IKASTOLA 212 > ikastolak > ERRONKA BERRIARI EKIN DIO, MOTRIZITATE SAIOAK ERA SISTEMATIKOAN

Jakintza Ikastola, Ordizia

ERRONKA BERRIARI EKIN DIO, MOTRIZITATE SAIOAK ERA SISTEMATIKOAN

Arrastaka lau oinetan karrerak eginez ibiltzen gara, brakeazio ariketak egiten ditugu bularra zabaltzeko eta oxigeno gehiago garunera iristeko, txilipurdiak maite ditugu, birak eta birak … zeinen ongi pasatzen dugun. 

Hainbat estudioen arabera motrizitateak umeen garapenean duen garrantzia ikusirik Jakintza ikastolak erronka berri bati ekin dio, motrizitate saioak era sistematikoan ezarri baititu LH 1. eta 2. mailako ikasleentzat. Doman adituak hiru konpetentzia garatzea proposatzen ditu, hala nola mugikortasunaren-konpetentzia, esku-konpetentzia eta oreka-konpetentzia, eta horiekin lotuta dauden ariketak eginez garunaren estimulazioa, birikena eta umeen autonomia lortzen dira eta, gainera, oso garrantzitsua dena, horretan ere oso ondo pasatzen dute.

Mugikortasun-konpetentziaren helburua da eskumako belarria, eskua, begia eta hanka, edo ezkerrekoak berdin,  ziurtasunez erabiltzea, garunaren garapena sendotzeko.

Era berean hori eginez lortzen da modu egokian lantzea indarra, arintasuna, arnas aparatuaren efizientzia, koordinazioa, garunaren estimulazioa eta begi-konbergentzia. Horretarako ikasleak arrastaka, lau-oinetan edo karrerak eginez ibiltzen dira.

Esku-konpetentzia lortzeko brakeazio ariketak egiten dituzte. Oso ariketa onak dira bularra zabaltzeko, era horretara birikak garatzen baitira eta garunera oxigeno gehiago iristen da, eta, era berean, esku-presioa lantzen da. Idazketarekin zerikusi handia du esku-konpetentzia garatua izateak.

Oreka-konpetentzia lortzeko ariketa anitzak erabiltzen dira, adibidez, ariketa bestibularrak, birak, txilipurdiak egiten dituzte, eta horiekin umeen autonomia garatzen doa.

 

Hori guztia lortzeaz gain, ondo pasatzeak ere ez al du bere garrantzia?

ikastola 212
2015 Otsaila
212