IKASTOLA 210 > ikastolak > LiterARTen ARTEAREKIN ETA LITERATURAREKIN JOLASEAN

Andra Mari Ikastola, Etxarri

LiterARTen ARTEAREKIN ETA LITERATURAREKIN JOLASEAN

LiterART, artea eta literatura uztartzea helburu duen egitasmoa da.

Sakanako 5 idazle ezagunen obratik abiatuta, ikastolako maila desberdinetako ikasleek  beren artelan propioak sortzea izan da proiektu honen xedea, guztia ekainean egindako erakusketa batean aurkeztuz. Proiektuak fase desberdinak izan ditu; ikastalde bakoitzari egokitutako idazlearen liburua irakurri ondoren, Juanjo Olasagarre, Castillo Suarez, Iker Uribe, Zoila Berastegi, Jon Arretxe, eta Arabatik etorritako Toti Martinez de Lezearen hitzaldi zikloa burutu zen. Azken fasean, sorkuntza lanari ekin zioten, eta ekainean, herriko kultur etxean, artelanak ikusgai jarri ziren. 

LiterART, artea eta literatura uztartzea helburu duen egitasmoa da.  Proiektu honek, era ludiko eta dibertigarrian, irakurzaletasuna, idazmena, talde lana, arte hezkuntza, IKTen erabilera, ... lantzeko parada bikaina eskaintzen die ikasleei. 

Egitasmo honek gai ezberdinak jorratzeko aukera eman die ikasleei: irakurzaletasuna, hizkuntza (idazleen biografiak idatzi zituzten ikasleek), talde lana, arte hezkuntza, informatika (erakusketako panel informatiboak ikasleek sortu zituzten)… eta gainera, era ludiko eta dibertigarrian. Izan ere, arte proiektuaren II. edizio honek, artearekin eta literaturarekin jolasteko aukera eman baitie gure ikasleei!

Aurtengoan, Andra Mari ikastolan, LiterART deitu dugun arte proiektuaren bigarren edizioa jarri dugu martxan. Geure kasuan, Andra Mari ikastolako maila ezberdinetako ikasleek sortu dituzte euren artelan propioak, Sakanako idazle baten obra batetik abiatuta, Etxarriko Kultur Etxean ikusgai jartzeko, ekainean. Artelanak egoki egin ahal izateko gainera, idazle guztiak bisitan izan ditugu ikastolan martxoan zehar, ikasleentzako herriko udal liburutegian eginiko solasaldi zikloan. Aipagarria da, ikastola bisitatu duten sei idazleetatik bost, sakandarrak direla.

-Hitzaldi zikloa Juanjo Olasagarre arbizuarrak ireki zuen martxoaren 6an. DBH 1eko ikasleek “Capone txakurrak bere jabea hil zenean esandakoa” poema irakurri zuten. Ikasleek idazlearen barrenak hustu nahian,  galdera zerrenda luzea zeukaten eta Juanjok, banan banan erantzun zituen galdera guztiak. Amaitzeko, ikasleak irakurle izatera animatu zituen.

-Martxoaren 6ean, ikastolako 2. mailako ikasleak, Castillo Suarez idazle Altsasuarrarekin bildu ziren Etxarriko udal liburutegian. Berak idatzitako liburuak ezagutzeko aukera izan zuten: Erikaren ttilikak, Ebelina Mandarina, Muxurik nahi?... Gainera, ikasleak "idazle" lanetan aritu ziren, ipuinaren jarraipena egiteko laguntza eskatu baitzien Castillok.

-Martxoaren 11n, Iker Uribe lakuntzarra (eta ikastolako ikasle ohia) etorri zen Haur Hezkuntzako 5 urteko umeei berak idatzi eta ilustratutako “Txirringa magikoa” liburua aurkeztera. Galderak egin zizkioten ikasleek, liburua irakurri eta honen irudiak proiektutu zizkien Ikerrek… Oso interesgarria izan zen bisita, eta liburua asko gustatu zitzaien txikienei!

-Martxoaren 17an Zoila Berastegi Arbizuarra etorri zen (hau ere ikasle ohia) LH 3. mailakoekin berak  idatzi duen "Pluton: Hor konpon Marianton" antzerki-gidoiaz ikasleekin hitz egitera. Aurretik, ikasleek antzerkia gelan irakurri zuten, eta pozaren-pozez itxaron zuten Zoilaren bisita. Solasaldian zehar, Pluton irudikatu zuten ikasleek, antzeztu egin zuten... Oso ongi pasa zuten Zoilarekin!!

-Egun berean, martxoaren 17an, Jon Arretxe arbizuarrak (ikastolako gurasoa) DBH 4ko ikasleak bisitatu zituen. Ikasleek aldez-aurretik Jonen “Ostegunak” eleberria irakurri zuten. Urteak daramatza honek Euskal Herrian zehar gazteei bere nobelen berri ematen, eta Etxarriko ikastolara eginiko bisitan ere, adi-adi egon ziren ikasleak Jonek “Ostegunak” eleberrian jasotako istorioak adi-adi entzuten!

