Piarres Lartzabal Kolegioa, Ziburu
SAN JUAN BALEONTZIAREN BIDETIK ABENTURA BERRIAK
Bi urte eta erdi dira proiektuan sartu zirela. Egitasmoak darrai!
Bi urte eta erdi dira proiektuan sartu zirela. Tokian-tokiko bisitak egiteko aukera izan dute aurten, Sakanako basoa deskubritu, Ezkio-Itsasoko Igartubeitia eta Albaola-Ondartxo museoak bisitatu. Eta klase garaian hamaika lan egin dituzte, Beothuc komikia, itsasgintzako geometria, korsarioei buruzko jolasak, CD-a grabatu… Egitasmoak darrai!
Albaolako Jon Maia etorri zen kolegiora abentura miresgarria eskaintzera, eta hori izan zen Red Bay badian hondoratutako San Juan baleontzia berdin-berdin berreraikitzeko asmoa zutela, eta 2016an ontzia itsasoratuko zutela. Orduan ere jakin genuen lau urteko desafioan sartu zirela tokiko Itsas Begia eta Egurrezkoa elkarteekin batera lanean. Hura ametsa guretzat! Dagoeneko bi urte eta erdi pasa dira eta ametsak bete-betean jarraitzen du.
Piarres Larzabal kolegioko 5. Mailako ikasleak hasi ziren 2012-2013 ikasturtean abentura segitzen. Hor hasi ziren Pasaiarako bisita, Albaolako itsas zentroko ezagutza, Victor Hugo museoaren bisita, Donostiako aquariuma ; eta itsas zein untzi museoak bisitatu ondoren, kolegio mailan ikasleek l’Odyssée antzezlana egin zuten, baita bale-ihiziaren buruzko bideo ttikia eta aldizkaritxo bat.
Aurtengo ikasturtean abentura berriak izan dira. Hasteko Ibaialde Elkarteko partaideen mintzaldian parte hartu dute ; Itsas Begia Elkarteko “Bakalau arrantza eta bale ihizia”ri buruzko erakusketa ikusteko parada izan dute ; baita zuhaitzen kudeaketa nola antolatua izan zen, adibidez, baleontziaren zura nondik zetorren jakiteko, Sakanako basoa deskubritu dute, eta Ezkio-Itsasoko Igartubeiti baserri museoan XVI-XVII. mendeetako altzari eta tresnak ezagutu, han bertan marinelek eramaten zuten sagarnoa egiten zelarik.
Azken abentura, maiatzaren 23koa izan da, Agorregiko burdinola eta errota bisitatu baitituzte, eta hidroliko-sistema ezagutu. Etxerako bueltan, Pasaiara itzuli dira, eta Albaola-Ondartxo museo berria miatu, eta baleontziaren eraikuntza zertan den jakin dute. Abenturak darrai!
Klase ordutan ere ez dute astirik galdu : batetik « Beothuc » komikia bukatu dute ingeleseko ordutan ; lau bale-txalupa maketak egin dituzte ; Biologian elikadura, arrainak eta itsas-ugazleak ikasi ; Matematiketan, itsasgintzako geometria landu.
Donibaneko karriketan korsarioei buruzko altxor jokoa antolatu dute ; oroitzapen liburuxka osatzeko eskrapa (scrapbooking) teknika landu dute ; eta, itsas kantuak ikasi eta grabatu dituzte CD batean.
Ekitaldi eta ateraldi guztiak antolatzeko ematen dieten laguntzagatik, Kolegioa, Aquitania Euskadi eta Euskararen Erakunde Publikoa eskertu nahi dituzte.