IKASTOLA 213 > ikastolak > BETI PENTSATZEN ZER GEHIAGO EGIN GURE INGURUA HOBETZEKO
Labiaga Ikastola
Labiaga Ikastola
Labiaga Ikastola

Labiaga Ikastola, Bera

BETI PENTSATZEN ZER GEHIAGO EGIN GURE INGURUA HOBETZEKO

Mankomunitatearen irizpideak ere jarraitzen dituzte. Ohiturak zabaltzea dute xede; erabilera sustatzea, jarraitzea eta komunikatzea.
 

Jasangarritasun sarean sartzea lortu du, eta Nafarroako beste bi zentrorekin batera ikastolaren proiektua aurkezteko eta zabaltzeko izan da aukeratua. Proiektua hiru urteren buruan osatu beharko dute, zigilua lortzeko. Ilusioz beterik daude. Hori guztia aurrera eramateko Ikastolako Inguru batzordea sortu dute, hiru astean behin elkartu, eta hurrengo asterako ekintzak planifikatuko dituena. Horrekin batera, batzorde horrek egindakoaren eta egin beharrekoaren informazioa zuzendaritzari pasako dio, urratsez urrats etengabeko bidea egiten joateko. 
 

Naturarekin errespetuan bizi izan da betidanik Labiaga Ikastola. Ez da gauza berria horrekiko sentsibilizazioa, gogoeta eta irtenbide bila ibiltzea. Berria dena da Nafarroako Jasangarritasun sarean sartu izana, Estatu mailakoan parte hartuz. Horren albistea jasotzeko Jon Diez zuzendariarekin mintzatu gara.
“Iaz izan genuen sarean sartzeko aukera hiru urtetako proiektua aurkeztu ondoren. Onartua izan ginen, beste ikastola batzuekin batera. NIEko Irenek Lopezek lagundu zigun asko txostena idazteko orduan. Ordura arte ikastolan egiten genituenak zerrendatu eta aurkeztuta, sarean parte hartzeko baimena lortu genuen. Ondoren Nafarroako beste bi zentrorekin batera aukeratua izan gara gure proiektua zabaltzeko, eta horren berri beste ikastetxeren aurrean aurkezteko. Ohorea da hori guretzat”, kontatu digu Jonek.

“Proiektua hiru urteren buruan osatu beharko dugu, urterik urtez, eta behar bezala betetakoan lortuko dugu zigilua. Ilusioz ari gara ikastolan. Egia esanda egiten ditugun urrats asko ikastolen filosofian eta curriculumean ezarrita daude, hara hor, Txanelan, adibidez. Baina Bortzirietako Mankomunitatearen irizpideak ere jarraitzen ditugu, haiekin elkartzen gara, eta adostutakoa aurrera eramaten saiatzen gara bai hemen ikastolan, zein etxeetan familiei aholkuak zabalduz. Aipaturiko sarean parte hartzeak pausu berriak ematera bultzatu gaitu. Batetik Komunikazioari dagokionak: egiten ditugun gauzak komunikatu behar dira, eremu curricularrean landu behar ditugu, eta egitea eskatzen dutenak, bete behar. Horrek esan nahi du ez garela gu bakarrik ari, baizik eta inguruko eragileekin batera ari garela gauzak erabakitzeko eta egiteko garaian. Mankomunitatea, Ikastola eta familia bat garela horretan; gurasoen partaidetza horretan ere ezinbestekoa da. Demagun ari garela jolas-orduko bokatarekin; eta ume bakoitzak ekartzen duela ogi-artekoa zilarrezko paperean bilduta. Edo alderantziz, horrela ekarri ordez, tupper berezietan edo-eta oihal berezi batean dakartela. Aholkuak ematera dagokigu; horiek betetzen saiatzea, erabilera sustatzea eta jarraitzea. Ohiturak zabaltzea, azken finean”.

Alderik somatzen al den galdetuta baietz erantzuten du. “Gero eta ikasle gehiago dago neurriak ere etxetik dakarrena, gero eta plastiko edo paper gutxiago sortzen duena, eta gero eta gehiago naturaltasunez gairako ontziak erabiltzen duena. Klaustroa kontzientea da, tailerrak antolatzen ditugu LH eta DBH osoan. Teoria asko dakigu, hori guztia da automatikoki egiten ikasi behar dena. Ia pentsatu gabe zer egin behar den, baizik eta eginez, ohiturak barneratuta. Hori da hurrengo urratsa, automatikoki egitea. Gaur da eguna ikastolan non ez gauden pendiente begiratzeko ikasleak jolastokitik bueltan datozenean ea patio zikina gelditu den ala ez. Orokorrean patioa garbia gelditzen baita, ikasle bakoitzak berea jaso baitu, eta dagokion zabor-ontzian sartu baitu. DBHko gazteetan, adibidez, ikusgarria da. Horiekin ere TEKNOko tailerrak baliatzen ditugu material gutxiago erabil dezaten, hau da, alferrik ez dezaten baliatu; eta behin erabilita, berziklatzeko ontzietan bil dezaten. Beti pentsatzen zer gehiago egin dezakegun gure ingurua hobetzeko”.

“Hiru zutabe garrantzitsu ditugu urteko planean paratuta. Lehena, gaikako bilketa deritzoguna. Eta hor sailkatu ditugu aurtengo xedeak, adibidez, konpostajea. Mankomunitatean edukiontziak eskatu dira, eta horiek ongi erabiltzeko azalpenak eman dira.
Bigarrena da Kontsumoak murriztea. CONFIT atalean ikasleei proposatzen zaie hobekuntzak proposatzea. Adibidez, ur kontsumotan murrizketak lortzea. Horretan LH6koek eta DBH1ekoek lan berezia egiten ari dira aurten, irtenbideak aurkeztu dituzte argiak itzaltzearen eta iturriak itxitzearen garrantziaz gogoeta egin dute; eta helburu horretan partaide bihurtuta daude. Horretarako urrats batzuk beteko ditugu. 

Eremu Kurrikularra da ere lantzen dugu. Hasteko, ikasi: energiaren garrantziaz eta zergatiaz, kontsumo arduratsua, baliabide naturalak, inguru giroaren kontserbazioa. Aldi berean, debatitu: alde onak eta txarrak zeintzuk izan daitezke, ikuspuntu ezberdinak, mugako egoerak aztertuz. Horrekin batera, arduratu: tokikoaz, ingurukoaz, patioaz, etxeaz eta herrikoaz. Eta ondoren, ekintza zehatzen bat proposatu, hau da komunikatu: nola hobetu norberaren jasangarritasuna, etxekoa, auzokoa, gelakoa eta ikastolakoa.
Hirugarrena da Komunikazio atala. Horretarako jasangarritasun txokoa sortu  ikastolako web orrian eta blogean. Lotura moldatu eta blogera bideratu. Mezuak txertatu komunikazioetan. Beharrezkoa ez bada, ez inprimatzea aholkatu. Astekaria eta epostak bideratu; eta Nafarroa mailan, eta beste ikastolekin batera, Oinez Basoa bultzatu”, kontatu digu Labiagako zuzendariak, Jon Diez-ek.

Hori guztia aurrera eramateko Ikastolako Inguru batzordea sortu dute, hiru astean behin elkartuko dena, eta hurrengo asterako ekintzak planifikatuko duena, egindakoaren eta egin beharrekoaren informazioa zuzendaritzari pasako diona, urratsez urrats etengabeko bidea egiten joateko.

ikastola 213
2015 Apirila
213