Armentia Ikastola, Gasteiz
PRODUKTU EKOLOGIKOAK, GARAIAKOAK ETA BERTAKOAK IKASTOLAKO JANGELAN
Lortzen duten kospostarekin ikastolako baratza zein lorategien mantenua aberasten da. Kalitatea igo nahi izan dute, gurasoen kuotarik igo gabe. Lantalde batek gidatzen du proiektua.
Bi urte dira aldaketa sakonak bideratu dituztela Armentiako jantokian, sukalde berria egokitu dutenetik. Urtea da produktu zehatz batzuk zuzenean erosten dizkietela lurraldeko hainbat nekazariri. Armentiako 430 ikaslek bertan bazkaltzen dute egunero prestatzen diren Arabako babarrun, dilista, patata, kuia, tipula edo porru ekologikoak. Horri gehitu behar zaio jantokian sortzen diren hondakin organikoak jasotzen direla, kalitatezko konposta lortzeko. Helburua da jantoki-zerbitzu duina eskaintzea, euskalduna, jasangarria, iraunkorra zein hezigarria eta, bide batez, ikasleekin gai ezberdinetan sakontzea, hala nola, elikadura, nekazaritza, aztarna ekologikoa, subirotasuna eta beste.
“Bi oinarri izan ditu Armentiako jantokiko aldaketak. Lehena izan zen lantaldea sortzea, zer motatako zerbitzua eskaini nahi genuen hausnartzeko; eta, bigarrena, obra egitea zeinetan sukaldea eta jangela goitik behera berritu genituen. Apustuak merezi izan du, zerbitzuaren kalitatea hobetu delako asko, gurasoen kuotarik ukitu gabe” kontatu digu Ibai Ruiz de Aretxabaleta arduradunak.
Gero eta ikasle gehiago ari zen bazkaltzera gelditzen, gero eta erabilera handiagoarekin. “430 ikasle dira gaur egun jantokiko zerbitzua erabiltzen dutenak, eta horientzat guztientzat zerbitzua hobetu behar genuen. 2013-2014 ikasturtean jarri zen proiektua martxan, eta aurten hori sendotzea nahi izan du Armentia Ikastolako jantokiak. Bada urte bete produktu zehatz batzuk zuzenean erosten ditugula lurraldeko nekazari batzuei, eta aurten kopurua igo egin da”.
Sukaldari bat dute, Jon Ander, bi laguntzailerekin batera. Goizeko zazpietan sukaldariak irekitzen du sukaldea, eta bederatzietarako laguntzaileak bertan dira. Hornitzaileak hamarrak baino lehen iritsi behar dute, hori guztia ongi antolatuta baitute planin eta ordutegiak barne, arauak eta sanitate kontuak fin lotuak. “Produktu ekologikoak, denboraldikoak eta bertakoak kontsumitzen ditugu bereziki, hala nola, Arabako babarrun, dilista, patata, kuia, tipula edo porru ekologikoak. Nekazari batzuei zuzenean erosten diegu produktuak, eta pozik gaude emandako aurre-pausuekin. Egia da batzuetan konplikatuagoa dela, hiri batean baikaude, eta ez herri txiki batean; eta zerbitzua handia dela, ia 450 lagunentzat”.
“Gure helburua da jantoki zerbitzua duina izatea, euskalduna, jasangarria, iraunkorra eta hezigarria. Esan behar dugu sukalde mota honek aukera ematen digula ikasleekin beste gai garrantzitsu batzuk lantzeko, hau da, elikaduraz jabetzea, nekazaritzaz ikasteko, aztarna ekologikoaz, subirotasunaz eta beste. Proiektu berean sartuta dugu jantokian sortzen diren hondakin organikoak egunero jasotzea, kalitatezko konposta lortzeko. Konpost horrekin ikastolako baratzea zein lorategiaren mantenua aberasten dugu. Handia da proiektua, eta ona zerbitzua” bukatu du esaten Ruiz de Aretxabaletak.