Kurutziaga Ikastola, Durango
ELIKATU POZA! BERTAKO PRODUKTUAK, SASOIKOAK ETA EKOLOGIKOAK
Eredu hau jostun batek ikastolaren neurrira egindako menua izan da, Kurutziagarako bereziki egina. Sukaldeko langileak ere betean inplikatu dira.
Guraso taldearen eskariz ikastolako jantokiko zerbitzuaren kalitatea hobetzeko proposamena iritsi zen. Espektatibak guztiz bete dira: iraultza txiki bat lortu da, produktu berriak sartu baitira sasoiko, bertoko eta ekologikoak gehituz. Bertoko baserritarrak dira jantokian ematen diren barazkien ekoizle. AUSOLAN kooperatibak lagundu die. Hiru partaidetzako mahaiak elkarlana bultzatu du. Filosofia bat da, ez da jantokira mugatzen, baizik eta ingurura. Orain formazioan jarraituko dute.
Hona hemen Kurutziaga Ikastolako aldizkarian zehaztasun handiz argitaratutakoa:
GURASOek ESANDAKOA
LARRAITZ EGUREN ETA ZIORTZA ONAINDIA
Larraitz Eguren eta Ziortza Onaindia egitasmo honegaz inplikatu ziren gurasoetako bi dira. Kezka eta asmo antzekoen bueltan elkartu eta forma hartzen joan zen guraso taldea: jantokian, zer jaten da? Industriala, ekologikoa, tokikoa, urrundik ekarritakoa…
Zergatik animatu zineten jantokiko ohiturak aldatzera?
Larraitz Eguren: Nire ume zaharrenak 2 urte zituen eta jantokian jaten zuen, eta konturatzen nintzen, postre industrialetatik hasita, eta kezka horretatik gero jatorriaren inguruan, bai barazki zein okela eta abar. Etxean zuk kontrolatzen duzu eta gure kasuan garrantzia ematen diogu jatekoari, eta konturatzen ginen jantokian, hasteko, ezjakintasuna geneukala, zer ote zen jaten zuena, eta baita ardura janari hori ahalik eta osasuntsuena eta bertakoena izatearena.
Zertan hobetu da oraingo menua?
Ziortza Onaindia: Menurako dekalogo bat onartu zen. Industriala kentzea izan zen apustua, batez ere. Beti mugatzat ipinita kuota, ezin zen igo, ez zien eragin behar gurasoei, eta horrela, zegoenetik zer hobetu ahal zen. Menuak birpasatzen hasi ginen Ausolanekoekin eta erabaki zen industriala kentzea.
LE: Hasieratik landu genuena izan zen hilez hileko menuan oreka bat topatzea.
ZO: Proteina begetala sartzen hasi ginen hor, lehen egiten zen, baina azken urteetan ez da egon, eta berreskuratu genuen. Beti Ausolanekin adostuta.
LE: Eta horrez aparte, aldaketa garrantzitsu bat aurtengo kurtsoan izan da berdurak bertokoak eta freskoak direla. Ordura arte izoztuak ziren eta ez dakigu nongoak.
ZO: Menua hobetu da bai oreka aldetik eta bai kalitate aldetik. Orain, dilistak, arroza eta pasta ekologikoak dira, oliba olioa ere bai. Eta bertoko hornitzaileekin denez, inguruko ekonomian ere eragin dugu.
Baina, donutsak kendu dituzue.
ZO: Klaro, industriala kendu delako. Baina horrek ez du gura esan ez denik gauza gozorik eman behar.
LE: Sanjakoboa ere kendu ahalko zen, industriala izango bazen. Baina ez da kendu, bertokoa eta kalitatekoa delako.
ZO: Kroketak ere ez. Gauza positiboak ez dira kendu eta gainera azpimarratu bertokoak direla.
LE: Postre gozoekin ere hasieratik esan dugu: topatu bertoko okinen bat kalitatezko produktua egingo duena.
