IKASTOLA 211 > ikastolak > ATEGORRIETA AUZOAN KOKATU DA IKASTOLA BERRIA

Zurriola Ikastola, Donostia

ATEGORRIETA AUZOAN KOKATU DA IKASTOLA BERRIA

2012ko udan, eskaintza publiko bitartez, Donostiako Udalak, eraikinaren jabeak, epe luzerako eskaini zuen egoitza.

Ategorrieta auzoan, Villa Soroan kokatu da ikastola berria.
2012ko udan, eskaintza publiko bitartez, Donostiako Udalak, eraikinaren jabeak, epe luzerako eskaini zuen egoitza. Zurriola Ikastolak hautagai bezala, lehiaketa irabazi ondoren, 40 urterako alokairu kontratua sinatu zuen Udaletxearekin, eta ikastolak konpromisoa hartu zuen etxea zaharberritzeko. Bertan HHko lau kurtsotako ikasleak kokatu ditu, 297 guztira. Hala, Villa Soroa-tik 50 metrora dagoen Villa Sacramentoko egoitzan, LH1etik LH4ra bitarteko beste 300 ikasle ari dira. Eta Hurrako egoitzan, berriz, LH5etik batxilergora bitarteko beste 600 ikasle inguru. 2009an ospatutako Kilometroak lagungarri izan dira.

VILLA SOROA

Villa Soroa izeneko eraikina XIX. mende bukaerako etxea da. Ategorrietako hiribidean kokatuta dago, Donostiako izen bereko auzoan, eta aurretik erabilera partikularra izan zuen arren, 1948. urtean “Escuela Oficial de Maestros de Guipuzcoa” izatera pasa zen. Orduz geroztik irakaskuntzari lotuta egon da modu batean edo bestean.

Horrela, 2010. urtera arte hainbat erabilera eman zitzaizkion Villa Soroari. Haien artean ezagunena, ziurrenik, Magisteritza Eskola, eta azkenik, eraikuntza erabat itxi aurretik, EHUko Unibertsitate-institutuen egoitza.

Eraikuntzaren jabea Donostiako Udala izanik, etorkizuneko aukera ezberdinak izan ditu Villa Soroak. Indar handia hartu zuenetako bat Emakumearen Etxea izatea izan zen. Baina 2012ko udan, eskaintza publiko bitartez, epe luzerako alokairuan eskaini zuen egoitza Donostiako Udalak.

Zurriola Ikastolak alokairu kontratua eskuratzeko hautagai bezala aurkeztu zuen bere burua eta lehiaketa irabazi ondoren, 2012ko azaroaren 23an 40 urterako alokairu kontratua sinatu zuen Donostiako Udaletxearekin.  Kontratu horretan Zurriola Ikastolak etxea zaharberritzeko konpromisoa ere hartu zuen.

Zurriola Ikastolak ia etengabeko handitze prozesua bizi izan du duela 45 urtetik, sortu zenetik hain zuzen ere. Handitze horren ondorioz, leku eta azpiegituren beharrak ere gora egin du, eta Villa Soroa izan da arazo honi irtenbidea emateko beste pauso bat. Bertan Haur Hezkuntzako lau kurtsotako ikasleak kokatu ditugu, 297 guztira.

Hala, Villa Soroa-tik 50 metrora kokatuta dagoen Villa Sacramento-ko egoitzan, LH1etik LH4ra bitarteko beste 300 ikasle arituko dira. Eta Hurrako egoitzan, berriz, LH5etik Batxilergora bitarteko beste 600 ikasle inguru.

Villa Soroaren erabilera berria oinarri gisa hartuz landu da eraikuntzaren zaharberritze proiektua. Proiektu eta metodologia pedagogiko horri begira diseinatu dira espazioak. Gelak argiak (horma mugikorren bitartez elkartu edo bereiz daitezkeenak), goxoak eta funtzionalak dira. Baina horretaz gain, psikomotrizitate gela, lasaitze gela, ingeleseko gela, jangela eta sukaldea ere baditu egoitza berriak.

“Etxearen egitura orokorra errespetatu behar izan dugu, baina mugiezineko jatorrizko hormez gain, gelak binaka elkartzeko eta handitzeko aukera ematen duten panel mugikorrak jarri ditugu. Horiei esker haurrak esploratzeko eta konkistatzeko izango duen espazioa handitzea lortu dugu eta ikasleen arteko kidetzeak gure metodologian barneratzeko aukera emango digute ere. Hori guztia modurik egokienean bideratzeko, ikastolako guraso diren Olaia Garoña, Ion Balerdi eta Jon Muniategiandikoetxea arkitektoak  kontratatu ditugu eta Construcciones Moyua enpresari esleitu zaizkio egin beharreko lanak”, kontatu dute arduradunek.

 2014-2015 ikasturtea da Villa Soroako lehena Zurriola Ikastolako zati bezala. Kilometroak 2009an lortutako diru-iturriak oso ongi etorri dira obraren zati bat ordaintzeko.

ikastola 211
2014 Abendua
211