IKASTOLA 209 > ikastolak > EKAINAK 15, ATE JOKA, MUGAN BIZI BIZIK MEREZI DUELAKO

Assa Ikastola, Lapuebla de Labarka

EKAINAK 15, ATE JOKA, MUGAN BIZI BIZIK MEREZI DUELAKO

Zain gaituzu Mugan Bizi Bizi!

Oraingoan, irakurle, zurekin gozatu nahi dugu. Zu gonbidatu nahi zaitugu Lapueblara, Arabako ikastolen jai handia ospatzera. Egitarau bikaina antolatu dugu zuretzat, zure etxekoentzat, gure ikastola zoragarria erakusteko. Zure laguntza behar dugu, gure Txoritxoak zabal ditzan egun horretako haziak, zurea tarteko, euskararen mundua eskualde honetan ere bizirik jarraitzeko. Zain gaituzu Mugan Bizi Bizi!
 

Araba Euskaraz 2014 antolatzea egokitu zitzaigun orain urtebete pasatxo eta, ordudanik gaur arte, hamaika ekitaldi, hitzordu, kontzertu eta abar antolatu dugu. Egun handia ate joka dugun honetan begiradatxoa atzerantz botaz gero, bertigo  eta guzti sentitzen dugu. Arabako ikastolen jaia antolatzeak berezitasun ugari baititu.

Euskal kulturako  hainbat pertsonaia adierazgarrirekin topaketak egiteko aukera izan dugu. Besteak beste, gogoan ditugu oraindik ere Nestor Basterretxea eskultoreak eskainitako jakituria eta animo hitzak; eta, nola ez, Kike Amonarrizek, ETBn duen Tribuaren Berbak saioan, egindako lana.

Horren ondotik, Txoritxoa Munduan kanpaina abian jarri genuen. Nork esango zigun guri Masaien tribua ere gure kamisetak jantzita ikusiko genuela? Nork, tokiotar batek gure sudadera jantziko zuenik; edota Maldiva irletan ere ikusiko genuela txoritxoa txioka eta bizi-bizi? Eta, are garrantzitsuagoa dena, nork esango zigun guri horrenbeste jende mobilizatzea lortuko genuela argazki mordoak eskuratzeko? Mila esker, hemendik, parte hartu duzuen guztioi. Zuek gabe, ezinezkoa zatekeen eta.

Araba Euskarazko Txoritxoa munduan barrena barreiatu ahal izateko, denda ere martxan jarri genuen kamisetak, sudaderak eta bestelako materialak saltzeko. Bertako jendeari aurtengo materiala erakutsi asmoz, desfile mundiala ere antolatu genuen! Oso egun polita izan zen; ikasleak Araba Euskarazeko materialekin jantzi eta, profesionalak bailiran, hor izan genituen ikastolan desfile paregabea egiten.

Lurralde hauetan hain preziatua den zukua ere eduki dugu salgai: Araba Errioxako ardoa, alegia. Munduko txoko desberdinetara iritsi dira gure produktuak eta, horiekin batera, gure filosofia, hola festa honen helburuak, nola zergatia ere.

Durangoko Azokara ere iritsi ginen abenduan, Assa Ikastolako ikasleekin batera. Ikasleentzat eta ikasleengatik antolatzen den festa honetan, ezinbestekoa da haiek konplize bihurtzea eta, hala, euskal diska eta liburuen azokara joan ginen, han protagonistekin argazkiak atera genituen, eta gure mezua zabaltzen jarraitu genuen.

Hamlet antzezlana ere eskaini genuen, euskaraz, Agurainen. Araba Euskaraz 2014 delakoaren eta Assa Ikastolaren helburuetako bat baita euskal kultura barreiatzen jarraitzea, bai eskualde honetan, bai ondokoetan ere, eta, hala, Shakespearen antzezlan polita ikusi ahal izan genuen orain hilabete batzuk.

Publiko desberdinetara iritsi nahi genuen, halere. Kultura hainbat aldeko poliedroa dugu Assa Ikastolan eta, hori dela eta, rockak ere badu toki bat gure artean. Rock Festibal itzela antolatu genuen; ikasle ohiez eratutako taldeek nahiz kanpotik etorritako batzuk jo zuten bertan -Ardelhatxa, Paranoia, Arkada Social, Anabasa-, eta EH Sukarra mitikoek ere bai, Akerbeltz taldearekin erromeri modura amaitzeko.

Rocka ez ezik, Akustik Bira delakoa ere izan genuen. Musika intimistagoa, taberna edota areto txikietan entzuna, eta bertako taldeekin egina. Kontzertu oso onak ikusi ahal izan genituen eskualdeko herri ezberdinetan, hain zuzen ere, Oionen eta Eskuernagan.

Diaporama saioak ere eskaini ditugu eta horiei esker Mañuetaraino iritsi. Koldo Zubizarreta eduki dugu gure artean, Karakorum bizikletaz saioa eskaintzen. Bidaia paregabe horretan ateratako argazkiez gozatu ahal izan dugu, hark emandako azalpenekin batera, noski.

Araba Euskaraz ezin zen, ordea, erabateko jaia izan, abestirik eta bideoklipik gabe. Ondorioz, Kometa Taldeak, ikasle ohiez eraturikoa, lanari ekin zion gogor eta abesti paregabea oparitu zigun. Bideokliparen lanak beste ikasle ohi baten zuzendaritzapean geratu ziren. Assa Ikastolak uzta politak eman dituela ikusi ahal izan dugu bide honetan.

Horiek aurkezteko ekitaldia ere egin genuen, Gasteizko Jimmy Jazz aretoan hain zuzen. Aurkezpena eta gero Kometak eta Xaikok jo zuten, guztion gozamenerako.

Maiatza hasieran jada, bertso bazkari mundiala izan genuen Viñaspre, Arzallus, Lujanbio, Arrietuonandia eta Elortzaren eskutik. Punta-puntako bertsolari hauekin egun-pasa egin genuen, primerako jakiez gozatu eta gero. Eta maiatza erdialdera Assa Ikastolako Lagunen bazkaria ere ospatu genuen, hain zuzen ere ikastolarekin zerikusirik eduki duen edota, egun oraindik, duen ikasle, irakasle eta pertsona orori eskainia.

Oraingoan, irakurle, zurekin gozatu nahi dugu. Zu gonbidatu nahi zaitugu Lapueblara, Arabako ikastolen jai handia ospatzera. Egitarau bikaina antolatu dugu zuretzat, zure etxekoentzat, gure ikastola zoragarria erakusteko. Zure laguntza behar dugu, gure Txoritxoak zabal ditzan egun horretako haziak, zurea tarteko, euskararen mundua eskualdeko honetan ere bizirik jarraitzeko. Zain gaituzu Mugan Bizi Bizi!

ikastola 209
2014 Ekaina
209