Axular Lizeoa, Donostia
HEMEN BALORATZEA KOSTATZEN ZAIENA, ATZERRIAN TXALOTU DUTE
Gero Axular Dantza Taldea, jaialdietan Europa barne.
Gero Axular Dantza taldekideek hiru bidaia egin dituzte atzerrira uda honetan. LH 5 eta 6ko dantzariak Esloveniara; DBH 1eta 2koak Polonia eta Alemaniara; eta handienak, Frantziara. Jaialdi ospetsuetan hemengo folklorearen enbaxadore izateaz gain, joandako 120 dantzariak konturatu dira egiten dutena baloratua dela, euskal dantzak oso aberatsak direlako. Gauetan afal ondoren beste herrialdetako adin bereko gazteekin elkarbanatu dituzte dantzak, kantak eta jolasak; baita hemen ikasitakoa haiei irakatsi ere, dantzari izateaz gain, beste haien “maisu” ere bihurtu direlako. 2004an sortu zen proiektua, eta dagoeneko 236 dantzari ditu ikastolak, atzetik guraso talde indartsua duela. Bi urtean behin ikuskizun berria sortzen dute, ordu eta erdikoa, non dantza guztiak, musika eta eszenografia berri-berriak baitira. Seigarrena martxan da, “Itzal galdua” izango dena.
Bost urterekin hasten ziren euskal dantzak ikasten, baina zazpira iritsi orduko uzten zioten dantzatzeari, eta oso gutxik ziren jarraitzeko gogoa adierazten zutenak, 2002an aldaketa sakona sortu zen arte. Guraso bat, Juan Luis Unzurrunzaga, euskal dantzan eta folklorean zebilena deitu zuten ikastolara zer egin zezaketen galdetzeko, eta hortik aurrera dinamika izugarrian sartu ziren. Talde txiki bat izatetik, aurten 236 dantzari izatera iritsi dira. Kontu-kontari eseri gara berarekin informazio bila.
Kontaiguzu, Juan Luis, zer gertatu da ikastolan sartu zinenetik.
Beno, ni ikastolan ikasia naiz, Landaberrin egin nituen ikasketak eta hantxe hasi nintzen euskal dantzak ikasten. Ondoren mundu horretatik ez naiz sekulan atera, hemengo folklorea oso gustukoa baitut. 2002an, artean ni Axular Lizeoko guraso nintzela, deitu zidaten ea dantzak irakasteko maisuren bat ezagutzen nuen. Ikastolara hurbildu nintzen zer behar zuten entzutera, eta orduz geroztik hemen pasatzen ditut eguneko ordurik gehienak.
Hasteko ikerketa txiki bat egin genuen zer egiten zuten ikusteko. Zergatik uzten zuten zen gakoa, eta horri erantzun egokia topatzen saiatu ginen. Zer nahi zuten galdeginda telebistan agertzen zena gustatzen zitzaien, hau da, ikuskizuna, musika, eszenografia, argiak, jantziak … eta ez betiko dantza, betiko jantziarekin, betiko modura. Konturatu ginen ikuskizuna maite zutela, nonbaiten agertzea, dantzatzea, plaza nahi zutela. Eta horretara jarri ginen: tradizioa bai, baina beste plus batekin; eta biak lantzea erabaki genuen.
Eta zein izan zen hurrengo urratsa?
Eskatzen zuten horri erantzuten saiatu ginen. Ikuskizun bat antolatu genuen eta dantzak moldatu genituen, ohiko pausuak bai, noski, baina beste batzuk ere bai. Txistuaz gain beste instrumentu batzuei ateak zabaldu genizkien, argiak eta koloreak gehitu, eta detaileei garrantzia eman genien. Zerbait dotorea egin nahi genuen, eta “Sasi artean” lehen ikuskizuna muntatu genuen. Beste lau gehiago izan ditugu ondoren, “Argizaiola” izan da azkena; eta seigarrenarekin hasiak gara dagoeneko.
Hamar urtean, bost ikuskizun?
Bai, helburutzat hartu genuen bi urtero ikuskizun berri bat sortzearena gure ikasleak ez aspertzeko, eta taldean jarraitzeko.
Batetik bestera ibiltzen zarete?
