IKASTOLA 211 > ikastolak > EZ DA LEIOAKO ZIENTZIA FIKZIOA, IRUDIMENA LANTZEKO AITZAKIA BAIZIK

Betiko Ikastola, Leioa

EZ DA LEIOAKO ZIENTZIA FIKZIOA, IRUDIMENA LANTZEKO AITZAKIA BAIZIK

Txanela proiektuan kokatu behar dugu, LHko Lehen mailan, 6 eta 7 urteko ikasleen munduan.

Txanela proiektuan kokatu behar dugu, LHko Lehen mailan, 6 eta 7 urteko ikasleen munduan. Ikasturteko bigarren gaian denboraren makina lantzen dutenez, aurretik eredu ezberdinak begiratzen dituzte ikastolakoak izan direnak, eta beste ikastolakoak ere bai. Auxkin Sierra Uria eta Bego Galdeano tutoreekin mintzatu gara, ikusten ari ginena zientzia fikzioa ote zen galdetzeko, horrelako tramankulu handia eta ikusgarria nondik zetorren argitzeko.

"Taldean sortutako denboraren makina da, garaia batetik bestera bidaiatzeko makina eta aitzakia dugu tramankulu hau. Adin honetan garaia ezberdinak ikasten dituzte, hala nola dinosaurioarena, greziartarrena, erromatarrena eta abar. Batetik bestera mugitzeko baliabide hau eskaintzen digu Txanelak. Maialen eta Fermin pertsonaiek euren birraitonak sortutako denbora makina erabiltzen dute batetik bestera bidaiatzeko, eta batetik besterako horretan, garaia bakoitzetik objektu bat ekartzen dute, gutxinaka-gutxinaka museoa bihurtzen dena. Guk haiek bezala egiten dugu ikastolan.

Denon arteko lana da, elkarrekin sortutakoa. Ikasleek euren artean adosten dute nola diseinatu makina, zer materiala erabiliko duten, material hori ikastolara nola ekarriko duten, eta ardurak nola banatuko dituzten. Material birziklagarria da, kartoia, tapoiak, sokak, edozer gauza baliogarria izan daiteke. Horrek sormenerako bidea irekitzen du, talde iniziatiba zein bakarkakoa kontutan hartzen baita. Hori bai, lanak planifikatu behar dira eta, ondoren, denon artean esandakoak eta entzundakoak jasota, adostu eta antolatu behar dira. Hori guztia egiten ditugu hau bezalako denbora makina gauzatzeko.

Denbora makina horiek beti dira bereziak eta politak. Egia da aurtengoa deigarria suertatu zaigula, izan ere, ohiko kartoi handiak ekarri ordez, inork adierazi gabe, txikiak ekarri dituztela, eta horiek batuz eta batuz halako tamaina handia hartu duela, zilarrezko paperarekin lotu ditugunean. Hau ez da Leioako zientzia fikzioa, ezta mekanika kuantika, hau Leioako Betiko Ikastolako 5-6 urteko ikasleek sortutako laguntzailea da, dagoeneko gure lagun", esan ziguten bi tutoreek.

 

 

 

ikastola 211
2014 Abendua
211