Aita Larramendi Ikastola, Andoain
EUROPAKO SEI IKASTETXEREKIN BATERA EGUZKI-ENERGIA KOTXEA DISEINATZEN
Comenius markoan, Europa mailako proiektuan parte hartu dute DBH3ko ikasleek.
Proiektu fisiko ezberdinak egiten dituzte bi urteren buruan, eta aurten eguzkiaren energiarekin dabilen kotxe bat landu dute. Hungariara joan dira hori erakustera, eta han bildutako ikasleek sortu behar izan dute eguzki energiaz ibiliko den labe txiki bat, zazpi hizkuntzatan idatzitako instrukzioen bidez, tartean euskaraz. Alemaniako Werther herriko ikastetxearekin bi proiektutan sartuta daude andoaindarrak.
Europa mailako bi proiektu handitan sartuta daude Andoaingo ikastolakoak. Lehenean, Comenius-en markoan DBH-3.go ikasleekin; bigarrenean, Batxi-1.koekin. Zein baino zein interesgarriagoa, eta, biak Alemiako Werther herriko ikastetxe batekin.
1-COMENIUS markoan
Comenius Europako Batasunak antolatzen duen programa bat da, ikastetxeen arteko harremanak sustatu asmoz. Hala, ikaskomunitate osoari zuzenduta dago, alegia, ikasleei, irakasleei, zein familia eta instituzioei.
Europa mailakoa den proiektu honek Bruselatik diru laguntza bat jasotzen du. Proiektuaren nondik norakoa idatzita bidali behar dela adierazi digu Aitor Iriondo zuzendariak, parte hartuko duten beste ikastetxerekin zer landu nahi den argitzeko.
Europako komunitateak aukeratzen ditu landuko diren proiektuak eta, bere oniritziarekin, subentzionatzen. Hortik aurrera martxan jartzen dira. Bi urtekoa izaten da; agindutakoa epe horretan bete behar baita.
Zazpi herrialdetako eskolak parte hartzen ari dira aurten energiarekin lotuta dagoen proiektu fisikoan: eguzkiaren energiarekin dabilen kotxe bat landu dute eskola bakoitzean. “Energy, an inspiration” du izena aurtengo proiektuak. Alemania, Belgika, Irlanda, Polonia, Eslovakia, Eslovenia, Euskal Herria eta Hungariako ikasleek sortu dute, eta zazpien adibideak erakusketa batean aurkeztu dira Hungarian. Astelehenetik ostiralera bitartean, Budapesten (Hungaria) egon dira Andoaingo Aita Larramendi Ikastolako zortzi ikasle, irakasle bat eta zuzendaria, Comenius programan parte hartzen. Bertan izan dira andoaindarrak ikastolan egindakoa erakusten, eta nola egin duten argitzen. Herrialde bakoitzetik zortzina ikasle joan dira, nahiz eta gelan guztiek hartu duten parte. Ikasleek hango familien etxeetan hartu dute ostatu egun horietan zehar, eta proiektuarekin zuzenki loturiko aurkezpen eta jardunaldiez gain, Budapest hiria ezagutzeko aukera izan dute.
Bi urtero aukeratzen den gaiak zientziarekin lotzen den arren, toke humanistikoa topatzen saiatzen dira. Aurtengo proiektuan energiari buruzko poema txiki bat ere asmatu behar izan dute ingelesez, eta herrialde bakoitzak bere hizkuntzan energiaren inguruko kanta bat aukeratu. Aita Larramendi Ikastolako ikasleek "Errotazar maitea" aukeratu dute.
Kotxea erakustea ez da gauzarik zailena izan, Hungaria joandako ikasleek eguzkiaren energiaz ibiliko den labe txiki bat ere sortu behar izan baitute han bertan, instrukzio batzuen araberan. Kurioso izan da aipaturiko instrukzioak zazpi hizkuntzatan idatziak zirela, parte hartu duten herrialdeen hizkuntzatan, esan nahi duena, euskaraz ere idatzita zeudela. Instrukzioak zazpi hizkuntzatan, baina aurkezpena ikasleek ingelesez egin behar izan dute.
Bi urteko iraupena du proiektuak eta elkartruke sistema batean oinarriturik dagoenez, 2014-2015 ikasturterako beste zenbat bilgune ere aurreikusita daude. Hala, besteak beste, 2015eko maiatzean Europako herrialde horietako ikasleekin Andoainen egingo da topaketa.
2- EUROPAko eskolen markoan
Bigarren proiektuarekin, elkar-trukeko proiektuarekin, duela bost urte hasi zen Aita Manuel Larramendi Ikastola, lehen urtean Bulgariako eskola batekin. Azken bi urteotan, ordea, Alemiako Werther herriko eskola batekin egin du, Comenius kasuan bezalaxe.
Europako komunitateak diru laguntzak eskaintzen zituen lehen horrelako proiektutarako. Ez da, ordea, gaurko kasua. Orain eskola bakoitzak berea ordaindu behar du, eta, nahiz eta ahalegina eskatu, merezi duelakoan aurrera egitea erabaki dute andoaindarrek.
Eskola trukeak dira, kultura markoan kokatzen den egitasmoa baita. Batxi-1eko ikasleek parte hartzen dute. Hemengo 37 ikaslek parte hartu dute aurten, eta Alemaniatik 39. Werther herriko ikastetxea Andoaingo ikastolaren parekoa da tamainan, eta hori abantaila handia dela deritzo Aitor Iriondo zuzendariak. Tamainan parekoak, ohituratan oso ezberdinak. Andoainen herritarrak elkarrekin bizi dira, eraikuntzak oso estu daude, pisutan bizi dira, espazioak mugatuak baitira. Alemaniako eskolakoak, ordea, etxe partikularratan bizi dira, espazio handitan, berdez inguratuta, distantzia handian. Kontraste horretatik abiatuta, imajina dezakegu harridura.
Proiektua definitzen dute aurretik, eta ondoren datak zehazten. Hangoak noiz hona etorriko eta hemengoak noiz hara joango. Familitan banatzen dira, familia bakoitzak ikasle bat errezibitzen baitu jateko eta lotako. Eta hortik aurrera lanean hasten dira. Ikasleak euren artean kontaktoan jartzen dira. Proiektua taldean elkarrekin lantzen dute: zer erakutsi Andoaini buruz, zer Euskal Herriari buruz. Aurkezpen lanak ikasleek egiten dituzte, jakina, hasieran irakasleen laguntzarekin. Helburua da Europako herrialdeak ezagutzea: tradizio, kultura, ohitura ezberdinak ezagutzea. Eta horrekin batera ingelesa lantzea. Ikasleak harritzen omen dira, kontatu digu zuzendariak, zein erraz komunikatzen diren ingelesarekin; zein gai sentitzen diren ikastolan ikasitakoarekin.
Urte osoa ematen dute ikasleek proiektua lantzen eta xoxak biltzen bidaia egiteko. Balio handiko egitasmotzat dute ikastolan.