IKASTOLA 208 > ikastolak > INGELESA NERABEEN BERRIKUNTZEI LOTUTA

Laudio Ikastola, Laudio

INGELESA NERABEEN BERRIKUNTZEI LOTUTA

Hizkuntzaren alor praktikoa baita komunikatzeko ahalmena lortzea.

Hiru proiektutan daude sartuta aurten DBH-ko ikasleak: “Exchanging on festivals” eta “History Magazine” 1.eta 2. mailakoak; eta “Teen Life Bolgging”-en 3. eta 4.ekoak. Helburuak, besteak beste, hizkuntza praktikoa izatea, Europako adin bereko ikasleekin harremanetan jartzea, eta IKTak eguneroko bizitzan txertatzea dira. Laudio Ikastolako bidea egina dago.
Laudio Ikastolak, 1991an, hasieratik bat egin zuen Ikastolen Elkarteak bultzatutako Eleanitz proiektuarekin. Orduz geroztik dugu Emiliano Diez irakaslea buru belarri inplikatuta eta, bereziki, bide berriak topatzen DBHko ikasle nerabeentzat, gauza berrien egarriz baitaude beti. International English Language Projects-ek hiru helburu nagusi ditu. Lehena, esandakoa, DBHko ikasleei ingelesa modu praktikoan erabiltzeko eremu berriak eskaintzea. Bigarrena, Europear dimentsioa ikastolan zabaltzea, ikasleak Europako adin bereko ikasleekin harremanetan jartzeko. Hirugarrena, IKT erabilpena ikastolan sendotzea, proiektuen garapenean normaltasun osoz erabiltzeko.
“Gogoan daukat 1995ean nola gure ikasleek mundu zabaleko beste zenbait ikaslerekin gutunen bidez  harremanetan jarri nituen Italiako erakunde baten bitartez. Orduan ez genuen internetaren baliabiderik, eta posta arruntaz aritu ziren urtean bizpahiru eskutitz elkarri igortzen” kontatu digu Emilianok.
“Gauzak asko aldatu dira, eta adibideak emango dizkizut azkeneko urteotan egindakoaz. 2010ez geroztik ETWINNING atariaren bidez Laudioko ikasleak Europako beste lurraldetako ikasleekin harremanak lantzen dituzte. E-twinning Europako ikastetxeen komunitate bat da. Gai ezberdinei buruz elkarlana eta konpromisoa adosten dute elkarrekin jorratzeko, IKTen bidez, twinspace-an.
2010-11ko ikasturtean Europe@school izeneko proiektuan parte hartu genuen. Europako 37 lurraldetako ikasleen artean on-lineko aldizkari bat sortu zuten; baita horrekin Europa Batasuneko kalitate aitortza jaso ere.
2012-2013an “Our planet’s future: environmental changes”en hiru lurraldek parte hartu genuen: Frantziak, Esloveniak eta Euskal Herriak. Ingurumenean gertatzen ari diren aldaketez hausnarketa partekatua garatu genuen. Hausnarketa haren ondorioz “The yellow container” deituriko proiektua ingelesez idatzi eta Laudio Ikastolan bertan aurkeztu genuen. Plastikoa bestelakotik bereiztearen komenigarritasunez ohar arazi nahi genituen dbhko ikasleak eta irakasleak, eta jasotzeko prozesu bat ezarri genuen. Gaur egun indarrean dirauena.  
2013-2014 ikasturtean hiru proiektu handitan sartuta gaude:
Lehenengoa “Exchanging on festivals” lau lurraldetako DBH 1-2 ikasleekin, Frantzia, Errumania, Polonia eta Euskal Herrikoekin. Elkarren arteko aurkezpenak prestatu dira: Nor da nor? Gure zaletasunak, familiak, ohiturak, etxeak, maskotak… erreportaje eta argazkien bidez. Eta gure kasuan, Euskararen Nazioarteko Egunaren berri eman diegu, honetan ere erreportajea argazkiekin baliatuz. Hurrengoan gure herria eta eskualdea izango dira protagonista.
Bigarrena “History Magazine” hiru lurraldetako herrialdeekin daramagu Txekia, Turkia eta Euskal Herriarekin. Hemen bost atal bereiztu dira: Aurkezpena, Gabonak, Agate Deuna, Aratusteak (Iñauteriak) eta Congratulations izenekoak. Azken hau oso berezia da, izan ere Pragako eskolak 150.urteurrena ospatuko du aurten, eta zoriontzeko ikasleen zein irakasleon bideoak grabatu ditugu, eta Laudioko “Arloteak” taldeak ere esku hartu izan du hiru kanta grabatuz, bata, Kaxianoren Zorionak izanik. Lanak erreportaje bailiran argazkiak, PPT presentations, bideoak eta Movie Makers-en bidez osatzen ari gara. Gure Ikastolaren historia jasoko dugu hurrengoan.
Hirugarren proiektua, “Teen Life Blogging” du izena, eta DBH 3-4ko ikasleentzat zuzenduta dago. Hemengo honetan lau herrialdek ari gara parte hartzen: Italia, Finlandia, Portugal eta Euskal Herria. Kasu honetan Lip-dub bat grabatu dute non ikastola oso-osoa inplikatu duten, eta euskal kanta ingelesera itzuli duten. Bigarren urratsa izan da elkarlanari buruzko hausnarketa egitea, eta PPT aurkezpen bidez islatzea. Eta azkenik, gazteen bizimoduak aurkeztu beharko dituzte: Ikasbidaiaren inguruko bideoa, movie maker eta PPT-a eginez; eta gazteek kudeatutako guneak (gaztetxea, gazteen txokoak,…) aztertuz, eta goiko kasuan bezalaxe erreportajea, PPT eta bideoa erabiliz.
Zenbat marabila Laudioko hizkuntza inmersioan! “Egia da, lan handia egiten dute gure ikasleek” dio Emilianok “zailtasunak ere baditugu” aipatzen ditu, adibidez,  “Eguneroko dinamikan txertatzeko eragozpenak izaten ditugu (ordutegiak, klaseak eta denborak lotzeko). Ikastetxeen erritmoa eta eskola egutegi ezberdinak ezkontzeko (ordutegiak, opor egunak…); eta e-twinning atariak zenbait ekoizpen igotzeko dituen mugak gainditzeko (bideo artxiboen tamaina mugatuta…).
Egia izango da hori guztia, baina esandakoarekin bukatu nahi dugu, artista asko daudela Laudio Ikastolan, kategorizko bideratzailearekin lanean, Emiliano irakaslearekin lanean! Congratulations, Laudio!

 

ikastola 208
2014 Apirila
208