ZO: Behin eta berrio eskatu dugu gainera, adibidez, proteina begetala dagoen egun bat dagoenean, eskaini halako aliziente bat, gozoa, egun hori ez dain izan hain gogorra ume batzuentzat. Lehen bezala jaten dugu, ez da aldatzen dieta, baina jaten denaren kalitatea eta jatorria zaindu nahi dugu.
Menuak hobetzeaz aparte, asmo zabalagoak ere badituzue.
ZO: Jantokikoa filosofia bat da, eta Kurutziagan, ikastetxe modura, eredu bat eman behar duzu. Ez da jantokira mugatzen: hamarretakoa, haginak garbitzearena, zaintzarako aukera desberdinak aztertzearena… Eta formakuntza.
LE: Kontzietziatu, elikadura osasuntsuak duen garrantziaz, bai ikasleak eta bai gurasoak. Gero gurasoek etxeetan ere jarraitu dezaten. Hemendik aurrera, jantokian hobetzeko badagoela ikusten dugu, baina batez ere, jantokitik aparte, formakuntzan zentratuko gara.
ZO: Hemengo jendearengan eragina eduki du eta hori eskertu behar zaie langileei. Zirikatu dugu apur bat, eta orain beste parte inplikatu asko daude zeresana ere badaukatenak.
Zuen umeak gustora daude?
LE: Oso gustora daude jantokian, eta gure etxean egunero dago mahai gainean elikadura osasuntsuaren gaia, batez ere barazkiak daudenean. Akordatzen dira izozkiarekin. Baina, oso gustora jaten dute.
Maiatzaren 5ean formakuntza jardunaldi bat egiteko asmoa daukate. Bien bitartean, guraso taldea zabalik dago ekarpenetarako eta guraso gehiagoren inplikaziorako. E-mail helbide bat daukate, nahi duen edonorentzat:
KURUTZIAGAKO SUKALDARIAK
MIKEL ATUTXAk esandakoa
Baserritan dagoenaren arabera antolatzen duzu menua.
Eskaerak beraiekin egiten ditugu, Jon eta biok telefonoz berba egiten dugu eta adosten dugu astekoa.
Ze aldaketa zure lanean?
Berdura freskoa denean, lana handiagoa da. Orain adibidez kalabazak daude eta ez dute lan handirik ematen, baina daudenean azelgak, espinakak eta batez ere lekak, ba horiek garbitzeak bai behar du bere denbora. Dena den, beste pertsona bat ipini zuten, eta errefortzu horregaz ondo moldatzen gara.
Garbitzeko orain ondo, eta prestatzeko?
Menu hauek egiten hasi ginenean, hilero egun bitan lehenengo plater bi sartu genituen menuan, eta hasieran bai pentsatu behar genuen zelan antolatu sukaldeko tresnak. Lapikoak behar diren edo zer. Hasierako egunetan, arazoa hor zegoen: non egingo dut jatekoa eta abar. Baina, orain ondo moldatzen gara.
Sasoiko berdurarekin, menua monotonoa da?
Udaberriagaz batera hasiko dira produktu gehiago iristen. Astean behin ekartzen da berdura freskoa, eta batzuetan, astean bitan daukagunean, aldatzeko aukera daukazu: egun baterako azelgak eta beste baterako espinakak, adibidez. Baina lurrak ematen duenaren arabera beti.
Umeak zelan?
Pasta eta arroza ondo jaten dabe, ez dute igartzen aldaketarik, ekologikoa denik; dilistekin ere ez. Berdura ez zaie gustatzen, eta berdin zaie izoztua edo freskoa izan. Zuk bai igartzen duzu, baina beraiei erakutsi behar zaiena da berdura jaten. Batez ere behar dutena da ikastea bi lehenengo plater ere jan ahal direla egun berean. Bihar adibidez dilistak eta arroza ditugu. Horrelakoetan ondo, biak jaten dituztelako ondo. Baina garbantzuak eta berdurak ipiniz gero egun berean, hor ya arazoa egoten da. Platerak bueltan etortzen dira beteta.