Anoeta Herri Ikastola, Anoeta
KILOMETROAK-etan 2014ko ERRONKA BANDERA ANOETARA
Anoetako Herri Ikastolak irabazi zuen Orion egin zen ERRONKA lehiaketako bandera.
ERRONKA-k izan dira lau Ikastola Jaietan egin diren ospakizun garrantzitsuak, iaz Tolosako Kilometroak-en sortu zen ekintza berezia, zeinean arrakasta halakoxea izan zen, non beste lurraldetara zabaldu baita aurten, hala nola, Ibilaldian, Araba Euskaraz-en eta Nafarroa Oinez-en. Erronka lehiaketa abiarazteko xedeak izan ziren, besteak beste, 14-16 urte bitarteko gazteei programan ekintza berezia eskaintzea, eta, bide batez, ikastolei zein gazteei, protagonismoa ematea. Urtebete ondoren helburu hauek ongi baino hobeto bete dituela esan daiteke.
Anoetako Herri Ikastolak irabazi zuen, urriaren 5ean, Orion ospatu zen ERRONKA lehiaketako bandera. Aurretik lan fina egin zen herri ikastolan. Hasteko, parte hartuko zuen Taldearen eraketa. Ekainean, bozketa bidez, DBH 2. eta 3. mailetako ikasleen artean, parte hartzaileak nortzuk izango ziren aukeratu ziren, Anoetako eta Irurako 4 neska eta 4 mutil izango zirenak. Irailean, berriz, kapitainak izendatzeko garaia iritsi zen. Ikasleek horrela aukeratuta Xabi Tolosa eta Maider Mendizabal pilotariak izan dira aurtengo kapitainak. Lan finari jarraituz, azken egunetan, hainbat bilera burutu zituzten proben berri izan eta ardurak banatzeko. Joan aurretik entrenamendu txiki bat ere egin zuten (bereziki tokan hobetu asmoz).
Egun ederra Kilometroak-ena
Gogotsu abiatu zen autobusa goizeko zortziak eta laurdenetan Anoetako plazatik Irurako kaleetan barna. Ia 40 lagunen babespean iritsi ziren taldekideak Oriora.
Euri artean jokatu zen kapitainen proba, txukun eta ondo aritu ziren bi kapitainak, 5. geratu baitziren 20 ikastolen artean. Proben aukeraketan Globinkana eta Mosaikoa aukeratu zituzten. Bi proba hauetan lehenengo geratu ziren Anoetarrak eta Irurarrak, eta beraz, finalerako txartela eskuetan zuten jada!
Ondo bazkaldu eta gero, beste hiru finalistak ateratzeko proba bat jokatu zen, eta horrela Laskorain, Aranzadi eta Haztegi Ikastolek ere finalerako txartela lortu zuten.
Finaleko ordua iritsi zenean, autobideko zubi ingurua jendez lepo zegoen, eta Anoetako ordezkarientzat ez zen ondoegi hasi finala. Atzekoz aurrera egin behar izan zituzten piragua eta baltsen probak, baina tirolona gogor baten ondoren, ERRONKA bandera jaso eta txapeldun berriak bihurtu ziren. Hura astintzearekin, egun osoan pilatutako tentsioa, poz eta alaitasun bihurtu ziren.
Hurrengo astean ongi etorri xume bat egin genien, bai Anoetako Herri Ikastolan bai Irurako ikastolan, Erronka probako irabazleei, eta txalo beroz hartu genituen.
Zorionak egindako lan bikainagatik!