IKASTOLA 208 > ikastolak > ERRIA TXIKOTA eta 60.000€tako ZOZKETAN AUKERA

Orioko Herri Ikastola, Orio

ERRIA TXIKOTA eta 60.000€tako ZOZKETAN AUKERA

Abian da Kilometroak 2014ko GURE ZOZKETA ekimen berria.

Solidaritatea eta elkartasuna bi norabidetan aplikatzen ditu Orioko Herri Ikastolak martxan jarri duen zozketa berritzailearekin. Jendearen 5€ko laguntzarekin bi helburu beteko dira: proiektuarekiko sostengu sendoa lortzea batetik, eta bestetik, ekarpena egiten dutenen artean 60.000€ko saria zozketatzea. Zozketa Kilometroak egunaren biharamunean, urriaren 7an, egingo da. 
ERRIA TXIKOTA! aldarri hartuta, 2014ko poltsiko egutegiak 5 euroko laguntza bidez eskuratu ahalko dira. Laguntza eskaintzen dutenen artean 60.000 euroko sari bakarra zozketatuko da.
Kilometroak 2014ko jaiaren baitan, GURE ZOZKETA egitasmoa aurkeztu da Ikastolen Elkartean. Kilometroak Kultur Elkarteko Lehendakari Arantza Manterolak, Gemma Etxabe Orioko Herri Ikastolako lehendakariak, Zigor SaizarOrioko Herri Ikastolako zuzendariak eta Eñaut Telleria Kilometrotako koordinatzaileak azaldu dituzte ekimen berritzailearen nondik norako nagusienak prentsa agerraldian.
Ekimena jendearen ekarpenen bitartez Ikastolek sostengu ekonomiko sendo bat lortzera dator. GURE ZOZKETA egitasmoarekin, 2014 urteko 100.000 poltsiko egutegi atera dira. Egutegiak 5 euroko laguntza bidez eskuratu ahalko dira eta laguntza eskaintzen duten guztien artean 60.000 euroko sari bakarra zozketatuko da. Zigor Saizar Orioko Herri Ikastolako zuzendariaren hitzetan “solidaritatea eta elkartasuna bi norabideetan” aplikatzen ditu zozketak. Hau da, jendearen 5 euroko laguntzarekin sostengu sendoa lortzearekin batera, nolabait ekarpena egiten dutenen artean 60.000 euroko saria zozketatzea ahalbidetzen baitu ekimenak. Gainera, zenbaki sarituaren saltzaileak 600 euro jasoko ditu.
Arantza Manterola Kilometroak Kultur Elkarteko lehendakariak “Ikastolek beharrezkoa duten sostengu ekonomikoa lortzeko jarduera berritzailea” dela adierazi du. Orioko Herri Ikastolak Kilometroak Kultur Elkartearekin batera landutako proiektua dela azaldu ostean, gaineratu du etorkizunera begira Kilometroak jaiaren baitan zutabe ekonomiko sendoa ahalbidetzeko balio duen proposamena dela: “Gure nahia da, ERRIA TXIKOTA! aldarri daraman aurtengo festaren baitan egikaritu den egitasmoak, hurrengo urteetan ere jarraipena izan dezan. Etorkizunera begira sinesten dugulako, badela gizartean indartsu errotu, eta hurrengo edizioetan ere martxan jarri beharko litzatekeen ekimen interesgarria”.
Gemma Etxabe Orioko Herri Ikastolako Lehendakariaren esanetan, proiektua Kilometroak jaiari buruzko gogoeta sakon baten ondorio bezala ulertu behar da. Ikastolek oraindik ere ezinbestekoa duten sostengu ekonomikoa lortzeko bideetako bat izanik Kilometroak jaia, “kontsumoan oinarritzen den festa bat antolatu baino”, bestelako balio batzuk sustatzera datorren ekimena dela argitu du. Jorratzen den finantziazio iturri berriak balio erantsi bikoitza du Etxaberen ustez; Ikastolek oraindik orain beharrezko duten sostengu ekonomikoan bere aletxoa jartzera datorrelako ekimena batetik; Ikastolek hasieratik bere izan dituzten elkartasun eta solidaritate balioetan ardazten delako, bestetik. Kilometroak Kultur Elkarteko eta Orioko Herri Ikastolako ordezkariek zozketa Kilometroak egunaren ondoren, 2014ko urriaren 7an egingo dela iragarri dute.
Gaurtik aurrera, beraz, eskuragarri izango dira 100.000 poltsiko egutegi. Gipuzkoako Sendagaigileen Elkarteko farmazietan, Gipuzkoako Ikastola guztietan eta Gipuzkoan zehar hainbat establezimendutan (denda, taberna, etab.) eskuratu ahalko dira.  Txotx denboraldian ere, sagardotegi ingurumarian, eskainiko dira GURE ZOZKETA boletoak. On line bidezko salmenta ere abian da: www.kilometroak.net/zozketa helbidean.
Asmoa, pixkanaka- pixkanaka bide berriak jorratzea izango da.
GURE ZOZKETA
Ezaugarriak
ERRIA TXIKOTA! Kilometroak 2014 jaiaren baitan, GURE ZOZKETA izeneko ekimena jarri da martxan.
Laguntza: 5 €, poltsiko egutegia.
Saria: 60.000 €
Saridun boletoa saldu duenari 600,00 €ko oparia emango zaio.
Zozketa 2014ko urriaren 7an egingo da notario aurrean.
Saria hilabeteko epean jaso behar da.
Zenbaki saritua www.kilometroak.net webgunean eta egunkarietan agertuko da.

 

ikastola 208
2014 Apirila
208