IKASTOLA 208 > ikastolak > ATERA INDARRA ETA GRINA, eta IZAN ZAITEZ SORGINA!

Txintxirri Ikastola, Elorrio

ATERA INDARRA ETA GRINA, eta IZAN ZAITEZ SORGINA!

Martxoaren 8an Nazioarteko Emakume Langileen Eguna gogoratzeko.

Martxoaren 8an Nazioarteko Emakume Langileen Eguna gogoratzeko garai bateko euskal kulturaren ereduan oinarritu dira. Galdera sorta luze bati, hamaika erantzun. Sorgina hitzak sortzen dituen bi sentimendu kontrajarri agerian geratu ziren ikasleekin hitz egin ostean. “Alde batetik ikusi dugu sorginekin beldurtu egiten direla, baina, bestetik, sorgina hitza erabiltzen dutela maite dituzten emakume edo neskei esateko, hitz hori gertutasuna, bihurrikeria eta goxotasuna adierazteko erabiltzen baitute”. 
Nazioarteko Emakume Langilearen Eguna ospatzen da mundu osoan zehar. Aldarrikapen horrek ez du  jazoera bakar batean bere jatorria, baina XX. mendearen hasieran bizi zen testuinguruan kokatu behar da: emakumeek boto emateko eskubiderik ez zutenekoa, lanpostuak lortzeko zailtasun ugari zituztenekoa, baldintza kaskarretan lan egiteko errealitatean bizi zirenekoa…
“Elorrioko Txintxirri Ikastolan egun honen ospakizuna gogoratzeko garai bateko euskal kulturaren ereduan oinarritu gara, Mariren figura eta sorginen lana azpimarratu nahi izan ditugu eta, horretan oinarrituta, ikasleekin lanketa berezia egin dugu.
Zein sorgin ezagutzen duzue? Galdegin dugu. Non ezagutu dituzue sorgin horiek? Ipuinetan, pelikuletan? Non? Zein da gure inguruko sorginik ezagunena? Zer egiten du? Emaginak, sasi sendagileak izateaz gain, zer gehiago ziren?
Mila galderari mila erantzun. Balore, sentimendu, elkartasun, baikortasun horiek aztertu ditugu taldean, nork bere ekarpenak egin ditu helburu bakarrean biltzen direnak:  IZAN GAITEZEN ONGIZALEAK, LAGUNTZAILEAK, JAKINTSUAK, AMESLARIAK…
Sorginak emaginak ziren, haurrak munduratzen laguntzeko emakumeak izaten baitziren. Sorginek zuten horren ardura. Sasi-sendagileak ere baziren: belarretan jakintsuak baitziren. Ukenduak, infusioak, enplastoak eta abar egiten zekizkiten. Gaur egungo medikuntzaren aurrekariak ziren. Naturaren sekretuak ezagutzen zituzten eta, horren errespetuan, bere laguntza erabiltzen zekiten. Jakinduriak boterea dakarrenez, agintarien beldurra ekarri zuen. Eta ondorioz, “inkisizioa” sortu zen, alegia, jende boteretsuak beldurraren bidea erabili zuen sorginak desagertzeko. Horrela, sorginak gaizki ikusiak izan ziren, eta horiek guztiak harrapatzeko bideak zabaldu zituzten, adibidez, beldurra, tortura eta heriotza.
Sorgina hitzak sortzen dituen bi sentimendu kontrajarri agerian geratu ziren ikasleekin hitz egin ostean. “Alde batetik ikusi dugu sorginekin beldurtu egiten direla; baina, bestetik, sorgina hitza erabiltzen dutela maite dituzten emakume edo neskei esateko, hitz horrekin gertutasuna, bihurrikeria eta goxotasuna adierazteko erabiltzen baitute. 
Ikasleak oso interesatuta egon dira gaiarekin. Euskal kulturan sorgina zer den oso errotuta dagoen arren, sorgin hitzaren esanahia zein den argitzea baliotsua izan zaigu. Ikasleek oso ondo lotu dute hau guztia emakume langilearen egunarekin. Geroztik, "sorgin" hitza beste era batera erabiltzen hasi dira. 

ikastola 208
2014 Apirila
208