Arangoiti Ikastola, Irunberri
MAHASTIETAN, TALDEAN ETA EUSKARAZ
Ohikoa dute Arangoitin ikastolako ikasle guztiak elkarrekin egitea gutxienez urteko irteera bat.
Ohikoa dute Arangoitin ikastolako ikasle guztiak elkarrekin egitea gutxienez urteko irteera bat eta ikasturte bukaerako kanpaldia, eta horiek bi helbururekin: umeak sozialki talde moduan identifikatzeko eta euskararen erabilera sustatzeko. Azken puntu hau garrantzitsua da, ikasle handiek joera baitute txikiekin daudenean beti euskaraz aritzearena.
Ohikoak diren bi helburu horiek, hau da, talde kohesioa ikastolarekin lotzea eta euskara bultzatzea, aurten ekintza berezi batekin lortu dute: udazkeneko egun eder batean mahastietara joaten, eta mahats bilketaren prozesua egiten. Ikasle txikiekin urte askoan egindako ekintza, aurten, komunitate osora zabaldu dute, eta elkarrekin joan dira ikastolako 70 umeak, irakasle taldea guraso batzuen laguntzaz mahastietara.
Ondoko mahastietara joan dira handiak eta txikiak batera, zaharrenek gazteenei laguntzen, taldetan banatuta eta han mahatsa moztu dute, hamaiketakoa egin, mahatsa otarretan ikastolara ekarri, prentsara bota, zapatilak kendu, oinak garbitu, oinekin modu tradizionalean zapalduz zukua atera, botiletan sartu eta etxera eraman dute ardoa. Hori guztia egiten prozesua lotu dute elkarrekin.
Ikasle zaharrenek bazuten prozesuaren berri, aurreko urteren batean horretan ibili zirelako, baina oraingoak plus bat eskaini die, eta hori izan da, batetik, aurretik egindako lana eta hartutako erabakiak: nola antolatu taldeak, nor arduratu zein ikasle txikiaz, txikien botilak nola bildu, izenak nola jarri eta abar. Eta, bestetik, mahastietan ardurak jarraituz, ekin eta egin dituztelako.
Garazi Larrañagak eta Nora Uribetxeberriak kontatu digutenez, irakurketa zoragarria egin dute, eta datorren urtean berriz arituko dira horretan, baina ordurako jakingo dute aurtengo balorazioaren ondoren zer hobetu antolakuntzan non ikasle zaharrenek zer ikusi handia izango duten berriro ere.