Labiaga Ikastola - Bera
ENAITZ GARA! EGIN ZAITEZ AUZOKIDE
Enaitz, lau urteko beratarra da eta ikastolako gelakidea.
Enaitz, lau urteko beratarra da. Haurdunaldian izandako zailtasunek, oxigenoa behar bezala ez iristea eragin zioten eta garuneko zati bat kaltetu. Geroztik, garun paralisia du. Ondorioz, garuna ez da gorputzeko hainbat atali aginduak behar bezala emateko gai.Honek, ikusmen urritasuna eragiten dio, ez da solasteko gai ezta zutik egoteko ere.
Egoera horretan beraz, hagitz garrantzitsua da estimulazio-programa egokia bezain zorrotza bideratzea. Honek ordea, gurasoendako gastu ekonomiko handia dakar berarekin. Enaitz Labiaga Ikastolako bertze hainbertze umeren gelakidea da, ekimen hauek guztiak antolatzen dituzten gurasoen seme-alabena, gure haurrena. Horregatik, Enaitzek osasun bizitza hobea izatea nahi dugulakoz, auzolanean lan egin nahi dugu eta mugak eta trabak gaindituko dituen elkartasun ekimena abian jarri.
Zu ere, ekimen honetan partaide izatera gonbidatu nahi zaitugu! Egin zaitez auzolan-kide!
EGINDAKO LANAK.
Gelako gurasoak, auzolan ereduari jarraituz, auzolanera herriko eta inguruko bertze hainbat kide ekarri nahi izan dituzte eta elkartasun ekimena guztion laguntzarekin bideratu.
1.- Tapoien bilketa amaitzeko tapoiak garbitu eta sailkatzen dira astero. Gelako guraso eta irakasle batzuk lanean aritu dira horretan kanpainak iraun duen bitartean.
2.- Enaitz gara! guraso taldeak auzolanean Berako merkatari eta ostalariak inplikatu nahi izan zituen, 10 saritarako produktuak bilduz. Jasotako uzta ikaragarria izan da, Berako merkatarien eta ostalarien erantzuna ezin hobea izan da. Jasotako produktu guztiekin 10 saski eder osatu eta horiek zozketatuko dira ekainaren 7an burutuko den Enaitz gara! ume-jaialdian. Zenbakiak Baztan, Malerreka eta Bortzirietako ohiko salmenta puntuetan salgai badaude ere gelako gurasoak dira han-hemen horiek saltzeaz arduratzen ari direnak.
3.- Enaitz gara! guraso taldeak aitzinera eraman duen bertze ekimena Enaitz gara! kamisetak egitea izan da. Bere gelakideek Enaitz marraztu zuten gelan eta egindako lan guztien artean bat aukeratu ondotik, hura serigrafiatu eta adin guztietarako kamisetak egin dituzte. Hauek ere salgai jartzen ari dira han-hemen.
4.- Kamisetak saltzeko helburuarekin, martxoaren 15 eta 16an Lesakan izan zen Bortzirietako eta Malerrekako 1. stock ferian egon ziren eta hagitz harrera ona izan zuten.
5.- Bitartean, Pirritx eta Porrotxek eta Enaitzek protagonizatutako film labur batean, herriko musikari, pilotari, bertsolari eta inguruko hainbat ospetsurengana jo genuen haien elkartasun bila. Beraien ohiko jardueran ikusi ahal izango ditugu guztiak.
6.- Inguruko ikastola eta ikastetxeetara ekimenaren berri zabaltzen ari dira e-mail bidez eta kamisetak saltzeko aukera eskatzen. Lesaka, Baztan eta Sarako ikastoletan salmenta egunak adosten ari dira.
Guraso talde honek baditu bertze erronka aunitz ere ekainaren 7ra bitarte
EGINKIZUN DITUZTEN LANAK
1 - Pirritx eta Porrotxekin grabatutako bideoa Berako Kultur Etxean proiektatuko dute datorren apirilaren 6an arratsaldeko 6etan.
2 - Kanpaina honen bertze afera bat HONTZA ARRATSA! da . Bihar ortzirala, 21ean, izanen da arratseko 12etatik aitzinera. Oraingo honetan, auzolanera Xuga ostatua, Taberna eta Errandonea edari saltzaileak eta DJ Mortxi eta DJ Agara eskaini zaizkigu. Baliabide guztiak deusen truke eskaini dituzte eta irabazitako guztia Enaitzen aldeko elkartasun ekimenera bideratuko da. Besta iragartzeko kartelak egin dituzte eta hainbat face-booketan ekitaldia zabaldu. Bestalde, whassap bidez ekimenaren berri zabaltzen ari dira.
