Azpeitiko Ikastola, Azpeitia
IKASTOLAKO HEZKUNTZA KOMUNIATEARI ZABALDU DIOGU PRESTAKUNTZA
“Komunikazio ez bortitza” elkarbizitza eredu bezala ulertzen dugu, Marshall Rosenberg-ek garatutako ereduari jarraituz.
Azpeitiko Ikastolan “Komunikazio ez bortitza” elkarbizitza eredu bezala ulertzen dugu, Marshall Rosenberg-ek garatutako ereduari jarraituz. Norbera hobeto ezagutu eta indartzeko baliabide bat izateaz gain, besteekin komunikazioan laguntzen digu, eta, aldi berean, gatazketarako bitartekaritza egiteko eredu ere bada.
Eredu honek gure behar eta emozioekin konektatzen laguntzen digu, adi egonez, gure barnean biolentzia nola sortzen den ikustera bideratzen gaitu, eta, norberarekin nahiz besteekin, bihotzez harremantzeko modua deskubritzen laguntzen digu.
Komunikazio ez bortitzak zuzentzen du gure arreta, bizitza aberastera eta komunikatzeko motibaziora, baztertuz erruduntasunak, lotsak edota beldurrak. Gure erabakietan daukagun ardura, norberegan hartzean indarra jarri eta gure harremanen kalitatea hobetu nahi baititu.
Urte batzuk badira aipaturiko komunikazio eredua lantzen ari garela ikastolan, Nere Mendizabal adituarekin elkarlanean. Ikasturte honetan ikastaro bat egin ahal izan dugu ikastolako langileok Pilar de la Torrerekin, hau da, komunikazio ez bortitzean estatu mailan dagoen erreferente nagusiarekin. Gurasoentzako hitzaldia ere eman zuen berak.
Ikasleekin urtero saio pare bat egiten ditugu, Lehen Hezkuntzako 4. mailatik hasi eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4. mailara bitartekoekin.
Irakasle eta zuzendaritzako kideekin ere tailer ezberdinak landu ditugu.
Aurten ere gurasoentzat komunikazio tailerrak ere martxan jarri ditugu, hilean behineko saioak.
Gatazkei aurre egiteko balio badu ere, edonork aplikatu dezake komunikazio ez bortitza eguneroko bizitzan, nolabait esateko, harremanetarako ikuspegi orokor bat baita. Horregatik hezkuntza komunitate osoari zabaldu nahi izan diogu prestakuntza, argitu digute Ainara Bidal eta Beñat Azurmendi zuzendaritza taldeko kideek.