Zangozako Ikastola, Zangoza
JUANITO ZELAIA LETAMENDIAri IKASTOLATIK ESKER ONEZ
Juanito Zelaia gogoratu nahi dugu gaur berriro, gure kasuan ere, gure ametsa gauzatzea posible egin zuelako.
Juanito Zelaia gogoratu nahi dugu gaur berriro, gure kasuan ere, gure ametsa gauzatzea posible egin zuelako; Juan Zelaia, isilik eta gehienetan inork jakin gabe, euskal kulturaren eta euskararen alde bere patrika astintzen duen horietakoa baita, mezenas isil eta ezkutukoa; eta, legezkoak betetzeko ez bada, sobera esaten ibili gabe diharduena. Har beza ikastola hau osatzen dugun guztion miresmen eta eskerrik zintzoena.
Hitz horiekin omendu zen oñatiarra aurtengo Nafarroa Oinezen. Bere ilobak, Beatriz Gerekak, jaso zuen osabarentzat oroigarria.
Gure Ikastolak, Zangozako Ikastolak, bere ibilbidean zehar bizi izan dituen gune garrantzitsuen artean kokatu beharko ditugu ospatuak dituen NAFARROA OINEZ 87 eta 98koak. Egun, antolakuntza eta ospakizun berri baten aurrean, ongi deritzogu atzera begiratzea eta, zenbait gogoetaz at, bidean izandako geldiune eta lagunak gogoratzea.
1987ko NAFARROA OINEZ-ean Zangozako ikastolak bere egin zuen Jorge Oteizak landutako “Irten Ezin” eskultura lana, bikain baino hobeto baitzetorkion ikastolak zituen helburuak beregan jasotzen zituelako. Gerora, ospakizun horretarako izan behar zuen irudia, ikastolaren ezaugarri eta erreferentzi zuzena bihurtu zen.
1998.ko NAFARROA OINEZ-ean berriz, ezaugarri bila egindako ahaleginen artean, Jorge Oteizaren lana kalean zen, ordu artean ikastolaren irudia zena. Denon ezaugarri nabarmenagoa bihur zedin, ahalegin sendo eta berri bat egin nahi izan zen. Horretarako ukitu beharreko ate, eskatu beharreko baimen eta ikastolako gurasoen ahalegina gauzatzea pentsatu zen, eskultura bera eraiki eta Zangozan kokatuz.
Betiko leloa zen, baliabide ekonomikoak behar eta, hara eta hona jo izan zen, eta, jadanik Ikastola eta euskal kultura-mugimenduan paregabea suertatua zena, etorri zen gure laguntzatan ere: Oñatiko Juanito Zelaia.
Juan Zelaia Letamendiren laguntza ezinbesteko eta erabatekoa izan zen, Zangozako kasuan ere, egun ikastola erdi-erdian kokatzen den “Irten Ezin” edo “Navarra en la encrucijada” lan erraldoia burutzeko. Urteak dira, beraz, eskultura dela gure haurren jolas eta algaren testigu ikastolako jolastokian. Ba ote da horrelako lan batentzat zeregin aberatsagorik haurren zaintzaile izatea baino?
Hori horrela, Juanito Zelaia gogoratu nahi dugu gaurko egunean, berriro, gure kasuan ere, posible egin zuelako gure ametsa gauzatzea. Juan Zelaia baita isilik eta gehienetan inork jakin gabe, euskal kulturaren eta euskararen alde bere patrika astintzen duen horietakoa, mezenas isil eta ezkutua; eta, legezkoak betetzeko ez bada, sobera esaten ibili gabe diharduena.
Har beza, Juan Zelaia Letamendi Jaunak, ikastola hau osatzen dugun guztion miresmen zintzo eta eskerrik zintzoena.