Olentzerotan, Inauterietan, San Juan bezperan, Ikastola Egunean … denetan gaude, dinamika hori garrantzitsua baita gazteak animatzeko. Esan beharra daukat Gero Dantza Taldean dantzariaz gain, guraso talde potentea dugula, eurak gabe ezingo genukeela jarraitu, haiei esker isilpeko lan handia egiten delako. Adibide bat aipatze arren, arropak ere eurek egiten dituzte! Ikuskizun berriak dena du berria: koreografia, eszenografia, dantzak, musika, jantziak, …
Gipuzkoako antzoki askotan izan gara Lazkaon, Lasarten, Azkoitian, Donostian eta abar. Euskal Jaietan parte hartzen dugu, Kilometroak-en deitzen gaituzten bakoitzean ere; oso argi dugu plaza dela dantzariarentzat aukera zoragarria, ikasitakoa erakusteko, ongi sentitzeko, eta taldean sinesteko.
Eta entzun dugu Euskal Herriko mugak ere gaindituak dituzuela.
Bai, urteak dira Europako folklore jaialdietan parte hartzen dugula. Hasieran zailagoa genuen, bidea egiteke genuelako, baina dagoeneko deitu egiten digute joateko eskatuz. Ate asko zabalik dugu, eta aldioro gehiago. Aurtengo udan lau herrialdetan izan gara dantzatzen. Eslovenian izan gara, hango kostaldean, LH 5 eta 6koekin, Piranko jaialdian. DBH 1 eta 2koekin Polonian, Ozarow-en Varsovia ondoko herri batean eta Wiesbadenen, Alemanian. Eta helduekin, Frantzian, Clemont Ferrand ondoan Gannat-eko festibalean, bi astean zehar, beste 20 talderekin eta aktuazio ugarirekin.
Sari moduan eskainiko diezue aukera hori, ala?
Ez, ez da saria bilatzen duguna, beste zerbait da. Konturatu gara gure ikasleentzat garrantzitsua dela atzerrira dantzatzera joatea “barrutik” hobeto sentitzeagatik. Ea ulertzen didazun. Hemen dantzan aritzen diren ikasle askok ez dakite gurea estimatzen, kalean askotan ez baita gure folklorea baloratzen. Gurasoek nahi dutelako hasten dira txikitan ikasten, eta adin batetik aurrera utzi nahi izaten dute, “nesken” gauzak direlako, “zaharrak”, “kaxero” zentzu negatiboan ikusiak askotan. Nolabait esateko haurrek presio hori sentitzen dute, eta argi dago hori zama dela.
Aldiz, kanpora joaten direnean, kontrakoa sentitzen dute, egiten dutena baloratua baita, txalotua baita, interesa pizten duelako, apreziatzen delako eta hori, bat-batean, ulertzen dute. Kanpoan, atzerrian, folkloreak beste balio bat du, jendeak errespetatzen du eta errespetu horretaz kutsatzen dira. Euskal dantzak oso aberatsak direlako, eta horiek dantzatzen dituztenak ere bai. Pertsona legez aberasten dira, sentimendu on horiek barneratzen dituzte, eta itzultzen direnean gogo handiagoarekin dantzatzen segitu nahi dute.
Jaialdietan harremanak sortzen dira. Gauetan afal ondoren herrialde ezberdinetako gazteak, euren adinekoak, elkartzen dira eta elkarrekin dantzatzen dute, abesten, jolasten, eta oso polita dena, elkarri irakasten diete pausu ezberdinak, dantza ezberdinak. Dantzari izatetik, “maisu” izatera pasatzen dira. Zein pozgarria eurentzat, barrenak indartzeko! Konturatzen dira kultura ezberdinak daudela, eta guztiek dutela zer ikasi eta zer irakatsi.
Seigarren ikuskizunarekin hasi zaretela aipatu duzu lehen.
“Itzal galdua” izango da. Bigarren Karlista Gerra bukatu ondoren krisi handia sortu zen inguruan; ondorioz, nafar askok Iparraldera joan ziren espartinen fabrikatan lanera. Otsagiko leienda bat bada non protagonistak deabruari saltzen dion bere itzala, herria gidatzeko. Ez dizuet gehiago kontatuko, uda aurretik prest izango dugu, den-dena berria izango da: dantza, musika eta eszenografia. Ilusio handiarekin ari gara.
Mediterranean International Folklore Festival-Piran-Eslovenia.
Miedzynarodowy Festiwal Folkloru Ozarow-Varsovia-Polonia
Les Cultures du Monde Gannat-Frantzia