IKASTOLA 208 > ikastolak > ARTEAREKIN ETA LITERATURAKIN JOLASEAN

Andra Mari Ikastolan, Etxarrin

ARTEAREKIN ETA LITERATURAKIN JOLASEAN

Sakanako Ikastolen II.Arte Proiketua

Ikastola bisitatu duten sei idazleetatik bost sakandarrak dira.

Sei idazle izan dira Andra Mari Ikastolan, bisitan, euren obraz hitz egiteko, ikasleen galderei erantzuteko, euren obrei buruz sortutako artelanak ikusteko. Hori guztia ikastolan eta Etxarriko Kultur-etxean eta udal-liburutegian, Juul kanpainarekin lotuta, irakurzaletasuna eta artea uztartzeko helburuarekin. 

Aurtengoan, Sakanako ikastolok (Andra Mari, Iñigo Aritza eta Txioka), Arte proiektuaren bigarren edizioa jarri dugu martxan. Geure kasuan, Andra Mari ikastolako maila ezberdinetako ikasleek, Sakanako idazle baten obra batetik abiatuta, euren artelan propioak sortuko dituzte, ekainean Etxarriko kultur-etxean ikusgai jartzeko. Artelanak egoki egin ahal izateko gainera, idazleak bisitan izan ditugu ikastolan martxoan, ikasleentzako herriko udal liburutegian eginiko solasaldietan. Aipagarria da, ikastola bisitatu duten sei idazleetatik bost, sakandarrak direla.

-Hitzaldi zikloa Juanjo Olasagarre arbizuarrak ireki zuen martxoaren 6an. DBH 1eko ikasleek “Capone txakurrak bere jabea hil zenean esandakoa” poema irakurri zuten. Ikasleek idazlearen barrenak hustu nahian,  galdera zerrenda luzea zeukaten eta Juanjok, banan banan erantzun zituen. Gustura aritu ziren denak, hizlari eta entzule. Amaitzeko, ikasleak irakurle izan daitezen animatu zituen.

-Martxoaren 6ean ere, Andra Mari Ikastolako 2. mailako ikasleak, Castillo Suarez idazle sakandarrarekin bildu ziren Etxarriko udal liburutegian. Berak idatzitako liburuak ezagutzeko aukera izan zuten: Erikaren ttilikak, Ebelina Mandarina, Muxurik nahi?... Liburu hauetako hainbat pasarte ere irakurri zizkien Castillok. Aldez aurretik gelan Amalia eta Amelia landu zuten ikasleek eta ipuinari buruz hitz egin zuten, zalantzak argitu... eta ikasleak ere "idazle" lanetan aritu ziren, ipuinaren jarraipena egiteko laguntza eskatu baitzien Castillok.

-Martxoaren 11n, Iker Uribe lakuntzarra (eta ikastolako ikasle ohia) etorri zen Haur Hezkuntzako 5 urteko umeei berak idatzi eta ilustratutako “Txirringa magikoa” liburua aurkeztera. Galderak egin zizkioten ikasleek, liburuaren irudiak proiektutu zizkien Ikerrek, liburua irakurri zien eta askoz gauza gehiago ere kontatu zizkien Ikerrek ikasleei! Oso interesgarria izan zen bisita, eta liburua asko gustatu zitzaien txikienei.

-Martxoaren 17an Zoila Berastegi arbizuarra etorri zen (hau ere ikasle ohia) LH 3. mailakoekin berak  idatzi duen "Pluton: Hor konpon Marianton" antzerki-gidoiaz ikasleekin hitz egitera. Aurretik, ikasleek antzerkia gelan irakurri zuten, eta pozez itxaron zuten Zoilaren bisita. Solasaldian zehar, Pluton irudikatu zuten ikasleek, antzeztu egin zuten... Oso ongi pasa zuten Zoilarekin!!

-Egun berean, martxoaren 17an, Jon Arretxe arbizuarrak DBH 4ko ikasleak bisitatu zituen. Ikasleek aldez-aurretik Jonen “Ostegunak” eleberria irakurri zuten. Urteak daramatza Jonek Euskal Herrian zehar gazteei bere nobelen berri ematen, eta Etxarriko ikastolara eginiko bisitan ere, ezin hobe egon ziren ikasleak Jonek “Ostegunak” eleberrian jasotako istorioak adi-adi entzuten!

-Sakandarra ez izan arren, hitzaldi zikloa gonbidatu oso berezi batek itxi zuen. Izan ere, martxoaren 20an Toti Martinez de Lezearen bisita izan baikenuen. Totik egun guztia eman zuen gure artean eta hiru hitzaldi eman zituen. Eguerdian, ikastolako 5 urteko umeei berak idatzitako “Bazen behin…” bildumako ipuinetako batzuk kontatu zizkien. Arratsaldeko lehen orduan, LH 3.zikloko ikasleekin oraintxe irakurri berri duten “Nur”en abenturetaz hitz egin zuen idazleak, eta amaitzeko, Etxarriko Kultur Etxean helduentzako hitzaldi irekia eman zuen. Bertan, Euskal Herriko historiaren eta geure lurraren memoriaren inguruan solastu zen, hitzaldiaren haria bere liburuetan kontatzen dituen istorioak izan zirelarik. Oso interesgarria!!

Eskerrik asko beraz gure ikasleen artean irakurzaletasuna pizten lagundu duzuen idazle guztiei!! Orain, hauen literatur obretatik abiatuta, artelanak sortu beharko dituzte ikasleek!!
 

 

 

ikastola 208
2014 Apirila
208