Bihotz Gaztea Ikastola, Santurtzi
BEHARRAREN ERAGINEZ, ZARATAREN KUDEAKETA IKASTOLAN
Ikastolako argazkia egin dute, gelaz gela, txokoz txoko, mapa osatu arte.
Asier Fontal, zerbitzu zuzendariak argi eta garbi kontatu dizkigu beharrak zeintzuk diren. Urteak dira Santurtziko ikastola espazioz txikiegia gelditu dela duen eskaera handirako. Udaletxean eta hainbat estamentutan irtenbidea adostu bitartean, dagoenari aurre egin eta ahalik eta hobekien kudeatzen ari dira dituzten arazoak; tartean, handia dena, zaratarena.
Hori horrela, hausnarketa sakona egin zuten egoera erreala nolakoa zen jakiteko. Ikastolako argazkia egin zuten, gelaz gela, txokoz txoko, mapa osatu arte. Galdera askori erantzuna eman nahian, sonometro profesionala erosi eta dezibelioak neurtu zituzten, hainbat egoeratakoak eta lekutakoak eta, maiz, altuegiak zirela ohartutakoan, neurri zorrotzak hartzen hasi dira. Argi baitago zaratak eragin zuzena duela ikasketetan eta osasunean, kontzentrazioan eta estresean.
Lehenengo neurria izan da "isiltasun kanpainaren kontzientzia hartzea", hau da, ikastolako pertsona guztiak ohartzea zein den egoera eta nola saiatuko lirateke egoera hobetzen. Ingurumen taldea sortu da ikastolan; gurasoak inplikatu dituzte; tailerrak sortu dira; irakasleek formazio-ikastaroak jarraitu dituzte non baldintzak zaintzen eta ariketak ikasi dituzten eta ikasleen eguneroko jardueretan arau zehatzak markatu dituzte, zeinetan berezitu dituzten Barne Zarata; Kanpo Zarata eta Beste batzuk.
Lehenean, Barne Zaratan, hamazazpi puntu markatu dituzte, hala nola, erloju guztiak ordu berean sinkronizatzea; puntualitatea gelan sartu eta irteterakoan; irakaslea gelan egotea ikasleak sartu baino lehen; gelan izanik, ez dira ezertara kanpora aterako; irakaslea ez da hitz egiten hasiko ikasle guztiak eserita eta adi egon arte; ikasleen nekea, asperdura edo tentsioa nabaritzean eten estrategikoak egin edo dinamika aldaketa sortu eta abar.
Bigarrenean, Kanpo Zarata atalean ere, ohitura-estrategiak zehaztu dituzte, adibidez, pasabideetan ez dira inoiz ikasleak bakarrik utziko, eta klaseak amaitutakoan ateraino lagunduko dituzte. Lehenengo mailetan, irakasleek pasabidean itxarongo dituzte ikasleak LHko lankideak ez molestatzeko; jarleku eta mahaiei azpiko estalkiak jarri; ordenagailu eta kanoiaren zaratak direla, filtroak garbitu; ordu-aldaketen musika 15"tara murriztu eta isilago jarri; tanpoiak belarrietan jangelako langileentzat eta abar.
Hirugarrena, Beste Batzuk atala, espazioei eta baldintzei dagokie. Hainbat konponketa fisiko egin dituzte, bat adierazteko, komun berriak egin dituzte, ikasleen mugimenduak gutxitzeko. Eguerditan, estraeskolarretan, erlajazio-tailerrak antolatu dituzte txikientzat. Jangela izanik puntu gorria duen leku bat, bazkaltzeko hiru txanda, hiru ordutan eta bi "jangelatan" antolatuta dituzte, eta bertan "semaforoak" ipini dituzte. Bai, sentsoredun-semaforoak dira zenbait pasabidetan eta jangelan ikus daitezkeenak. Argi gorria pizten denean, denek dakite zaratotsa jaitsi behar dela eta, ondorioz, isilago ibili behar dutela, denen onerako baita.
Ezker Aldean ikusten dira aipaturiko semaforoak zenbait leku publikotan, Finlandiako eskolatan bezalaxe. Kanpoan erositakoak izanik, EHU/UPV-ek interesa azaldu du tresnarekin, Euskal Herrian sortzeko aukera aztertuz. Ziurrenik epe laburrean gehiagotan aurkituko ditugu horrelakoak nonahi.
Premiak onurak ekarri dizkio ikastolari. Aipaturiko guztiak ongi daude, beharrezkoak dira eta egin behar dira. Baina, arestian esan bezala, 0-16 urte bitarteko Santurtziko 700 ikaslek irtenbide duina behar dute ikastolan egoki ikasten jarraitzeko, herriko etorkizun euskaldunaren zati bat euren esku baitago. Irtenbiderik bada gainera, bi dira, ea lehenbailehen bati heltzen dioten!