Lautada Ikastola, Lautada
HIRU MILA KILOKO HORMIGOI "Z" TALDEAK LAN EGITEKO
2008 urtean sortu zen Lautada Ikastola Agurainen, lokal zahar batzutan, monjei erositako eskola zaharrean.
2008 urtean sortu zen Lautada Ikastola Agurainen, lokal zahar batzutan, monjei erositako eskola zaharrean. Kooperatiba bihurtu zen eta Ikastolen Elkarteko partaide. Orduz geroztik handitzen eta berritzen dabil, Elkarlanean eta gogo biziz, hori baitute lelo eta nortasun.
Oso zaharkiturik zeuden erositako gela guztiak, baina bereziki komunak eta hustubideak, eta horiekin hasi ziren lehen unetik, horiek guztiak berritzen. Halaxe iritsi zitzaien 2010eko Araba Euskaraz antolatzeko urtea, eta han hartutako diru eta indarrarekin, ikastola goitik behera berritzea erabaki zuten. Baina nola egin aurre horrelako kostu handiari? Ezina zen gremioak ikastolara ekartzea eta haien esku uztea, 'Alemaniako' banketxe bat beharko baitzuten horiek guztiak ordaintzeko.
Auzolanean arituko ziren, hasieratik, bi helbururengatik. Batetik ekonomikoa, gastuak merkatzeko; eta bestetik, hura bezain garrantzitsua dena, 'ikastola' egiteko. Auzolanak talde dinamika sortu du Lautada Ikastolan, estiloa, baita identitatea ere. Zorte handia izan dute, gurasoen artean ofizio guztiak dituztelako, obra-lanetan aritzeko adina, eta horrekin ahalmen izugarria lortu dute. Baina gainera, guraso horiek 'kuadrila' egin dutenez uda hasi orduko, urtero-urtero, ekainean elkartu eta lanean jardun dute. Aurtengo 'uda' luzatu denez, "Z talde"lez ezaguna egin den lan-taldea ostiral arratsaldetan eta larunbat goizetan bildu da orain arte.
"Z talde"ari esker konponketa guztiak eta berrikuntza guztiak egiten ari dira. Konponketaren zerrenda osatzen doan neurrian erantzuten doa, eta ez hori bakarrik, ideia berriak eskaintzen ere ausartzen da.
Goitik behera margotu dute ikastola osoa, eguneratu dute patioa eta lorategia, frentea eta lurra, sekulako aldaketa nabaria eginez. "Paliza handia izan zen", esan digu Guraso Artezkaritzako idazkaria den Josu Perez de Villarrealek, "baina sekulako poztasuna eta kemena eman digu". Egindakoa gutxi bazen, azkenekoa da sarrera berri bat egin diotela ikastolari, lorategitik sartzeko, eta horrekin arriskuak ekiditu dituzte, ikastolara autoz etorri ordez, ikasle asko oinez etortzen baita denbora irabazten eta urduritasunak uxatzen. Sarrera berriak, ordea, espaloi berria egitea zekarren eta horretara ere animatu dira. 3.000 kilo hormigoi edo betoi erabiltzen ari dira lan hori burutzeko! Eta hori bukatutakoan, bizikletak uzteko aparkalekua jarriko dute martxan, eta lorategia luzatuko.
Hori meritua eta eredua "Z taldearena". Zorionak, Lautada!