IKASTOLA 212 > ikastolak > ASMAOLA+PROIEKTUAREKIN, PRESTAKUNTZA HANDIAGOKO IKASLEAK

Politeknika Ikastegia, Txorierri Derio

ASMAOLA+PROIEKTUAREKIN, PRESTAKUNTZA HANDIAGOKO IKASLEAK

Fabrikazio mekanikoa, diseinua, materialak, automatizazioa, instrumentalizazio eta kontrola, eta forjaketa eta txaparen estanpazioa. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak eta Lehiakortasun eta Ekonomia Garapen Sailak sustatutako proiektua da.

 

2014-2015 ikasturtean, Ikastolen Elkarteko partaide den Politeknika Ikastegia Txorierri, ASMAOLA+eko Lanbide Heziketako ikastetxeen sareari atxiki zaio, bi helburu garbirekin: inguru sozioekonomikoa eta lanbide heziketaren kalitatea hobetzea. Enpresa txiki eta ertainei, ETEei, beren lehiakortasuna hobetzen laguntzeko xedez, TKgune ASMAOLA+ izeneko proiektua abiatu da. Horretarako aliantza estrategikoa eratu da zortzi LH ikastetxeren artean, fabrikazio aurreratuaren eremuaren baitan. 

“Irabazi-Irabazi” proiektua

Proiektu honetako ildo nagusien sorburua Europar Batasunak azaldutako kezka handi bat da, alegia, enpresa txiki eta ertainek berrikuntza planen eremuan duten gabezia. Euskadiri dagokionez,  industriak nabarmen egin du aurrera azken urteotan, eta ETEak (enpresa txiki eta ertainak) zailtasun handiak izaten ari dira aurrerapen horrek sortutako eskariari erantzuteko. Errealitate industrial horretatik abiatuta, eta arazo hori konpontzeko aukera gisa, pentsatu da lanbide heziketako ikastetxeak –beren hurbiltasunari esker- funtsezko eragile aktiboa izan daitezkeela ETE horiei laguntzeko, bai berrikuntzaren alorrean eta bai haien produktu/prozesuaren hobekuntzaren alorrean. Enpresen eta ikastetxeen arteko lankidetza horrek irauli egingo du lanbide heziketako ikastetxeen oraingo rola, irakasleen prestakuntza eta ikasgelako edukiak eguneratuz. Azkeneko helburua prestakuntza handiagoko ikasleak lortzea da, lan-merkatuaren eskakizunei hobeto erantzun ahal izateko.

Orain arte, LH ikastetxeek betetzen zuten rola hauxe zen: alde batetik, enpresei pertsonal titulatua eskuratzea; bestetik, prestakuntza teknikoa eskaintzea jardunean dauden langileei eta langabeei. Hala eta guztiz ere, eta ETEei beren lehiakortasuna hobetzen laguntzeko xedez, TKgune ASMAOLA +. izeneko proiektua abiatu da.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak eta Lehiakortasun eta Ekonomia Garapen Sailak sustatutako proiektu hau helburu zehatz batez sortu da, alegia, produktu/prozesua berriztatzen eta/edo hobetzen laguntzea sektore industrialeko ETEei. Horretarako, aliantza estrategiko bat eratu da 8 LH ikastetxeren artean. Hala, IMH Fundazioak (Makina Erremintaren Institutua) koordinatuta, ikastetxe horiek fabrikazio aurreratuaren espezializazioaren baitan metatutako ezagutza eta sortutako azpiegitura osoa jarriko dute makina-erremintako ekoizle eta erabiltzaileen eskuetan, eta baita ETE industrialen eskuetan ere.

Fabrikazio aurreratuaren eremuaren baitan, ASMAOLA+ alor hauetan dago espezializatuta: fabrikazio mekanikoa, diseinua, materialak, automatizazioa, instrumentalizazio eta kontrola, eta forjaketa eta txaparen estanpazioa.

Politeknika IkastegiaTxorierri, ASMAOLA+eko gainerako ikastetxeekin askotariko proiektuetan kolaboratzeaz gain, trokelgintza edo estanpazio sektorean espezializatuko da, orain arte egin duen bezala. Besteak beste, proiektu hauei helduko die: produktuaren azterketa/diseinua CAD sistemetan; hotzeko eta berotako estanpazio-prozesuen simulazioa, FEMen bidez; fabrikazio-prozesuen automatizazioa eta hobekuntza; eta azkeneko piezaren egiaztapen digitala, merkatuko teknika berrienen bitartez.

Hori ez da lan samurra izango,  zeren dedikazio handia eskatzen baitu. Horregatik, ikastetxe bakoitzak osoko dedikazioaz jardungo duen koordinatzaile bat izango du (LH Sailburuordetzak finantzatuta),  helburu hauek betetzeko: berrikuntza aplikatuari buruzko aholkularitza teknikoa ezagutzera ematea eta ETEei eskaintzea, enpresen sormena bultzatuz eta proiektu berrietara bideratuz; langileei prestakuntza aurreratua eskaintzea, eta ekintzailetza industriala aholkularitza teknikoaren bidez sustatzea, bai enpresa-proiektua hasi aurretik eta bai proiektua garatzen den bitartean.

Konpromiso horretara iristeko, beharrezkoa izan da arduradun horiek prestatzea, bai enpresa-errealitatea hurbilagotik ezagutu dezaten eta bai proiektuei modu bateratu eta eraginkorrean heldu ahal diezaieten. Beste alde batetik –eta hau ere garrantzitsua da-, honelako proiektuek interferentziak sor ditzakete enpresen ekoizpen-lineetan, eta, hortaz, planteatutako zeregina oztopatu dezakete. Horregatik, LH ikastetxeen baliabide teknologiko guztiak ETEen esku jarriko dira, beren proiektu berrien bideragarritasuna ahalbidetzeko eta hobetzeko. 

ikastola 212
2015 Otsaila
212