IKASTOLA 207 > ikastolak > EUSKAL KANTA BIZIRIK DA ORION

Orioko Herri Ikastola, Orio

EUSKAL KANTA BIZIRIK DA ORION

Olatz Zugasti ikastolako batzordean zegoela sortu zen Musika proiektua.

Kantutegi tradizionaletik zein herrikotik aukeraketa bat eginez kanta bilduma bat landu zuten, bi talderekin hasita. Iulen Alonso izan du laguntzaile. Lan gehienak grabatu dituzte, ondorengoentzat ere, ondare legez. Urteek aurrera egin dute, eta bidean entzuleak hunkitzea lortu dute. Hasierako taldea Olaxka izenarekin jardun zuen, ondoren, Uhats bilakatu. Eta bada orain herrian ere beste talde bat ikasle ohiekin sortua. 

Olatz Zugasti Orioko Herri Ikastolako batzordean zegoela, Ikastolen Elkarteko Euskaraz Bizi proiektuaren markoan, laguntza iturri bat lortu zen antzerki eta kantagintza ekimenetan parte hartzeko. Olatzek onartu zuen musikaren proposamena eta buru belarri hasi zen proiektuari forma ematen.
"Neroni ez naiz izan koro klasikoetan aditua. Haurretan ibilia nintzen bai, baina ez daukat kultura hori hain garatua. Nire asmoa izan zen kantuak ikasi, hemen ditugun Salaberri, Azkue, Aita Donostiaren kantutegietara jo, eta nolabait ere ondare hori berreskuratu, horiekin abiatu. Haurrek kantatzeko politak izatea nahi nuen.  Bi talde sortu genituen, eta horietan baziren batzuk instrumentua jotzen zekitenak. Eta horiek kantatu baino musika jo nahigo zutenak. Egia esanda, ur handitan sartu nintzen. Beti izan dut Julen Alonso nire aldamenean, eskusoinujolea, kantarientzat laguntzaile bikaina izan dena" hasi zaigu Olatz kontatzen.
Errepoertorio tradizional bat osatzen joan ziren. "Gabonetako kantak biltzen, adibidez. Herriko Patxi Danbolin musikari maitiak ere lagundu zigun Orioko kantuak berreskuratzen, bilduma egina baitzuen. Eta grabatzen ere hasi ginen. Egindako lana jasota gelditzea nahi nuen, ondare legez, ondoren datozentzat. Gure altxorra da hori, tradizioan oinarrituta, ikasmaterialarako aproposa dena, ongi zaindu beharrekoa duguna".
Tartean aukezpenak egin zituzten herri mailan, baita Kantuzale Elkarteko zirkuituan Gipuzkoako eta Euskal Herriko txapelketetan ere parte hartuz. 2006ko Ikastolen Elkarteko ikasturte hasierako aurkezpenean izan ziren. "Plazera izan zen guretzat ekitaldi horretan baldintza egokitan lan egitea, ekipo onekin, behar adinako baliabiderekin aritu ginelako", jarraitu du Olatzek. "Eta horrela, ibilian, ibilbidea egin nuen. Urteak pasa ahala, bost neskarekin gelditu nintzen. Norgehiagoko sanoa zuten euren artean, enpatia. Soinu polita, orekatua lortu genuen; esango nuke Euskal Herrian jasota ez zegoen soinua zela".
Hasierako taldea Olaxka izenarekin jardun zuen, ondoren, Uhats bilakatu zena eta oraindik diharduena. Bada orain herrian ere beste talde bat ikasle ohiekin sortua, Ur beatzi? izenekoa.
Balorazioa eskatutakoan, hauxe erantzun digu Olatzek:  "Estimatzen dut egindako ibilbidea. Lan polita egin dugu, entzulea ukitzea eta hunkitzea lortu baitugu.  Hor dago altxor bezala, ia dena grabatuta utzi dugu, Eresbilen ere jasota dago. Gure medioekin egin genezakena egin dugu. Hor daude Intza Unanue, Eneritz Aulestia, Mirene Elizondo, Iñaki Lizarralde, Julen Alonso, Paul Beitia eta Iker Urdangarin, Uhats taldean, lau ahots eta instrumentu joleak, eskusoinua, pianoa, gitarra eta perkusioa; bajua ere tarteka, Legazpitik datorren Izaro Urbietarekin. Horiek guztiek lan txukuna egiten dute, oso txukuna.  Esan dezakegu Orion badela euskal kanta bizirik".

 

 

 

ikastola 207
2014 Otsaila
207