IKASTOLA 213 > ikastolak > KIMU HAUSNARKETATIK SORTUTAKO 0-6 BITARTEKO GURE PROIEKTUA
Azpeitiko Ikastola
Azpeitiko Ikastola
Azpeitiko Ikastola
Azpeitiko Ikastola
Azpeitiko Ikastola
Azpeitiko Ikastola

Azpeitiko Ikastola, Ikasberri Kooperatiba

KIMU HAUSNARKETATIK SORTUTAKO 0-6 BITARTEKO GURE PROIEKTUA

Haurra bere osotasunean hartzen dugu, garrantzitsua baita haur bakoitza den bezalakoa errespetatzea. 

Hausnarketarako bidea sortu genuen, eta sakon aztertu genituen haurraren berezko jokabideak eta gaitasun ezberdinen garapenak, hala nola, hizkuntzaren garapena,  garapen kognitiboa edo motorea... Zenbait eredu pedagogiko ere arakatu ditugu, hots, Integrazioaren Pedagogia eta Konfiantzaren Pedagogia. Era berean teoria psikologiko eta ikerketa ezberdinak ere aztertu ditugu, Reggio Emiliako eskola edo Emmi Pickler-en eredua esaterako.  Horrez gainera, beste zentro batzuetara bisitak egin ditugu. Nolabait, ez gatzaizkio iturri bakar bati lotu, baizik eta, hausnarketaren ostean, bakoitzetik interesgarri iruditu zaiguna jaso dugu gure ikastolaren proiektuan txertatzeko. Hori horrela, esan dezakegu iturri ezberdinetatik edanez, gure Haur Hezkuntzako errealitateari egokitzeko sortu dugun egitasmo pedagogikoa dela KIMU proiektua.

Hausnarketarekin duela zazpi bat urte hasi ziren Azpeitiko Ikastola Ikasberri Kooperatiban, hezitzaileen haurra ulertzeko modua landuz 0-6 etapa finkatu nahian. Hasierako hausnarketa profesionalen artean egiten hasi ziren, konturatuta baitziren bi zikloak etapa bera osatzen dutenez, marko berdinean lan egitea komeni zela eta ez bakoitza bere aldetik.

Ainara Bidal, Azpeitiko Ikastolako Hezkuntza zuzendariak erantzun ditu gure galderak. "Gure planteamendua ez zen izan 0-6 proiektu bat egin behar dugu eta aldaketa batzuk sartuko ditugu; baizik eta, azter ditzagun hainbat zutabe, eta konpartitze horretan hasi ginen, batetik, irizpideak bateratzen, eta, bestetik, pixkanaka-pixkanaka aldaketak sartzen. Adibidez, atxikimendua landu genuen: nola garatzen da ? berdin ulertzen dugu hori? Eta horren inguruko lanketa sakon bat egin ondoren, galdera da: Eta ikastolan zer? Nola laguntzen diogu horretan, zerk ez dio laguntzen eta zer egingo dugu hori aldatzeko? Hausnarketarako bidea sortu genuen, eta serio aztertu genituen haurraren berezko jokabideak, gaitasun ezberdinen garapenak, hala nola hizkuntzaren garapena,  garapen kognitiboa edo motorea… Zenbait eredu pedagogiko ere arakatu ditugu Integrazioaren Pedagogia eta Konfiantzaren Pedagogia; eta aldi berean teoria psikologiko eta ikerketa ezberdinak aztertu ere, esan Reggio Emiliako eskola edo Emmi Pickler-en eredua eta  bestalde  beste zentru batzuetara bisitak egin ditugu. Nolabait ez gara iturri bakar bati lotu, baizik eta, hausnarketaren ostean, bakoitzarengandik interesgarria iruditu zaiguna jaso dugu gure ikastolaren proiektuan txertatzeko.. . Hori horrela esan dezakegu iturri ezberdinetatik edanez,  gure  Haur Hezkuntzako errealitateari egokitzeko  sortu dugun egitasmo pedagogikoa dela KIMU proiektua.    Eta, bien bitartean, hainbat ikastolarekin ere konpartitzen ari garela gure ibilbidearen zati bat, beti ere haurra hartuta gure egitasmoaren ardatz".

Formakuntza derrigorrezkoa izan da. Ainara Bidal arduratu da teoria arakatzen eta ibilbidearen mapa egiten, eta taldean hausnarketa bideratzen; gai batzuren inguruan beharrezkoa izan denean, kanpotik ere laguntza jaso dute. Eta idatzi honetarako lagundu digu zutabe nagusiak laburtzen:

"Haurra bere osotasunean hartzen dugu, garrantzitsua baita haur bakoitza den bezala errespetatzea. Ume bakoitzari lagundu nahi diogu bere garapen propioan, atxikimenduan, esplorazioan... beti ere bere erritmo biologikoak errespetatuz Haurra da bere ikaskuntza prozesua aurrera eramaten duena, eta guk bide horretan lagundu egiten diogu. Nola? Garapen motore egoki bat egiteko espazio ireki eta egokiak eskainiz. Eta garapen kognitiboan lagunduko dioten jarduera eta proiektuak proposatzen, beti ere, jolasa eta esperimentazioa oinarri izanda. Haurrek jolas egiten, esploratzen eta esperimentatzen ikasten baitute, beraien esperientziaren bitartez. Guk esploratu ahal izateko segurtasuna ematen diogu, segurtasun oinarri bihurtuz, horretan gurasoekin elkarlana ezinbestekoa dugu gurasoak gure proiektuaren parte baitira" jarraitu du Azpeitiko Ikastolako Hezkuntza zuzendariak.

"Ikuspegi aldaketa bat da, haurrak berak ikasten duenez, erakutsi beharrean  gure eginkizuna bere bide horretan laguntzea  dela onartzea izan da zailena.  aitortu behar dugu bidean zalantzak eta beldurrak izan ditugula, baina oso pozik gaude aurrera goazela ikusita. Familiekin harremana zuzen zuzena da, egunerokoan ateak irekiak dituzte eta haurrarekin gelara sartzen dira. Hiru hilabetean behin bakarka bilerak egiten ditugu ; urtean bi guraso-talde bilera; eta dagoeneko ere Guraso-Eskola martxan dugu aurretik guk egindako hausnarketa bera beraiekin egiteko, proiektu inguruko sakonketa egiteko, haien ikuspegia jasotzeko, haiek ere uler dezaten zergatik ari garen modu honetan lanean, bestalde euren beharrak entzuteko ere balio digu;  azken finean elkarrekin haur bakoitzaren garapen integrala gauzatu nahi dugu, umeak zoriontsu izatea nahi baitugu. Ezinbestekoa da haurrarekin harremanetan gauden guztiok ikuspegi bera izatea, hau da, norabide berdinean lan egitea, haur osasuntsu eta  zoriontsuak helburu", esanez amaitu dugu Ainararekin solasaldia.

ikastola 213
2015 Apirila
213