Abusu Ikastola, Durango
HHko HAURREK OGIA EGIN eta GURASOEI SALDU EGITEN DIETE
Irindegia izan zen orain Abusu Ikastola dagoen eraikin dotorea.
Gaur egun HHko ikasleek egindako ogia da ostiraletan saltzen dena, ikasleek egin eta eurek saltzen dutena. Hilabeteko proiektua da, astero 6ko taldeek gauzatzen dutena. Angel Ansinak sortutako piramidea dute eredu. Tartean hamaika ikaskizun, ikastolako okindegiko labean jolasaren pedagogia gori-gorian egosten baita: matematikak, “ekonomia”, zientziak, irakurketa-idazketa, google ordenagailuetan, euskara, komunikazioa, elikadura osasuntsua, garbitasuna, talde lana.. LHra ere esportatu nahi dute egitasmoa.
“Jolasaren bitartez ikastea dibertigarria da edonorentzat eta, gainera, horrela ikasitakoa hobeto barneratzen dugu. Azken urteotan Abusu Ikastolan bide honi ekin diogu, ezarrita ditugun curriculumeko helburuei tokia bilatzen baitiegu jolas ezberdinetan. Horretarako Angel Alsinak sortutako piramidea daukagu eredutzat”, esan digu Andoni Lupiañez HHko ikasketa buruak. “Eredu horren arabera, langaiak, ahalik eta erarik hurbilenean jorratu behar ditugu. Edozein kontzeptu matematiko lantzen dugu gorputzaren bitartez esperimentatzen hastetik, haurrentzako hain esanguratsuak ez diren mailetara heldu arte, adibidez fitxetan ariketak eginez. Piramide honetako filosofia eraman dugu matematikako arlotik beste arlo guztietara.
Abusu Ikastolan denboralditxo bat zeramakien matematika lantzeko bide berrien bila. “Urtxintxa oso ongi dago, baina zerbait gehiago nahi genuen. Orduan ezagutu genuen Alsinaren filosofia, eta gurearekin bat zetorrela jabetu ginen. Zergatik? Errazago ikasten dutelako, kontzeptuak barneratzeko bidea baita jolas gehiago egitea, eta fitxa gutxiago. Atentzioa ume gehiagorengan iristen baita. Gure kasuan, okindegia egitasmoan, gela osoa dago inplikatuta, eta nekez hurbiltzen zirenak papera hartzera, batzuetan lehenengoak dira ordenagailura hurbiltzen idazketa lantzeko, eta matematikarekin beste horrenbeste, oso bisuala baita. Konturatuta gaude jolasaren bidez errazagoa barneratzen direlako kontzeptuak eta parte hartzea”.
“Adibiderik garbiena da orain zabaldu berri dugun okindegia. Haurrek ogia egin eta gurasoei saldu egiten diete. Benetako dirua erabiliz. Baina era berean prozesu honetan makina bat arlo lantzen dituzte jolasean, era dibertigarrian eta oso motibatuta. Bizipenetan oinarrituz eta naturalean barneratzen dituzte landutako kontzeptuak. Besteak beste irakurketa eta idazketa, euskara, zientziak, osasuna, garbitasuna, talde lana, autonomia eta, nola ez, matematika bera” jarraitu zuen kontatzen Andonik.
“Okindegiaren aitzakiapean, idazketa lantzeko bururatu zaizkigun aukera guztiak erabili ditugu. Honela idazketa irakurketa prozesuan aurrera doaz eta, garrantzitsuena dena, motibazioa guztiz piztuta dutela. Gurasoek ogia euskaraz eskatu ahal izateko gidoia idazten dute. Errezetak aldi berean. Erreserba orriak, egin beharreko ogi kopurua aurreikusteko. Dendaren izena asmatu dute, eta idatzi. Okindegiko arauak ere bai, adibidez, ilarak errespetatzea. Paperezko zapietan “eskerrik asko” bezalako mezuak ezartzen dituzte… Horrelako hamaika”.
