Garces de los Fayos Ikastola, Tafalla
"ZIDAKOS" DA EZAGUTZAK APLIKATZEKO BERRIKUNTZA PROIEKTUA
Ikasleen bizitzarako Konpetentziak eskolan lantzeko eta ebaluatzeko bide bat sortu behar zela ikusita, NIEk BLOK izeneko proiektua jarri zuen martxan, 2009an. Guk marko horretan lantzen ditugun proiektuei ZIDAKOS izena jarri diegu. Ikasitakoa aplikatzeko diseinatzen dira, testu-inguru batean lantzen, jardueretan oinarritutako metodologiarekin eta, azkenik, ebaluatzen dira.
“Ikasleen bizitzarako Konpetentziak lantzen ditugu proiektuen bidez ikastolan, eta horri ZIDAKOS izena jarri diogu. Ikastolak ez du bakarrik ikaslea geroko bizitzarako prestatu behar, oraingorako ere bai egin behar du, ikastola bera bizitza baita. Guk deritzogu bizitza dela Tafalla ikastolan bertan gertatzen dena, eta horregatik ikastolako profesionalok bizitzaren aurrean jartzen gara proiektuak garatzen” esan digu Kontxi Aranaz zuzendariak.
“Tafallako ikastola Europarako eskakizunetara egokitu da, 2007z geroztik, eta horrela proiektu interdiziplinarrak garatu ditugu ikasle konpetenteak izateko.
1- BLOK proiektua da NIEn, eta ZIDAKOS da gure ikastolaren parte-hartzea.
2.006 urtean, Europako Komisioak konpetentzien (key competences) zerrenda bat proposatu zuen bizitza osorako irakaskuntzaren (Life Long Learning) ardatz gisa. Oinarrizko Zerrenda horretan oinarriturik, Nafar Komunitatearen Gobernuak bere proposamena egin zuen idatzitako curriculum legean (2007). Gutxi gora behera honako hau dena:
OINARRIZKO KONPETENTZIAK (OK)
1. Hizkuntza komunikaziorako gaitasuna.
2. Matematikarako gaitasuna.
3. Zientzia, teknologia eta ingurumenaren zaintzarako gaitasuna.
4. Informazioaren tratamendua eta gaitasun digitala.
5. Gaitasun soziala, eta aisiarako, kontsumo arduratsurako eta osasunaren zaintzarako gaitasuna.
6. Gaitasun kultural eta artistikoa.
7. Ikasten ikasteko gaitasuna.
8. Autonomia, ekimen pertsonala eta garapen emozionala.
Konpetentzia horiek eskolan lantzeko eta ebaluatzeko bide bat sortu behar zela ikusita, Nafarroako Ikastolen Elkartearen (NIE) zuzendaritza pedagogikoak BLOK izeneko proiektua jarri zuen martxan BLOK
Ikus (https://sites.google.com/a/nieikastolak.com/bl-ok-bateratze-lanak---oinarrizko-konpetentziak/home)
BLOK izenak proiektuaren estrategia eta helburuak bildu nahi ditu, hala:
+ Helburuak dira Oinarriko Konpetentziak lantzea eta ebaluatzea (OK)
+ Estrategia da Bateratze Lanak (BL)
Egitasmo honen zuzendaritza, sustapena eta ardura Nafarroako Ikastolen Elkarteak (NIEk) hartzen ditu bere gain. Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU/UPV) Cudea ikerketa taldeak parte hartzen du aholkularitza lanetan eta, bereziki, Jesus M. Goñi Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslearen bitartez.
“Guk bertan parte hartzea erabaki genuenerako BLOK proiektuak egina zuen bere bidea. Proiektu horren sorrera 2009. urtean koka daiteke, eta gu 2012. urtean elkartu ginen lan horretara ordurako zeuden beste ikastolekin, hau da, Lizarra, Viana eta Etxarrikoekin. BLOK proiektuaren helburuak eta estrategia egokiak ikusten genituelako erabaki genuen bertan parte hartzea. Gure ikastolan proiektuak garatzeko konpromisoa eta ekimena hartu genuen, eta horri ZIDAKOS izena jarri genion” jarraitu du Kontxik kontatzen.
2.- Bateratze Lanak (proiektu pedagogiko berezituak).
