IKASTOLA 209 > ikastolak > EAE.ko V.CONFITean IKASTOLATIK BARTZELONARA

Elgoibar Ikastola. Elgoibar

EAE.ko V.CONFITean IKASTOLATIK BARTZELONARA

Aurten 29 eskolak hartu dute parte, eta Elgoibarko ikastolari egokitu zaio ordezkaritza Catalunyara eramatea.

Ikastetxe Jasangarriek osatzen duten IRAES 21 sarean dago ikastola hasieratik. Ingurumenarekin lotutako gaiak lantzen dituzte, baita erabakiak hartu ere, hala nola, mezuak zabaltzea, birziklatzea, energia eta ura aurreztea… Aurten 29 eskolak hartu dute parte, eta Elgoibarko ikastolari egokitu zaio ordezkaritza Catalunyara eramatea.

GAZTEEN KONFERENTZIA: CONFINT
Neska baten galderarekin hasi zen guztia. 2003. urtean Marina Silvak, Brasileko Ingurumen ministroa garai hartan, bere etxera eraman zuen Ingurumenari buruzko I. Kongresuko proiektua aztertzeko. Bere alabak zer egiten ari zen ikusi eta amari galdetu zion. Amak konferentzia baten inguruko materiala irakurtzen ari zela esan zion, pertsonek aukera zeukatena ingurumenari buruzko politika publikoez hitz egiteko. Alabak esan zion:

- Eta ni bezalako umeek beraien iritzia eman ahal izango dute?
Prest! Ideia sortua zen eta ministroak, gazteek zeresan asko zeukatela konturatuta, gazteentzako konferentziak garatzeko erantzukizuna bere gain hartu zuen. Handik aurrera, Brasilek jadanik hiru konferentzia egin ditu, hogei mila eskola  eta sei milioi gazte baino gehiago mugiaraziz.

Euskal Autonomia Erkidegoan “Ikastetxe Jasangarriek” osatzen duten IRAES 21 sareak erronka hau hartu du bere gain. Sare horren partaide izateko, Eskola Iraunkorraren agiria lortu behar da,  Agenda 21eko ekimenean parte hartuz. Agiri honek 3 ikasturteko epea du eta, ondoren, berritu egin behar da, memoria bat egin eta kanpo- ebaluaketa batera aurkeztuz.

Euskal Autonomia Erkidegoan bi aldiz eman dira aitorpen horiek. Bi deialdi horitara aurkeztu da gure Ikastola eta bietan lortu du aitortza. Beraz, IRAES sarean hasieratik gaude.

Euskal Autonomia Erkidegoko CONFINT-ean (Coferencia Infanto Juvenil) parte hartzeko, aurrez IKASTOLAKO CONFINT-a egin behar da. Horien  leloa gazteek gazteak aukeratzen dituztela da. Ikastolako CONFINT-a ikasleek prestatzen dute eta, aurten, Euskal Erkidegoko V.a izateaz gain,  Ikastolako V.a ere izan da. Bertan, 200 ikaslek parte hartu zuten.

Ingurumenarekin lotutako gaiak lantzen dituzte eta, ondorio gisa, erabaki desberdinak hartzen dituzte, hala nola, ingurumenaren aldeko mezuak zabaltzea, birziklatzea, energia eta ura aurreztea...

Ikastolako CONFINT-ean Euskal Autonomia Erkidegoko CONFINT-era joango diren gazteak aukeratzen dira.

Orain dela 4 urte gure ikastolako ordezkariek Europako konferentzian hartu zuten parte on-line bidez eta,  beste 3 eskolen artean, Rio de Janeiron ospatu zen CONFINT-era joateko aukera eduki zuten; nahiz eta,  azkenean, gasteiztarrak joan ziren.

Orain dela 2 urte Euskal Autonomia Erkidegoko CONFINT-ean egon ziren ordezkarietako bik Estatuko CONFINT-ean hartu zuten parte. Gasteizen izan zen eta Euskal Autonomia Erkidegokoan egondakoak bertara joateko aukera izan zuten.

Konferentzia hauetatik ateratako mezuak eta lanak ikastolan landu ditugu eta baita herrira zabaldu ere. Udaletxeko ordezkariei bertako gutunen aleak eman genizkien, herriko ordezkariak izanda, herrian zabaltzeko. Horretaz gain, gazteen eta haurren artean banatzeko ludotekara eta gaztelekura eraman genituen.

Aurten Euskal Autonomia Erkidegoko V. CONFINT-ean 29 eskolek hartu dugu parte. Bertan lan desberdinak egin ondoren, gazteek Bartzelonara joango ziren ordezkariak aukeratu zituzten . 7 eskoletako ordezkariek aukeratu behar zituzten eta, bozketa egin ondoren, gure ikastola izan zen ordezkariak eramateko aukeratua.

Bartzelonako konferentzia hau azaroan egingo da eta bertara estatu guztiko gazteen ordezkariak joango dira.

Informazio gehiago blog hauetan:

 

 

ikastola 209
2014 Ekaina
209