IKASTOLA 208 > ikastolak > DBH 4ko eta BATXIko IKASLEAK ERAIKUNTZA BERRIAN

Paz de Ziganda Ikastola, Atarrabia-Iruñea

DBH 4ko eta BATXIko IKASLEAK ERAIKUNTZA BERRIAN

Abian da aspaldian amestutako ametsa. 

2011ko Nafarroa Oinezeko irabaziek uzta ederra eman dute. Eraikuntza prest dago eta bertan 160 ikasle daude, etorkizun hurbilean 230 izango dira. Eraikuntza gardena da, sotoa eta beste hiru solairu ditu. Gelak insonorizazio ona dutela azpimarra daiteke. Eraikuntza prestatuta dago teknologia berrien erabilpen anitzerako.   Lau dira batxilergo motak:  bi, Zientifikoa eta Teknologikoa; eta beste bi, Giza eta Gizarte Zientzietakoa. Matrikulazioa zabalik da.

Historiari erreparatuz:
1964. urtean sortu zen gure ikastola, guraso adoretsu batzuk beren seme-alaben heziketa euskaraz izan ahal izateko irakasle bat kontratatu eta gurasoetako baten bizilekua ikastetxe bezala egokitzen dutenean. Hurrengo urteetan ikasleen kopurua handituz doa eta San Juan auzoko azpialde batzuk erabiliko dituzte.
1970ean ordura arte zegoen taldea banandu egingo da: batzuk Zizur Txikiko Verbo Divinoren egoitza alokatzen dute gero San Fermin Ikastola izango dena sortuz; besteak, San Juanen geratuko dira, eta Iruñeko Maria Paz de Ciganda y Ferreren omenez  Paz de Ziganda Ikastola izena jarriko diote ikastetxeari. Emakume polifazetiko hau euskal kulturaren zale eta ongile izan zen lehen urte zail haietan.
Berehala San Juaneko lokalak ez ziren nahikoak izan eta batetik bestera ibili behar izan zuten: hasieran Luis Amigo ikastetxearen zati bat alokatu zuten; gero, Beloso Garaian kokatu ziren San Juan de Dios ikastetxean eta hor egon ziren Atarrabiako Dominikoen ikastetxea alokatu zuten arte. Toki honetan finkatu eta hazi zen ikastola 700 ikasle izateraino.
Heziketa erreformak batetik, eta Atarrabiako hirigintza-egitasmo berriak bestetik leku berri bat bilatzera behartzen gaituzte. 1991. urtean Nafarroa Oinez antolatu genuen eta bertan irabazitakoekin gaur egun gauden lursailak erosi genituen. 1995ean ikastola berriaren eraikin nagusia ireki zen, eta 1998an Haur Hezkuntzako eraikinak eta kiroldegia.
2014ean inauguratu dugu DBH eta Batxilergoa bilduko dituen eraikuntza ederra, 2011ko Nafarroa Oinez-aren diru irabaziei esker.
Non gaude kokatuta:
Ikastola Atarrabia eta Burlata artean kokaturik dago, nahiz eta gune handiena eta egoitza-soziala Atarrabiari dagokion,Ermitaldea kalea 1ean baitago.
Kotxez, batez ere, Burlatako saihesbidetik Areta poligonorako ibilbidetik ailegatzen da, Serapio Huizi Ibilbidetik eta Atarrabiako Andreszar kaletik ere hel badaiteke.
4. eta 7. autobus lineak Serapio Huizi Ibilbidearen inguruan gelditzen dira.

 

 

ikastola 208
2014 Apirila
208