IKASTOLA 209 > ikastolak > IKI MILIKI KLIK! MUSIKALAK GAINDITU DITU MUGA GUZTIAK

Jaso Ikastola. Iruñea

IKI MILIKI KLIK! MUSIKALAK GAINDITU DITU MUGA GUZTIAK

Bizikidetza helburu, DBHko ikasleek sortu dute musikala, oraingoan bigarrena.

Bigarren urtea, bigarren ikuskizuna. Helburua ikasleen arteko elkarbizitza hobetzea, DBH 1. eta 4.en artekoa, talde lana bultzatzea, errespontsabilitateei erantzutea, euskara eta auto-estima lantzea. Sormen lan bat da, musikal bat sortu behar dute, dantza, musika eta antzezlana biltzen dituena. Hiruak nahastuta eta, horrekin batera, beste arlo asko zaindu behar direnak.

Extra-eskolarra da, asteazken arratsaldetan bi orduz elkartzen dira,  baita jolas-orduetan ere. Hilabetean behin, igande goiz batez lau orduz ere bai. Hiru irakasle daude proiektuaren atzetik Imanol Janices, DBHko Gorputz Heziketa irakaslea; Irantzu Zabalza, LHko 6. Mailako tutorea, eta Edu Serna, Hezkuntza Zuzendaria

“Izena emateko orduan kasting bat pasatzen dute. Euren trebeziaz gain, zaletasunak kontutan hartzen ditugu, dantzarako, kanturako, akrobaziarako, attrezzorako… multimediarako, edo gidolaritzarako. Parte hartzea bolondresa da, nahi izatea behar da, lan potentea baita, gustura egiten dutena. Irakasleok proiektua zuzentzen dugun arren, bideratzaileak baino ez gara. Ikasleak, eurak, dira sortzaileak, egileak eta garatzaileak. Beraiek asmatzen dute gidoia, abestien letrak, koreografiak eta  attrezzoa. Adostu egin behar dute, eta konturatu gara euren arteko elkarbizitza asko hobetu dutela . Pasillotik barne adin ezberdineko ikasleak hizketan entzuten dituzu, ohiko diferentzia (dela adinagatik, dela lotsagatik …) desagertu egiten dela, harremana bizirik dagoela” jarraitu du Edu Sernak kontatzen.

Azken uneraino ez dira gurasoak sartu. Oraingoan amak izan dira, jostun lanetarako animatu direnak. Horretarako ere gazteen iritzia kontutan hartu da, materiala eurek erosi baitute, eta nahia bideratu. 650 ikusleren hiru emanaldi egin dituzte Barañaingo Auditorioan; beste lau gehiago antolatu behar izan dituzte eskaerei erantzuteko, tartean Gipuzkoako hainbat ikastolatik etorritakoentzat. Azaroaren 28an Donostiako Victoria Eugenia antzokian arituko dira. Euskarazko musikalak badu etorkizunik, Jasoko ikasleena adibide.

ikastola 209
2014 Ekaina
209