Bateratze Lanak dira gela mailan Oinarrizko Konpetentziak lantzeko eta ebaluatzeko asmoz sorturiko proiektuak.
Proiektu hauen ezaugarri nagusiak honako hauek dira:
· Ikasitakoa aplikatzeko diseinatzen dira
BL delakoen bidez ez da ezagutza berria eraikitzea bilatzen, hemen asmoa bestelakoa da, alegia, dagoeneko ikasleek dakitena aplikatzen ikastea da. Gure ustez, kontuan izanik, eskolak helburu duela ezagutza horiek non eta nola aplika daitezkeen erakustea. ezagutzak emateaz gain.
· Ezagutza desberdinen integrazioa eskatzen dute
BL-tan ikasi beharko da UD-koetan era analitiko edo isolatuan ikasi dena modu integratu edo koordinatu batez erabiltzen. Beraz. BL-ek ikasgaien arteko mugak gainditzen dituzte.
· Testu-inguru eta egoera-familia jakin batean lantzen dira
BL-tan testuinguru edota egoera-familia berri batean egingo da beti (ikasleak ezagutza eraikitzeko erabili ez duen batean). Adibidez: hirigintza, kontsumoa, garraioak, kirola, populazioa, artea eta abar.
· Jardueretan oinarrituriko metodologia jarraitzen dute
BL-ak eskatzen du jardueretan oinarrituriko metodologia; alegia, ikaslearen autonomia eta iniziatiba sustatu nahi direnez, ikasleari dagokio protagonismoa eta ardura hartzea proiektuaren jarduerak egiteko garaian. Hortaz bilatzen dena da ikasleak bakarrik egin dezan proposatzen zaion jarduera bakoitza.
“Mota honetako proiektuak konpetentziak lantzeko eta ebaluatzeko bide egokia direla ikusi dugulako gaude BLOK proiektuan, eta Oinarrizko Konpetentziak gure ikastolako curriculumean sartzeko estrategia aproposa deritzogu” dio Kontxik.
3.- Noiz eta zenbat denbora
BLOK proiektuaren arduradunek erabaki genuen kurtso bakoitzean bi BL egitea, proposaturiko aholkua onartuz. Hortaz ohiko curriculumak markatzen duen ildoa ikasturtean bi aldiz eteten da: lehena bigarren hiruhilabetekoaren hasieran, eta bigarrena hirugarren hilabetearen hasieran.
BL bakoitzaren iraupena honako hau da: ikaslearen lan orduetan koka daitezke, 10-15 ordu kopuruaren tartean, eta aste batean ikasleak ikastolan 28 ordu inguruan egoten direnez, BL bakoitzak aste baten ordu guztien erdia edo betetzen duela esan daiteke. Urtean bi bider egiten dugunez, aste oso baten denbora da BL-ak egitea suposatzen duena.
4.- Oinarrizko konpetentzien ebaluazioa.
BLOK proiektuak ebaluatzea ere hartzen du bere gain, Oinarrizko Konpetentziak lantzeaz gain. Ebaluazio hau BL bakoitzean egiten da Porfolio (karpeta) baten bidez non ikasleek eginiko lanak biltzen dituzten. Ikasturtearen bukaeran Oinarrizko Konpetentziak ebaluatzen dituen informea prestatzen da gurasoei bidaltzeko, ikasturtean egiten diren bi BL-en informazioa bilduz.
5.- BL-ren zerrenda
“Dagoeneko Haur Hezkuntzatik hasita (5 urtetik) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaraino (DBH2) proiektuak gauzatuak ditugu, baita horietako zati bat ere gelan aplikatuak eta ebaluatuak. Hona hemen dagoeneko egina dauden proiektuen zerrenda
HH3.- Eguzkia aterako ote da?
Herriko jaiak
LH2.- Jolasa gure solasa
Uitzira kanpaldia
LH4.- Mundua gure etxe maitea da, zaintzeaz eta hobetzeaz arduratzen
Nire ohitura onak sustatzen
LH6.- Patioa euskalduntzen I eta II
DBH1.- Osasuntsu bizi al naiz?
Nolako klima, urak halako balioa
DBH2.- Tafalla euskalduntzeko publizitate kanpaina.
Horiek kontatuz amaitu genuen Kontxi Aranaz zuzendariarekin elkarrizketa.