IKASTOLA 212 > ikastolak > "FIVE DAYS TO DANCE" PROIEKTU PEDAGOGIKO BERRITZAILEA INGELESEZ

Pasaia Lezo Lizeoa

"FIVE DAYS TO DANCE" PROIEKTU PEDAGOGIKO BERRITZAILEA INGELESEZ

DBH-3ko ikasleen egitasmoak lau sustatzaile edo eragile izan ditu. Batetik, Lizeoa bera, eta proiektuaren sortzaile De LooPERS-dance2gether elkartea. Bestetik, Ikuska Pasaiako Film Laburren Lehiaketa eta Donostia 2016.

Bost eguneko saioetan, dantza ardatz hartuta eskola orduetan, eta Donibaneko kiroldegian, ikasleek oinarrizko konpetentziak eta baloreak landu dituzte:  Auto-konfiantzan eragitea, ikasleek beraiek onartuak dituzten rolak zalantzan jartzea, elkarrenganako ezagupena bultzatzea, edota elkartasunaren garrantzia azpimarratzea, besteak beste. Eta hori guztia, ingelesez. To marka!

Atzerritik gurera egokitutako egitasmo pedagogiko berritzailea, Five days to dance egitasmoak lau sustatzaile edo eragile izan zituen. Batetik, Lizeoa bera, eta proiektuaren sortzaile De LooPERS-dance2gether elkartea. Bestetik, Ikuska Pasaiako Film Laburren Lehiaketa eta Donostia 2016. Azken horrek egitasmoa babestu eta diruz lagundu zuen, arras interesgarria dela iritzita, eta, hala, hezkuntza arlora hedatzeko asmoa du.

Ikuskaren azken edizioan, berriz, Five days to dance dokumentala eman zuten azaroaren 16an, eta, astebete beranduago, Lizeoko ikasleek San Pedroko Ontziolan egindako saio hunkigarriarekin bukatu zen laburmetrai sariketa nahiz proiektua bera.

Baina amaiera bezain garrantzitsua, edo are garrantzitsuagoa, izan zen horra iristeko prozesua; alegia, bost eguneko eskola orduetan, eta Donibaneko kiroldegian, ikasleek egindako saioak. Gogorrak izan ziren saioak, hunkigarriak eta aberasgarriak ere bai. Baina, batik bat, emankorrak, oso emankorrak. Dantza ardatz hartuta, ikasleek oinarrizko konpetentziak eta baloreak landu zituztelako egun haietan: auto-konfiantza eragitea eta ikasleen arteko komunikazioan laguntzea, ikasleek beraiek onartuak dituzten rolak zalantzan jartzea, elkarrenganako ezagupena bultzatzea edota elkartasunaren garrantzia azpimarratzea, besteak beste. Eta hori guztia, ingelesez. To marka!

Ez ziren gutxi izan, jakina, bidean topaturiko zailtasunak. Ikasle askorentzat honakoa izan baitzen dantzarekin izandako lehen harremana, baita musika eta arte garaikidearekin ere. Baina, esan bezala, askotariko testuinguru edo egoerek eskatutako jakintza, trebetasunak, jarrerak eta baloreak batzeari esker oinarrizko gaitasunak bereganatzeko aukera izan zuten, eta, era horretara, pertsona gisa garatzeko eta herritar aktiboak izateko nahiz gizarteratzeko bide izan.

Proiektuaren baitan, ikasleek Isiltasunaren ahotsa koreografia garatu zuten; munduan haurrek jasaten duten esplotazioa eta esklabutza salatzen duen lana. Gaia bera gogorra izanagatik, proiektu honekin bizi izandako esperientziaz pozik mintzo dira ikasleak. “Gure arteko elkarlanari esker, aurreikuspenak bete genituen”, dio Amaia Eguren ikasleak. “Asko kostatu zitzaigun, bai, baina lortu genuen”, erantsi du Ander Iñarrak. Proiektua mesfidati samar hasi zutela aitortu baitute; errezeloz begiratzen ziotela aurkezturiko erronkari. “Ez genuen uste eskatzen zitzaiguna lortuko genuenik aste bakar batean”, adierazi du, adibidez, Nerea Intxaustik. “Baina gu geu askatzen joatea izan zen gakoa; norbera izatea, ondoko kideak pentsa edo esan dezakeenari beldur izan gabe, horren menpe egon gabe”.

“Aurreiritziak bertan behera uzteko, beraz, oso proiektu baliagarria da”, ondorioztatu du Intxaustik berak. “Esperientzia berria, eta ikasteko modu ezberdina”, Ander Iñarraren esanetan. “Oso gomendagarria, eta errepikatzeko modukoa”, Amaia Egurenen hitzetan. 

ikastola 212
2015 Otsaila
212