Andra Mari Ikastola, Zornotza
"GOLDEN 5" BETAURREKOEKIN GELARA, IRAKASLE ETA IKASLEEN HARREMANA SENDOTZEKO
"Golden Betaurrekoekin" gelan sartzeak dakar positiboa indartzea eta negatiboa ahultzea edo gutxitzea. Gelaren giroa lasaitzea, eta klase ordua erraztea.; harremanak hobetzea eta, ondorioz, ikasleen motibazioa eta parte-hartzea areagotzea.
Izenak atentzioa hartzen du, hezkuntzarekin ez baita erraz lotzen. Programa hau teoria psikologiko zein ikerketa sendoetan oinarritzen da, eta helburu ditu irakasle eta ikasleen arteko harremana sendotzea, gelako kudeaketa eta giroa hobetzea eta ikasleen errendimendua indartzea. Era baikor batean atribuzio positiboak eginez, modu sistematiko batean estrategia bereziak erabiliz, bakarka eta taldean eginez, ondorio eraginkorrak izango ditu pertsonarengan eta taldearengan. Zornotzako ikastolan hala frogatu dute.
Golden 5 izen arraroa da, eta erraz ez denez hezkuntzarekin lotzen, Aimara Arostegi zuzendariarengana jo dugu argitasun bila. Irribarretxo bat egin digu, eta saiatu da era sinplenean eta ulergarrienean azaltzen. Golden 5 hezkuntza programa bat da, eta xede du ikasgelan irakasleak lan egiten duen era berrikustea; hau da, irakaslea jabetzea zein garrantzitsua den bere portaera ikasleen aurrean, euren motibazioa, errendimendua eta autoestima hobetzeko.
Teoria psikologiko eta ikerketa sendoetan oinarritzen da.
Eta helburu zehatz hauek bilatzen ditu. Batetik, gelako kudeaketa hobetzea, irakasle eta ikasleen arteko harremanak sendotzen, gelako giroa hobetzen eta, bide batez, ikasleen errendimendua indartzen.
Zertan oinarritzen den galdetu diogu Aimarari. Erantzuna argia da, "pertsona batekiko egiten ditugun atribuzioak eragin zuzena dute pertsona horrengan. Guk ikasle batetaz esaten badugu "alferra dela, matematiketan huts dela"... eta hark behin eta berriro gauza bera entzuten badu, horrek bere autoestimuan eragin zuzen-zuzena izango du. Aldiz, esaten badiogu "saiatzen bazara hurrengoan lortuko duzu; zeinen ongi kontatu duzun ipuina; oraingoan bai!!!", hau da, atribuzio positiboak egiten baditugu, eta hauek taldean eraikitzen badira, jarrera horrek taldea hobetuko du.
Golden 5 programarekin bost esparru landu daitezke. Bat, gelako kudeaketa sendotzea da. Bi, harremanak eraikitzea. Hiru, ikaskuntza doitua edo aprendizaje ajustado egokitzea. Lau, giro soziala bideratzea, eta bost, familia-ikastola harremanak bultzatzea. Horiek lantzeko urrats edo estrategia batzuk martxan jarri behar dira. Zein estrategia? Bada, adibidez, “Arreta”: Portaera positiboak edota ikasleek errepikatzea nahi ditugun jokabideetan arreta jarriz eta horiek goraipatuz. “Proaktibitatea”: Gatazkei maila baxuan aurre eginez (pribatuan, ahots baxuan, klasea hasi aurretik edo ostean berarengana hurbilduz, hitz eginez). “Urrezko uneak”. Hau da, ikaslearekiko interesa agertu beste ikasleen aurrean, eskolarekin zer ikusirik ez duen gai batean, ikaslea bera aurrean dagoela eta bera ongi sentiarazten.
Esparru bakoitzak pausu edo estrategia kantitate bat du, era sistematikoan eta kontzientean aplikatuz gero, irakaslearen abilidadeak hobetzen dira eta, ondorioz, ikasleriarengan eragina dute.
Honen guztiaren ERREGISTROA daramagu. Erregistroa diozu? Bai, gizakiok, orokorrean, ez gaudenez betaurreko positiboak erabiltzera ohituak, ohitura hartzeko helburuarekin erregistroa daramagu, egiten dugunaren ziurtasuna edukitzeko. Programa hau ikasle guztiei aplikatu behar zaie eta sistematikoki gela osoarekin egin behar da. Programa hau aurrera eramateak suposatzen du gelara “ GOLDEN BETAURREKOEKIN” sartzea, hau da positiboa indartzea eta negatiboa ahultzea edo gutxitzea. Andra Mari Ikastolan programa honen berri izan genuen Berritzegunearen eskutik, Mari Jose Lera da Sevillako Unibertsitateko“Psikologia ebolutiboan” doktorea eta psikologia irakasleak emandako hitzaldian entzunagatik. Berak GOLDEN 5 programaren ardura darama mundu mailan Noruega, Danimarka, Frantzia, Palestina... eta beste herrialdeekin batera, besteak beste.
Gure ikastolan, Lehen Hezkuntzako irakasleek programa hau baloratu ondoren erabaki zuten gela baten esperientzia pilotua martxan jartzea. Helburua zen Gelaren kudeaketa esparrua indartzea, errotutako hainbat ohitura ekidin, eta ikasleen arteko harremanak indartu nahian. Faktore horiek baitira sarri arazo.
Eta, 2012-2013ko ikasturte bukaeran lanaren uzta batu genuen, eta hauek dira ondorioak: gelaren giroa lasaitu egin zen, arreta denbora luzatu zen, eta horrek klasea ematea erraztu zuen. Ikasle eta irakasleen arteko harremanak hobetu ziren, eta bide batez, motibazioa eta parte-hartzea areagotu ziren.
Esan behar da ikasturte bukaeran gela horretara sartzen ziren beste irakasleek ere nabaritu zutela gelak izandako aldaketa, eta horrela programarekiko interesa piztu egin zen. Izandako esperientzia pilotuaren berri eman ondoren, 2013ko irailean programa Lehen Hezkuntzako ETAPA OSOAN ezartzea erabaki genuen. Mari Jose Lera ikastolara etorri zen klaustro osoari programa ezagutarazteko, eta hortik aurrera Berritzegunean ditugun mintegian parte hartuz aurrera goaz astiro, gure abileziak indartuz, eta gogoz aurrerantzean dugun erronka berri honen aurrean.
2014-15 ikasturtean programa hau Haur Hezkuntzako etapan martxan jarri dugu eta DBH-ko etapan ere lehen pausuak ematen ari gara.