Txintxirri Ikastola, Elorrio
SINTONIAZ EGINDAKO ERAIKIN BERRI GOXOA
Lehen ziklorako eraikin berria jaso dute.
HH 0-6 etapa osoko marko teorikoa markatu dute azken urteotan, eta gogoeta horren ondorioa da aplikazioan gehiago sakontzea. Aldaketak behar ziren egin, eta aukerari ateak zabalduz, HH - Lehen ziklorako (0-2 urtekoentzat) eraikin berria jaso dute, inguruko sentsibilizazioari lotua, Konfiantzaren Pedagogian oinarrituta. Bigarren zikloan ere, betiko eraikinean, egokitzapenak eta margo lanak egin dituzte.
Ikasleak goxotasunean heztea da xedea, zentzumenen bidez ikastea, ikusmena, entzumena, dastamena, ukimena eta usaimenaren bidez jardutea, Elorrioko inguruak aukera hori eskaintzen baitu; sasoian-sasoiko produktuak aprobetxatuz eraikina bera egokitu dute balore guzti horiek integratzeko. Negutegia zegoen tokian, hantxe altxatu dute eraikin berria. Egurrezko eraikina da, non umeen ongizatea balore handia duen. Txoko guztiak aprobetxatu dira ikasleek behar duten goxotasuna izan dezaten. Egitura bera profitatu da era zabalean erabiltzeko, ikasteko eta jolasteko, hezteko eta hasteko … gozatzeko!
Talde lana ohikoa dute Txintxirrin, estiloan eta filosofian, eta oraingoan ere hala izan da sintonian atera baitute obra hau aurrera. Guraso eta irakasleek lan taldea osatu eta proiektuaren nondik norakoak aztertzen eta bideratzen ibili dira, ideiak uztartuz eta erabakiak hartuz. Talde lan indartsuaren ondoren, nor bere egitekora murgildu zen. EGOIN enpresarekin eraiki dute, eta OREKA TALDEA ibili da arkitekto lanetan. Taldeak detaileak zaindu ditu, garbiketaz gain, eskuz egin baitituzte hainbat jolas, hola nola artile naturalarekin jositako panpinak, eta abar.
Zuriñe Zorrozua zuzendariak kontatu digunez poza nabaria da denean, gurasoak zoratzen daude emaitzarekin. Eraikin berriak dituen espazio eta argitasuna dirdiraz bete dira, sartzen denak ez baitu bertatik atera nahi. Proiektuaren berri emateko ateak zabalduko dituzte, abenduaren 13 eta 14an, izango da inaugurazio ofiziala. Hori ere distiraz beteko da.