3 - Martxoaren 28an kamisetak salduko dituzte Saharastango besta egunean (Mugairin).
4 - Apirilaren 6an Berako Kultur Etxean Enaitz gara elkartasun bideoaren proiekzioaren ondotik, 6:30ak aldera, Berako Emaitza Antzerki taldeak ekimenaren aldeko auzolanean, “Esperando a la inglesa” antzerki-emanaldia eskainiko du. Kasu honetan ere, irabazitako diru guztia Enaitzen aldeko elkartasun ekimenera bideratuko da.
5- Maiatzaren 31n Berako Kultur Etxean film hunkigarria proiektatuko da.
Izenburu orijinala honakoa da: Nel Giardino dei Suoni https://www.youtube.com/watch?v=pCZaSYuviA Zuzendariarekin brarekin harremanetan jarri ginen eta proiekziorako eta itzulpenetarako ikasragarrizko borondatea eta laguntza eskaini ditu.
6 -Ekainaren 7an Enaitz gara ume-jaialdia; puzgarriak, umeentzako tailerrak, jolasak, eta ZOZKETA! (Egitaraua gehiago xehetu orduko bidaliko dizugu).http://www.diariovasco.com/v/20140315/bidasoa/maraton-solidario-plataforma-enaitz-20140315.html
NAGORE ARRETXEA Enaitzen ama.
Ttitti-ttapa aldizkarian egindako elkarrizketa
-Hasteko zure familia aurkeztuko diguzu?
Ni Nagore naiz, nere senarra Iñigo da eta behar bereziak dituen ia bortz urteko seme bat eta bakarra dugu Enaitz izenekoa.
-2009ko martxoaren 31n jaio zen Enaitz. Nola oroitzen dituzu garai haiek?
Emozio eta notizi aunitz jaso genituen garai gogorrak izan ziren. Inori desio ez dizkiodanak.
-Eta geroztik pasatu diren ia bortz urte hauek nolakoak izan dira?
Bortz urte hauek, errusiar mendi baten antzekoak izan dire. Egun batean gailurrean eta hurrengo egunean berriz, ezin burua altxatu aurkitu izan gara. Lehenengo urtea gehienbat, erotzeko modukoa izan zen. Enaitz ongi ez zegoela ikusten genuen bai etxekoek eta baita medikuek ere eta proba aunitz egin behar izan zizikoten. Noraezean ibili ginen, diagnostiko bat harrapatu harte.
Ondoren emaitzak eman zizkigutenean eta arazoaren larritasunaz ohartu ginenean, hori dena barneratu eta onartu behar izan genuen (agian pausorik gogorrena)
Behin diagnostikoa genula eta notiziaz errekuperatu ginela, ikusten genituen ateak jotzen hasi ginen. Hau da, Enaitzi ongi joango zitzaizkion terapiez informatu, fisioekin kontaktatu, behar antzekoak dituzten familiekin harrematetan jarri… Egia erran behar bada, fundazio eta elkarte desberdinetan sartuak gaude eta aunitz laguntzen du. Horrela ohartzen baitzara, ez zaizula zuri bakarrik pasatzen eta antzeko kasuak badirela. Eta batez ere, gertatzen zaigunaz gure hartean ulertzen garela. Zeren eta ez da berdina kuadrilako lagun bati hau kontatzea edota pasa duen norbaiti kontatzea.
-Gaur egun zein da Enaitzen egoera?
Gaur egun, Enaitzek garun paralisia izaki, ondorio larriak ditu. Ez da jarrita bakarrik egoten, ez da ibiltzen, ez du solasten, ikusmen urritasuna du… Baina orain dela 3-4 urtera alderatuz, alai-alaia da. Kontent bizi da eta hagitz langilea da. Berak duen bizitzeko gogoarengatik ez balitz, gaur egun ez litzateke gurekin egongo. Ikastolara joateko desiotan egoten da, han bere lagunekin ezin hobeki pasatzen baitu. Gainera bere gelakideek aunitz maite dute.
-Nolako egunerokoa du Enaitzek?
Enaitzek ekintzez betetako egunerokoa izaten du. Goizean gosaldu, jantzi, ikastolara joan eta astean hirutan fisioa izaten du han. Fisioa izaten ez duenean, gelakoekin jostatzen egoten da edota musikoterapia saioak edota logopedia saioak izaten ditu. Ikastolan bazkaltzen du eta 4:30etan ateritzen da. Arratsaldetan, astean bitan fisioterapia eta sikomotrizitate saioak izaten ditu, bertzenaz etxean ariketak egiten egoten gara. Agenda nahiko betea du eta hori dituen mediku kontsultak kontutan hartu gabe.
-Izaeraz nola deskribatuko zenuke?