-Sakandarra ez izan arren, hitzaldi zikloa gonbidatu oso berezi batek itxi zuen. Izan ere, martxoaren 20an Toti Martinez de Lezearen bisita izan baikenuen. Totik egun guztia eman zuen gure artean eta hiru hitzaldi eman zituen. Eguerdian, ikastolako 5 urteko umeei berak idatzitako “Bazen behin…” bildumako ipuinetako batzuk kontatu zizkien. Arratsaldeko lehen orduan, LH 3.zikloko ikasleekin “Nur”en abenturetaz hitz egin zuen idazleak, eta amaitzeko, Etxarriko kultur etxean helduentzako hitzaldi irekia eman zuen.. Oso interesgarria!!

Hitzaldi zikloa amaituta, arte proiektua bere bigarren fasean sartu zen. Bigarren fase horretan, ikasle guztiak buru belarri jarri ziren, norbere taldeari egokitu zitzaion idazlearen obra batetik abiatuta artelanak sortzen. Artelanak sortzearen prozesua martxo bukaeratik maiatza bukaera arte luzatu zen.

Lan itzelak egin zituzten ikasleek:

-HH 5urteko umeek, Iker Uriberen “Txirringa magikoa” obran oinarrituta, magiaz beteriko beste “Txirringa magiko” batzuk sortu zituzten! Ez sinisteko modukoak izan ziren gure txikiek sortutako artelanak!! Txundigarriak!

-LH 2ko ikasleek aldiz, Castillo Suarezen “Amelia eta Amalia” ipuinetik abiatuta, “Amelia eta Ameliaren desioa” izenburua daraman artelana sortu zuten. Ikasle guztien artean, Amelia eta Amalia protagonista zituen fantasiazko zuhaitz bat eraiki zuten, fantasiazko hodeiez atonduta. Edonor ahoa zabalik uzteko moduko lana egin zuten gure LH 2ko artistek!

-LH3ko ikasleak, Zoila Berastegiren “Pluton: Hor konpon Marianton” antzerki-gidoian oinarritu ziren euren lana egiterako orduan. Ikasleek, gizakion arduragabekeriak naturari eta geure ama lurrari sortzen dizkion kalteen gaineko kritika egiten dute euren artelanetan. Erakusketa astean zehar, izugarrizko arrakasta izan zuen LH 3ko ikasleek eginiko “Pluton: Hor konpon Marianton!” artelanak!!

-Ez da atzean geratzen ordea, LH 5eko ikasleek (LH6koen laguntzarekin) egin zuten arte obra. Hirugarren zikloko ikasleek, irakurri berri zeukaten Toti Martinez de Lezearen “Nur” pertsonaiean oinarritu ziren euren artelana egiteko. 2,30 metroko zabalera eta 1,25 metroko altuerako mural bat egin zuten papiroflexiaren teknikaz, “Nur” pertsonaiaren aurpegia irudikatzeko. “Nur oihanean” izenburutu zuten, eta etxera eramateko moduko obra osatu zuten! Zorionak!

-DBH 1eko ikasleak, Juanjo Olasagarre arbizuarraren poema batean oinarritu ziren, bizitza eta heriotzaren inguruko euren hausnarketa eat gogoetak artelan bihurtzeko. Kartulina eta buztina izan ziren euren sentimenak kanporatzeko erabili zituzten bideak. Zorionak hauei ere!

-DBH 4ko ikasleek, Jon Arretxeren “Ostegunak” irakurri zuten, eta eleberri honetatik abiatuta sortu zituzten euren lanak. Liburuaren haria jarraituz, festa eta parranda giroa ardatz zituzten artelanak sortu zitutuzten ikastolako nerabeek. Lan itzelak egin zituzten!

Amaitzeko, ikasleek sorturiko artelan guzti-guztiak, Etxarriko kultur etxean jarri genituen ikusgai ekainaren 2tik 6ra bitartean. Erakusketa gela txukun-txukun jarri genuen: Ikasleen lanak, idazleen biografiak, panel informatiboak, artelanak sortzearen prozesua jasotzen zuen pelikualtxoa, ikusgai zeuden artelanak erakusten zituen arte katalogoa…Ikasleak, gurasoak, irakasleak, idazleak, Etxarriko eta ondoko herrietako jendea… pasa zen kultur etxetik bost egun horietan zehar. Oso arrakastasua izan zen erakusketa!

Ikusten duzuen moduan, oso proiektu sakona izan da II. arte proiektu hau. Urtarrilean jarri genuen martxan, eta ekaina bitartean luzatu da. Egitasmo honek gainera, gai ezberdinak jorratzeko aukera eman die ikasleei: irakurzaletasuna, hizkuntza (idazleen biografiak idatzi zituzten ikasleek), talde lana, arte hezkuntza, informatika (erakusketako panel informatiboak ikasleek sortu zituzten)… eta gainera, era ludiko eta dibertigarrian. Izan ere, arte proiektuaren II. edizio honek, artearekin eta literaturarekin jolasteko aukera eman baitie gure ikasleei!

ikastola 210
2014 Urria
210