IKASTOLA 209 > ikastolak > ZENTIMOKO MONETAK URREZKO BIHURTU ETA ZIENTZIA HURBILEKOA

Zubi Zaharra Ikastola, Balmaseda

ZENTIMOKO MONETAK URREZKO BIHURTU ETA ZIENTZIA HURBILEKOA

Ikastolan laborategirik ez, eta EHUko Zientzietako fakultateko Kimika Bizirik programan izena eman zuten.

DBH4ko 13  ikaslek hartu dute parte, ahal zuten guztiak, sei praktika ezberdinetan. Unibertsitatearekiko ezagutza, gertutasuna eta praktikotasuna izan dira besteak beste helburu. Azpimarratu dutenez Zientziak ez dira estratosferako gaiak, egunerokoak eta hurbilekoak baizik. Iaz Geologiara hurbildu ziren; aurten Kimikara. 

Naiara Goiriena DBH-4ko Zientzietako irakaslea dugu, Fisika eta Kimika irakasten ditu ikastolan. Bertan laborategirik ez, eta horrelako esperientziarik egiteko aukerarik ez izanagatik, kanpoan harremanak eta egitasmoak bilatu ditu, eta EHUk bultzatzen duen Kimika Bizirik programan parte hartzeko egin beharreko gestioak egin zituen.

Iaz DBH-3. eta 4.goekin Geologia mundura hurbildu ziren pixka bat. Aurten, Kimikara. Hamazazpi ikasle daude Zubi Zaharra Ikastolako DBH-4.ean eta, ahal zuten guztiak,  joan dira EHUra. Sei dira zientziak ikasten ari direnak, baina guztiak joatea erabaki zuten, helburuen artean baitziren Unibertsitatea ezagutzea, Zientzietako Fakultatera hurbiltzea, bertako irakasleen esplikazioak entzutea, eta sei praktika-saio egitea lortu baitute, besteak beste nitrogeno likidoaren erabilera ezberdinak antzematea, Nylonaren eraketa, eta zentimoko monetak urre bihurtzea. Irakasleak Kimika Fakultateko Gari eta Leire izan dira, eta ikasle batzuk kimika ikasgai moduan ez izan arren, guztiek ondo ulertu dituzte beraien azalpen eta esperimentuen oinarriak. Teoria hurbiletik zientziaren mundura sartu dira, eta konturatu dira zientzia ez dela estratosferako gaia, egunerokoa eta ondokoa baizik.

Gertutasuna lortu dute, Balmasedatik Leioaraino, autobusean, ikasle ohiekin batera joan etorrian, aplikazio zuzenera joanez, zientzietako laborategira hurbilduz, ikusiz, usainduz eta erabiliz. Ez da gutxi!

ikastola 209
2014 Ekaina
209