Enaitz ezagutzen duten orok, berdina erraten dute. Aurrera ateritzeko eta borrokatzeko izaera sutsua duela. Ezbalitz bere burugogorkeria eta bere borondatearengatik, ez lituzke orain harte ikasi dituen gauza aunitz ikasiko
-Terapia bereziak, errehabilitazio intentsiboak, fisioterapia saioak, aparatu ortopedikoak... Zer behar du Enaitzek?
Aipatutako guzti hoiek behar ditu Enaitzek. Orain momentu klabea da gorputzari ahalik eta etekin gehien ateritzeko . Hori dela eta, gorputza ahalik eta gehien landuz gero, seguruenik emaitza gehiago lortuko ditugula. Eta behar dituen gailu ortopediko guztiak, prebentzio modura erabiltzen ditu, gorputza ahalik eta zuzenen mantendu al izateko.
-Eta horiei aurre egiteko tapoi bilketa egin duzue. Zer moduz joan da edo zein balorazio eginen zenuke? Zenbat bildu duzue?
Ikastolak proposatutako proiektua izan da. Guk aspalditik buruan bueltaka genuen ideia eta beraien proposamenakin aurrera ateri genun. Balorazio hagitz-hagitz positiboa egin dugu zeren eta jendearen inbolukrazioa eta laguntza izugarria izan da eta mota honetako kasuak gizarteratzeko aukera ederra da. Egia erran behar bada, horrelako proiektuek, denbora eta tapoiak gordetzeko espazio aunitz eskatzen dute eta gu alde horretatik nahiko eskas gabiltza. Sei- zazpi tona bilduak izanen ditugu.
-Birziklatze enpresaren fundamentu ezagatik martxoaren 31n biltzeari utziko diozue, ezta?
Birtziklatze enpresaren fundametu eza, hasieratik nabaritu genuen. Bidaltzen genuena kobratu al izateko, atzetik ibili behar izaten genuen. Azkeneko aldian, 400Kg guttiago ordaindu zizkiguten eta lan karga haundia zutenez, gehiago ez bidaltzeko erran ziguten. Guri bezela, Iruñeako bertze famili batekin berdina egin zuten eta beraiek ere bertan behera uztea erabaki dute. Hori dela eta, martxoaren 31n tapoiak biltzeari utziko diogu.
-Hortaz aparte, bankuko bi kontu irekiak dituzue. Zein izaten ari da jendearen erantzuna?
Hasieratik persona aunitzek erraten ziguten zergatik ez genuen kontu korronte bat irekitzen eta guri iruditzen zitzaigun ez ginela inor guk irekitzeko. Norbaitek pausu hori eman nahi bazuen guk ez genuela arazorik izango. Hori dela eta, web orria egin zigutenean bi kontu korronte jartzea erabaki zuten eta egia erran behar da, jendea hagitz solidarioa izaten ari dela.
-Bertzelako laguntzeko ekimenak ere egin dira: Iturenen herri kirolak, ferietan postuak... Nola azalduko zenuke hori? Zer da hori zuentzat?
Jendea laguntzeko borondate handia erakusten ari da. Guri poza handia ematen digu, horrela Enaitzek terapia intentsibo gehiago eta pentsatuak ez genituen gailu ortopediko batzuk, agian erosi al izango ditugu.
-Zer behar du Enaitzek web orrian diozuen bezala, Enaitzek etorkizun hobe bat izateko?
Enaitzek etorkizun hobe bat izateko lan handia egiten jarraitu beharko du eta horrela ea autonomia gehiago lortzen duen. Malda handiko bidea dugu egiteko oraindik, baina emaitza onak jasotzen ditugun bitartean kontent gaude.
-Zerbait gaineratuko zenuke?
Nahiz eta martxoaren 31n tapoi bilketarekin bukatu, proiektu berriak martxan daudela jakinarazten dizuet. Enaitzen gelako gurasoek, “Enaitz gara” lelopean talde lana sortu dute eta ekitaldiz betetako maratoi erraldoia jarri dute abian. Bertan, kamisetak salgai, boletoak salgai (Berako merkatarien laguntzarekin egindako saski ederrak zozketatuko dire), ekainaren 1ean zinema interesgarria, ekainaren 7an zozketako egun berezia (Egun osoan haur eta nerabeentzat ekintzak), tabernetan bestak, kontzertuak, pilota partiduak, herri kirolak, antzerkiak…izango dire.
Eta bukatzeko, eskerrak eman nahi dizkizuegu Enaitz laguntzen ari zareten guztiei. Zuei esker, Enaitzek etorkizun hobe bat izaten saiatuko gara. MILA ESKER!!!
2014 Apirila
208