IKASTOLA 212 > ikastolak > TXIKIENAK ANTZERKIA LANTZEN IKASTOLAKO ORDUTEGIAREN ONDOREN

Orio Herri Ikastola

TXIKIENAK ANTZERKIA LANTZEN IKASTOLAKO ORDUTEGIAREN ONDOREN

Estatu Batutik itzuli da Amaia Lizarralde HHko umeen  antzerki tailerrak eskainiz, oraingoan Orioko Ikastolan. Lehen saioaren arrakasta ikusita, bigarrena antolatuko dute Otsailerako. Ipuina “bizitu” dute parte hartu duten 72 haurrek, kanguruaren, elefantearen, Txanogorritsoren, otsoen eta pertsonai klasikoen paperetan sartuta, fantasian murgilduta, besteen aurrean ondo baino hobeto egin nahian, ongi pasatzeaz gain, harreman trebetasunak lantzeko balio baitu. Bi asteko tailerrak dira euskaraz zein ingelesez egin daitezkeenak. Emanaldia Orioko Kultur Etxean egin da. Sormena piztea, umeen fantasia bizitzea, espresio korporala lantzea eta hobetzea dute xede. Errepikapena, dizplina, hobeto egiten saiatzea, besteen aurrean lasaiago ibiltzea dira ondorio batzuk.

 

Xabier Lizasoren bidez iritsi zen Amaia Lizarralde Orioko Herri Ikastolara txikientzat tailerrak eskaintzera, biek sinetsita baitaude antzerkiaren bidez, musika, kanta eta dantzarekin komunikazio trebakuntzak lantzeko baliabide zoragarriak direla.

Tailerrak dira proposamena, bi asteko tailerrak, ikastolako ordutegitik kanpo, eskolaz kanpoko eskaintza modura. Orioko Ikastolan bi astez luzatu da ekimena, horietatik sei egunez entseguetan, eta azken egunean emanaldia, herriko Kultur Etxean pasatu dena. Gustura gelditu dira guztiak, horregatik bigarren tailer bat antolatu dute otsailean.

“Hiru eta sei urte bitarteko ikasleentzat izan da aukera, oraingoan euskarazko emanaldia, baina ingelesez ere egin liteke. Komunikazioa zein harreman trebetasunak lantzen dira, espresio korporala hobetzen dutelarik. Umeek beren aurrerapenaz ohartzeaz gain, talde lanaren garrantziaz ere jabetzen dira eta haien arteko harremanak indartu egiten dira emanaldiari begira. Horrekin ere auto-estima garatzen da, hobeto sentitzen dira, eta ziurtasun handiagoa dakarkie ”, kontatu digu Amaiak.

“Oraingo ipuinetako bat kanguru baten istorioa izan da. Oriotar kanguru bihurri batena. Jakin minez dago beti, lotara joateko ez du inoiz gogorik, eta gau batean ilargiraino bidaiatzen du. Hango edertasuna ikusita, amatxorentzat marrazki bat margotzen du gau osoan lanean arituta. Goizean, bere ohera itzulita, ama datorkio esnatzera, baina kanguruak ezin du ohetik altxa, leher egina baitago. Marrazkiarekin gogoratzen denean, orduan bai, orduan salto batean jaikitzen da amatxori oparia emateko”, segitu du Amaiak kontatzen. “Hogeita lau umek egin dute kanguruarena, eta ikusiko bazenu zeinen ongi moldatu diren elkarrekin, zenbat gozatu duten, eta zenbat barre eta jolas egin duten ... Esperientzia ederra izan da benetan guztiontzat.”

ikastola 212
2015 Otsaila
212