Kirikiño Ikastola, Bilbo
"GEHIEN HARRITU NAUENA, BIKTIMEK GORROTOA GAINDITZEKO ERAKUTSI DUTEN AHALMENA IZAN DA"
Horixe izan da ikasle baten iritzia. Adi-adian da Eusko Jaurlaritzak prestatu duen Hezkuntza modulu bat, Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiak bideratuta, eta biolentziari buruz mintzatzen da, hain zuzen ere, Euskal Herrian azken 50 urteotan bizi izan den gatazka du abiapuntu. Kirikiño Ikastolan landu da aurten programa hau, DBH 4. Mailan, Etika orduan. Bost puntutan oinarritzen da. Lehena da giza-eskubideak lantzea. Bigarrena, biktimak zer diren aztertzea, biktimak zentzu zabalean ikusita, alde batekoak zein bestekoak, guztiak kontutan izanik. Hirugarrena da, biktimen testigantza zuzena entzutea. Laugarrena enpatia da. Eta bosgarrena, elkarbizitzarako hori guztia bideratzea.
Ikasleen iritziak entzun nahi badituzue YOUTUBE-ko link hau erabiliz egin dezakezue: http://youtu.be/6e8tGgpB0Cw
Adi-adian da Eusko Jaurlaritzak prestatu duen Hezkuntza modulo bat, Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiak bideratuta, eta biolentziari buruz mintzatzen da, hain zuzen ere, Euskal Herrian azken 50 urteotan bizi izan den gatazka du abiapuntu.
Kirikiño Ikastolan landu da aurten programa hau, DBH 4. Mailan, Etika orduan. Adi-adian materiala publikoa da, eta bost puntutan oinarritzen da. Lehena da giza-eskubideak lantzea, eta horretan Aitorpen Unibertsala zer den azaltzen da. Bigarrena, biktimak zer diren aztertzea, biktimak zentzu zabalean ikusita, alde batekoak zein bestekoak, guztiak kontutan izanik. Hirugarrena da, biktimen testigantza zuzena entzutea. Bi aldeko bi biktima joan dira bakoitzak bere esperientzia pertsonala kontatzera. Batak ETAk hildako familiakoa zuen; besteak, GALek akatutakoa. Errealitate gordina. Bakoitza bere ikuspuntutik mintzatu da, biek azalpenak eman dituzte, eta ikasleen galderei erantzun. Biak bi egun ezberdinetan joan ziren ikastolara. Laugarren puntua da, enpatia. Eta bosgarrena, elkarbizitzarako hori guztia bideratzea, hau da termino eta sentimendu ugariren inguruan eztabaidatzea, mendekuaz eta gorrotoaz, inpotentziaz eta amorruaz, tristuraz, justiziaz, eta bestez.
Adi-adian programa eskola eta ikastola askotan zabaldu da. Kirikiñon, ordea, zerbait gehiago egin da guztia honen harira. Eta hori izan da abenduan eta urtarrilean gauzatutako bi tailer, non ikastolako 16 ikaslek hartu duten parte. Ikasleek bakarrik, irakaslerik gabe, eta Eusko Jaurlaritzatik etorritako adituekin. Tailerren esperientzia oraingoz bi eskoletan baino ez da egin, bata Eibarko Aldatze Eskolan, eta bestea, Kirikiñon. Aipaturiko ikasleek agiri bat sinatu zuten norberaren datuak babesteko. Tailerren helburua zen giza-eskubideak, biktimak, testigantza eta alde guztietako sufrimendua lantzea. Bertan erabilitako materiala publikoa da, eta Parlamentuan aurkeztu zen abenduaren 20an. Informazio guztia Bakegintza eta Bizikidetzarako idazkaritza nagusian dago, inor interesatuta balego.
Balorazioa galdetuta “Oso positiboa izan dela” erantzun digu Fausti Intxausti Kirikiño Ikastolako Etika irakasleak. “Ikasleekin banatzeko materiala egokia da, objetiboki ongi landutakoa, etorritako adituak zuzen aritu dira eta enpatia egin dute ikasleekin. Xedea zen gazteak elkartzea, informazio ugari eskaintzea, entzutea, partekatzea, galdetzea, eztabaidatzea, eta euren iritzia egitea, kontutan izanik 15 urteko gazteek hartu dutela parte, eta Euskal Herriko gatazka politikoa urrutitik bizi izan dutela, ez bada etxean entzun eta bizitakoa, edo ikastolan ikasitakoa. Oso esperientzia aberatsa izan da. Materialak jasotzen du Manuela Carmena, Jon Mirena Landa, Ramon Mujika eta Juan Maria Uriarteren iritzia, azken 50 urteotan gertatutakoaz. Eta xedea ere bada gazteek bizitutakoa lagunekin banatzea, familia artean banatzea, gaur egun sarean dituzten abantailak medio” kontatu ditu Intxaustik. Datorren urtean berriro ere programari jarraipena egingo diotela esan zigun “Ikastolako estamentu guztiek baikortasunez baloratu baitute esperientzia”.