Ikastolak, Ikastolen Elkartea
LANPOSTU ETA LAN BALDINTZEN AKORDIOA, JASOA
Lanpostu eta Lan baldintzen egonkortasunerako akordioa, lan araudian jasoa.
2014ko azaroaren 3an argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Lan Hitzarmenaren Aldaketa Partziala. Argitalpen honek, negoziaketa prozesu luze bati amaiera ofiziala ematea suposatu du, nahiz eta benetan ikastolen titularren eta Mahai Negoziatzailean gehiengoa duen LAB sindikatuaren artean 2013ko azaroaren 26an “Ikastoletako lanpostuen lan-baldintzen egonkortasunerako akordioa” sinatu zela ia urtebete pasa izan.
Izan ere, 2010eko uztailan Eusko Jaurlaritzak aldebakarrez finantzaketa publikoan ikastoletako langileen soldaten murrizketa erabaki zuenetik, ezinegon giro bat bizi izan da ikastola askotan, ikastolen egoera ekonomiko larria eta langileen eskubideak bermatu ahal izatea uztartu ahal izateko.
Prozesu luze eta zaila izan da hau, alde guztien ahalegina eskatu duena, bai ikastoletako titular diren familien aldetik eta baita langileen aldetik ere, esfortzu gehigarriak eta malgutasun ariketak berrituz. Baina lortu da, eta egoera zailenetan ere, elkartasuna eta kohesioa gure berezko ikur direla erakutsi du ikastola komunitate osoak.
Horregatik, beraz, Ikastolen Elkarteak zorionak eman nahi dizkie ikastola guztiei eta gehiengo sindikala duen LAB sindikatuari.