IKASTOLA 212 > ikastolak > ZORTZI URTEKO AMETSETIK ESNATUTA DBHrako ERAIKUNTZA BERRIA

Garces de los Faios Ikastola, Tafalla

ZORTZI URTEKO AMETSETIK ESNATUTA DBHrako ERAIKUNTZA BERRIA

Inauguratu berri da eraikuntza, Tafalla berriko auzoan, AR-2 urbanizazioan, Udalak utzitako 4-654 metro karratuetaik 3.142,53 erabili dituzte. Ehun eta hiru ikasle elkartuko ditu, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan. Amaia Jaurrieta eta Juan Etxeberria izan dira arkitektoak, eta eraikuntzaren irizpideak oso ongi bete dituzte: espazioak autoregulatuak dira, hau da, ez dira gela itxiak baizik eta elkarrekin komunikatu ahal direnez malgutasunean irabazi da, argitasunean eta zabaltasunean ere. Instalakuntzen kokapenean eguzkiaren eta argiaren norabideak kontutan izan dira, biomasaren kontsumo energia aurrezteko helburuarekin. Guraso eta irakasleekin maiz elkartu dira euren xedeak behar bezala jasotzeko. Iritsi da amestutako eguna, eta ikastola berria inauguratu da.

 

 

 

 

Lau solairu ditu eraikuntza berriak. Azpiko semi-sotanoko planta, solairu nagusia eta gorako beste bi. Behe-behean frontoia sartu dute, gimnasiorako gela txiki bat eta apymarako lekua; goian altxa dituzte guztira eskolarako zortzi gela, irakasleena, areto nagusia, laborategia, liburutegia eta audiobisualetakoa. Beharrak ongi beteta daude, eta horrek liberatuko ditu La Planan dauden bi eraikuntzak non kokatzen diren HH eta LH. Azken urteotan oso justu ibili dira ezin kabituz, musika eta teknologia gelak ikasgelak bihurtuta non sartu ezinikan, baina hori bukatuko da.

1970-71 ikasturtean sortu zen Tafallako ikastola. Haserako urte haiek latzak izan baziren ere, gaitasuna izan dute beti aurre egiteko. 1985ean Garces de los Faios markesaren izenean Udalak lur-sail bat gehitzen dio ikastolari. 1986an Lehen Nafarroa Oinez ospatu zuten, “Oinez edo hegaz beti euskaraz” lelopean, eta lortutako diruarekin obra egin zuten ikastolan. Handitzen zihoazen neurrian, leku premia zela eta, 1997an bigarren Nafarroa Oinez-a ospatzera animatu ziren “Lan eta lan auzolan” lemapean. Arrakasta handiko festa izan zen, eta jasotako emaitzarekin, bigarren eraikuntza altxatu zuten DHH lehen promozioarekin hasita baitziren. 1998an eraiki zen bigarren eraikuntza hori.

Baina hura ere txikia gelditu zen, eta ikastolaren instalakuntzak handitu behar ziren derrigorrean, ez baitzegoen beste erremediorik. Non ordea? Ondoan ezin zen, lekurik ez baitzegoen, eta Udalarekin luze gestionatu ondoren, 4.654 metro karratu lortu zituzten hirugarren eraikina altxatzeko. Ez zen La Plana kalean lekurik izan, bai ordea Tafallako industrializazio gune berrian, AR-2 urbanizazioan. Hara ikasle zaharrenak mugituko zirela erabaki zuten, DBH hara bideratuko zutela. Horretarako hirugarren Nafarroa Oinez antolatu zen, “Hamaikan hamaika” lelopean. Hirugarrena ere arrakastatsua izan zen, obraren heren bat ordaintzeko tamainakoa.

Ametsa gauzatu da, azkenean. Hirugarren eraikuntzaren ateak zabalik daude dagoeneko, nahiz eta ikasleak ez diren irailera arte hara mugituko. Barruko altzariak sartzea falta direnez, Aste Sandu ondoren lekuz ez aldatzea erabaki dute, hilabete horietan ikasketetan ongi zentratuta egoteak merezi baitu. Ondorioz, 2015-2016 ikasturtearekin aterako zaio zukua obra berriari!

Otsailaren 7an inauguratu da ikastola berria. Ikasleak izan dira protagonista beraien etxe berrian. Uxue Alkuazez eta Idoia Sesmak dantzatu zuten aurreskua, Unai Martinez eta Beñat Alkuaz eta Iñaki Jaso txistulariekin lagunduta. Iñaki Sota ikastolako lehendakariak bere hitzetan azpimarratu zituen erronka, poza eta satisfazioa. Ametsa egi bihurtu da!

ikastola 212
2015 Otsaila
212