San Benito Ikastola, Lazkao
KALITATEARI URRATS BERRI BAT EREMU HEZITZAILE, AKADEMIKO ETA EMOZIONALEAN
"Golden 5" proiektuarekin lotuta ikastolako langile guztientzat formazio berezia.
Ikastolako langile guztiak jasotzen ari dira formazio berezia, “Golden 5” proiektuarekin lotuta, urrezko bost zutabetan oinarrituta: batetik, gelaren kudeaketa egokia piztea; bigarrenik, gelan harreman positiboak eraikitzea; hirugarrenik, gizarte giroa sustatzea; laugarrenik, ikaslearen ikasketa egokitzea, ikaste pertsonalizatua izan dadin; eta azkenik, eskola eta familiaren arteko harremana sendotzea. Helburua da baikortasuna, harreman positiboak eta lan-giro egokiak sustatzea, errendimendu akademikoa hobetuz eta familiekiko harremana sakonduz. Hori guztia bultzatzeko Mari Jose Lerarekin, psikologia ebolutiboan doktorea denarekin, ari dira lanean. “Golden 5” egitasmo hezitzaileak Europako Hezkuntza Batzordearen Comenius saria jaso du, eta San Beniton badira hiru urte Elkarbizitzako kideak helmuga horretan buru-belarri sartuta direla.