IKASTOLA 213 > ikastolak > 'KATUKA' eskola porrota uxatuz! 2-8 URTE BITARTEKO IKASLEAK
Uzturpe Ikastola
Uzturpe Ikastola
Uzturpe Ikastola
Uzturpe Ikastola
Uzturpe Ikastola
Uzturpe Ikastola
Uzturpe Ikastola
Uzturpe Ikastola
Uzturpe Ikastola
Uzturpe Ikastola

Uzturpe Ikastola, Ibarra

'KATUKA' eskola porrota uxatuz! 2-8 URTE BITARTEKO IKASLEAK

Ikasleak katuka jartzen dira egunero, eta horrela ikusmena eta koordinazioa garatzen dituzte.

Berdina da beso eta lurraren distantzia katuka ari direnean, bai eta besoa eta paperaren arteko distantzia ere mahaian eserita ari direnean. Katuka, irakurketa eta idazketarako hain garrantzitsua den distantzia garatzen da. Bestalde, katuka ibiliz ondo eserita egoteko jarrera jorratzen dute (kontrol posturala). Adinaren arabera ariketak planteatzen dira, eta zailtasunak dituzten haurrek maiztasun handiagoz egiten dituzte.

“Antolaketa Neurologikorako Programa du izena eta ikasleen entzumena, ikusmena eta tresna motoreak garatzea,  hau da garunean ikaskuntzarako beharrezko diren zirkuitoak sortzea, du helburu”, esan digu Usue Sukiak, Uzturpe Ikastolako HH koordinatzaileak.
“Beharrezko diren hiru tresna horiek garatzeko, gizakiok bata bestearen gainean antolatuta ditugun hiru garunak garatu behar ditugu: narrasti garuna (arrasta egitean garatzen duguna); ugaztun garuna (katuka egitean garatzen dena) eta gizakiaren garuna (ibiltzen hastean garatzen dena). Fase hauek pasa behar ditugu jaiotzen garenetik; eta gaur egungo bizitzagatik batzuetan ez dira egiten, edo behar bezala egiten, eta guk ikastolan ariketa horiek eginaz, ikasle guztiek egiten dituztela ziurtatzen dugu, beranduxeago bada ere”.

“Gure ikastolan hausnarketak izan du betidanik pisu handia, irakasleon artean badugu grina eta ohitura handia ikasleari behar bezalako laguntza eskaintzeko, eta horretan prest gara beti aurrera egiteko nahian, erreflexioaren bidez eta adostasunez. Duela urte batzuk Maria Lopez neurobiologoaren ikuspuntua ezagutzeko aukera izan genuen, ordurako Atarrabiako Paz de Ziganda Ikastolarekin harremanean zebilena. Hitzaldi batera gonbidatu genuen ikastolara, eta hortik aurrera jarraian izan gara gu ere harremanetan. Madrilera bi urtez, bi asteburuz joan izan gara, formazioa jasotzera, HH, LH lehen zikloko eta laguntza gelako irakasle ia guztiak, argi baitugu ikaslea egunero motibatzeko, gu geu ere motibatuak egon behar dugula”.

“Dennison-ek dioen bezala: mugikortasuna aprendizaiaren atea da, horregatik, ikasleak katuka jartzen ditugu egunero, eta horrela ikusmena eta koordinazioa garatuz doaz. Berdina da beso eta lurraren distantzia, katuka ari direnean, eta  besoa eta paperaren arteko distantzia mahaian eserita ari direnean. Katuka garatzen da, irakurketa eta idazketarako hain garrantzitsua den distantzia. Bestalde, katuka ibiliz ondo eserita egoteko jarrera jorratzen doaz (kontrol posturala), aldakaren 90ºko posizioa lantzen delako. Horrek ez du esan nahi katuka ibili ez diren guztiak arazoren bat izango dutenik, ez horixe; baina bai ohartuta gaude,  gorabeheraren bat dutenen artean fase hori ongi pasata ez dutela”.

Umeak katuka nondik dabiltza galdetutakoan “Pasilloan dabiltza. Pasilloa egokitu genuen, zorua ibiltzeko egokia eta goxoa jarri genuen.Adinaren arabera ariketak planteatzen dira eta zailtasunak dituzten haurrak maiztasun handiagoz egiten dituzte. Tono muskularra, koordinazioa, oreka-desoreka…lantzearren guztiek egiten dute katuka, txiribueltak, brakeazioa…  egunero. Beraien gorputza espazio egoera ezberdinetan jartzea garrantzitsua da gero paperean kokatu ahal izateko” jarraitu du Usuek.

“Duela hiru urte brakeazio eskailera jarri genuen gela batean. Brakeazio eskailera da horizontalean dagoen eskailera, koltxonetak azpian duena, minik ez hartzeko. Zintzilikatzeko ariketa honetan eskuineko eskuak ezkerreko hankarekin, eta ezkerreko eskuak eskuineko hankarekin lan egiten du. Biriketarako, arnasketa ongi egiteko ere balio du, birikak zabaltzen baititu. Bestalde, eskuko tonua hobetzen du arkatza ondo eustea erraztuz (agarre prensil). Ikasturte honetan mogimendurako tresnak osatzen goaz eta bigarren eskailera eta oreka lantzeko zirkuitoak jarri ditugu, oraingoan patioan, jolas-ordutan beraien kabuz ere trebatzeko”.

“Honetaz gain, lehen hezkuntzako lehenengo zikloan bereziki ikusmen ariketak ere egiten ditugu, fijazioa, segimenduak eta pertzepzioa landuz, adibidez, boligrafoaren puntari jarraitzea burua mugitu gabe; eta abar.  Idazteko, irakurtzeko edo-eta zatiketak egiteko beharrezkoak dituzten mugimenduak egiten trebatzen dira. Eta ikasleren batek gehiago trebatu behar badu, familia ere inplikatzen dugu horretan” bukatu du kontatzen Usue Sukiak. 

ikastola 213
2015 Apirila
213