“Matematikari dagokionez, aldez aurretik lantzen ditugu kontzeptuak, beti ere jolasaren bitartez, okindegira iristerako barneratuta izan ditzaten. Hasteko matematikako kontzeptuak gorputzarekin lantzen ditugu. Zergatik? Bada, gorputza erabiliz horiek argiago ikusten baitira, eta jolasteko erakargarriak egiten baitzaizkie. Ondoren da baliabide manipulatiboekin proposamena luzatzen dugula”.
“Landutako kontzeptua barneratutakoan, beraiek bakarrik eta naturaltasunez, idazketa grafikora hurbiltzen dira, norberaren iniziatibaz batzuetan, edo guztion artean adostuta. Horrela da jolasean ikasitakoa jolastuz idazten dutela, eskuz eta ordenagailuz. Gogoetak egin ditugu ikastolan zein adinarekin sartu ordenagailuaren munduan, eta HHn sartzea erabaki genuen, Google erabiltzen dugu adibidez, jolas modura zer bilatu nahi duten idazten baitute”.
“Horrez gain, okindegian kontzeptu matematiko ugari lantzen ditugu hala neurriak orea egiteko, nola denbora labean sartzeko, erreserba orriak ogi kopuru zehatza aurreikusteko, aurrekontuak irabazitako diruaren kontaketa eta batuketa egiteko, ogiaren prezioa, salerosketako ariketak, saldutakoaren tiketa erosleari emateko… Argi dago jolasaren edozein aitzakia bilakatzen dugula, besteak beste, matematika lantzeko”.
“Hizkuntza, Euskara, lantzeko aukera aproposa da ez bakarrik ikasleentzat, gurasoentzat ere badelako. Eskaerak euskaraz egin behar dituzte, orriak hala bete, txanponak kontatu eta … Azken finean, Euskararekiko sentsibilizazio handiagoa. Ikasleak ere ohartzen dira gurasoek “baino gehiago” badakitela, lagundu ahal dietela … Harreman polita da hori Bilbo inguru honetan, La Peña auzoan, gure ikastola kokatuta dagoen auzoan, non guraso asko ez den euskaraz mintzatzen” jarraitu du Andonik. “Zientzia arloa lantzeko ere interesgarria da Okindegia egitasmoa. Adibidez, legamiaren eragina, tenperatu aldaketarekin zergatik sortzen diren efektu ezberdinak esan izoztu, urtu edo lurrundu, esperimentaziorako ateak zabalik baitaude”.
“Bakarkako lana eta talde lana bultzatzen ditugu. Partaide sentitze horretan norberak talde barruan daukan arduraren jabe egingo da. Kopuru ezberdinetako taldeetan egiten dugu lan, beharrizanen arabera. Okindegiak ere talde lana eta taldekide izaera sendotzeko balio baitu. Talde batek zailtasunak baditu lana aurrera ateratzeko laguntza eskatzen du, eta talde handitik datorkio erantzuna. Talde handian ere erabakiak hartzen dira, adibidez, talde bakoitzak irabazitako diru kopuruaren batuketarekin zer egingo den, zertan “inbertituko” den behin gastu guztiak ordaindutakoan. Hortaz, talde txikien lanaren batuketak gehitu beharko dira; aurreko taldeek lanean lagunduko dituztelakoan” esan zigun Andoni Lupiañezek.
Ostiral arratsaldetan kaldereroak, iñauteriak, edo eta tarteka festaren bat ez badago, Abusu Ikastolan 46 ogi-opiltxo salgai daude HHko hegalean, bokatarako aproposak, irin ekologikoa erabilita, 4-5 urteko haurrek egindakoa. Eskaera egiteko orritxoa euskaraz bete beharko duzu, “eskerrik asko” hitzarekin idatzitako zapitxoan jasoko duzu, irribarre handi batekin, hurrengo astean berriro ere erostera anima zaitezen, interesatuta baitaude horren irabaziarekin txangoa egingo baitute Argitxoren mundu magikora!!!