartzea oso handia dela, oso motibatuta daudela, elkarri laguntzeko prest azaltzen direla…. Pozik eta gustura ari direla ikusten dugu, giro onean, askatasunez aritzen dira, eta saioetan interes handia erakusten dute. Balorazio bikaina egiten dugu" amaitu zuen esaten Zigor Ibarzabal zuzendariak.

ikastola 213
2015 Apirila
213