IKASTOLA 213 > ikastolak > XVI.KANPAINA ABIAN DA. HAUR KOPURUA HANDIAGOA AURTEN
Integrazio Batzordea
Integrazio Batzordea
Integrazio Batzordea
Integrazio Batzordea
Integrazio Batzordea
Integrazio Batzordea

Integrazio Batzordea, Seaska

XVI.KANPAINA ABIAN DA. HAUR KOPURUA HANDIAGOA AURTEN

Seaskako ikastoletan ahalmen urriko haurrak eskolatzearen alde 1.200/1.300 partikularrek, 40tik 50era elkartek, eta inguruko enpresek ere laguntzen dute.

 

Hamasei urte iragan dira Seaskako ikastoletan ahalmen urriko haurrak beste ikasleen modura eta eurekin batera eskolan elkarrekin ikasten hasi zirela. Hasieran hiru haur baino ez ziren. Orduz geroztik ahalegin handia egin da eskolatzearen alde, eta emaitza onak lortu diren arren, beharrak ez dira gutxitu. Integrazioa Batzordeak/Seaskak lagundu behar ditu ordaintzen ahalmen urriko 18 haurrentzat laguntzaileen kontratu pribatuak eta prekarioak, eta beste.

Urterik urte haur kopurua handitzen joan da. "Hasieran laguntzailerik ere ez genuen" kontazen hasi zaigu Dominique Idiartek. "Gure borroka hasieratik izan da haurren eskubideak errespetatzea, haien giza eskubideak, eta horretarako AVSak edo laguntzaileak lortzea, haur guztiek bere laguntza izateko. Uste genuen aurreko kanpainengatik AVS laguntzaile profesionalak lortuko genituela, urrats batzuk egin izan baititugu, baina Hazkunde Nazionalatik egon dira aldaketak. Guk nahi duguna baita  AVS lanpostuak duinak izatea, profesional munduan sartzekoak".

Zaila da ulertzen egoera. Aipaturiko laguntzaileek bi aldiz hiruna urteko praktika behar zuten profesional mundura iristeko. Orain, Hazkunde Nazionaletik iritsi den azken berriagatik, beste bina urte gehiago beharko dituzte lanean, kontratu pribatu batekin, AESH-lez (Accompagnement élève en situation handicap), eta ondoren beste sei urtez (2 aldiz 3 urte) kontratu mugatuarekin, profesional mundura iristeko. Zortzi urteko ibilbidea, bide luzea da, baldintza murritzetan, soldata oso bajuarekin eta horrek penatzen ditu Integrazio Batzordekideak, euren helburua baita langile guztiak normalizazioan jardutea.

Ahalmen urriko ikasleak laguntzeko lan izugarria egiten du Integrazio Batzordeak. Urtero kanpaina bati heltzen dio finantziazioa lortzeko, izan ere, haurrak eskolatzearen alde 1.200/1.300 partikularrek laguntzen dute, 40tik 50ra Elkarteek ere bai, baita inguruko enpresek ere. Horien guztien laguntzari esker lortzen dira urtero behar diren ia 100.000€ak (iaz 96.000€ izan ziren, aurten 138.000€ beharko dira). Zertarako hainbat diru galdetutakoan erantzuna oso argia da: “Integrazioa Batzordeak/Seaskak lagundu behar ditu ordaintzen ahalmen urriko 18 haurrentzat laguntzaileen kontratu pribatuak eta prekarioak. Lau haurrentzat kontratu pribatuak eta prekarioak Estatuak laguntzen ditu; eta 22 haurrentzat Hazkunde Nazionalak AVS kontratu iraunkorrak ordaintzen ditu. Baldintza bereziekin bai, baina beste haur guztiekin batera hezitu nahi ditugu gure seme-alabak. Horregatik da kopurua hain altua; horregatik ekin behar diogu urtero diru-bilketari, kopuru horiek ez baititu ministeritzak ordaintzen”.

“Denetik egiten dugu: jaialdiak, krossak… Informazio orria argitaratzen dugu gure laguntzaile-babesle guztiei behar adineko informazio emateko, haien atxikimenduari behar bezalako erantzuna emateko, guztiei esker mila esateko”, jarraitu du esaten Dominiquek.

Hamasei urte ondoren ahalmen urriko gazteekin zer gertatu den galdetutakoan “Kolegioan eta Lizeoan daude batzuk; beste batzuk aurretik atera behar izan dute. Profesional mundura ere iritsi behar dute. Integrazio Batzordea eskola mundura mugatzen da, baina gu gurasook gizarteratzearekin ere arduratuta gaude. Aurrekoaren segidan beste urrats batzuk egiten hasiak gara. Gure hasierako helburua bazen ahalmen urriko ikasleak beren anaia-arrebekin eskolaratzea, orain gizarte-aratzea ere bada, Ikastolatik, Kolegiotik edo Lizeotik irtendakoan. Segida izan dezatela. Gizartean eta lantegietan, baldintza bereziekin bai, baina integratuak”.

Lan isila bezain bikaina egiten ari dena Integrazio Batzordea. 

ikastola 213
2015 Apirila
213