Erabateko elkartasuna
ELKARTASUN IKASTOLAK
Elkartasun Ikastolen Batzar Nagusia egin zen iragan azaroaren 27an, Orion. Urteko balantzea egin, altxortegiaren berri eman eta laguntza eskatu zuten ikastolen txostenak aurkeztu eta proposamenak bozkatu ziren. Proposamen guztiak ia aho batez onartu ziren.
Elkartasun Ikastolen Artezkaritza Kontseiulak 770.000 euro inguruko elkartasun kutxa aurkeztu zuen batzarrera. Horietatik 700.000 euro EHIko ikastolek egindako ekarpenak dira, eta gainontzeko 70.000 euroak Irizar kooperatibak Elkartasun Ikastolei egindako ekarpena. Koldo Tellitu lehendakariak ikastola guztiek erakutsitako elkartasuna nabarmendu zuen: “Balio handia du elkartasunak. Gure artean okerren dagoenari laguntza emateko dugun konpromisoa urre gorria bezala zaindu beharreko balioa da. Are gehiago, ikastola guztiok une gozoak bizi ez ditugun garai hauetan, balio erantsia hartzen du okerren dagoenari laguntzeko hartutako konpromisoak”.
Irizar kooperatibak bigarren urtez jarraian egindako ekarpena ere eskertu zuen Tellituk, eta itxaropena agertu ere egin zuen: “Ikastolaz kanpoko ekarpenen bidea irekia dugu; ea datorren urtean iturri horrek emari gehiago dakarkigun”.
Orioko ikastolako aretoa mukuru bete zuten batzarkideen aurrean, Jose Luis Sukia Egonkortasun arduradunak urteko balantzea aurkeztu zuen, segidan bozketara eramateko. Ia aho batez onartu zen.
Sukiak, jarraian, elkartasun kutxatik laguntza eskaera egin zuten ikastolen gainean Batzorde teknikoak eta Artezkaritza Kontseiluak landutako txostena aletu zuen, eskari bakoitza banan bana aurkeztuz. Guztira hamabi ikastolak egin zuten mailegu edo kapital ekarpen eskaera.
Txostenak aletu eta proposamenak eginda, batzarkideek ia aho batez onartu zituzten Artezkaritzaren proposamenak. Hauexek izan ziren hartutako erabakiak:
Eskariak onartzea Aguraingo Lautada ikastolari, Seaskak egindako eskaerei (Beskoitzen ikastola berria irekitzeko eta Kanboko Xalbador kolegioaren eta Ikastolen Etxearen eraberritze lanetarako), Lodosako Ibaialde ikastolari (azken urteko datuak berrestearen baldintzapean), Oiongo San Bizente ikastolari (altxortegiaren jarraipena egingo diote), eta Argantzungo ikastolari (haren egoeraz eta etorkizunaz hausnarketa egin beharraren premia adierazi zuten).
Harrobia ikastolaren eskaerari onarpen baldintzatua ematea ebatzi zuten, beti ere, ikusgai, har litezkeen erabakiek eta ondoren gera daitekeen egoeraren balorazioaren menpe. Etxebarriko ikastolaren eskaerari buruz oraingoz erabakirik ez hartzea ebatzi zuten, hurrengo erabakiak egin beharreko hausnarketaren menpe utziz. Tuterako Argia ikastolak egindako eskaeraren gainean, berriz, iragan berri den Nafarroa Oinezen emaitzak jakin bitarte erabakirik ez hartzea ebatzi zuten.
Balmasedako Zubi Zaharra ikastolaren eskaera, berriz, ez onartzea erabaki zuten, baina etorkizunean jarraipena egingo zaiola iragarri zuten. Azpeitiako Ikasberri ikastolak egindako mailegu eskaera ere ez onartzea ebatzi zuten, egungo egoera Ogasunaren zorraren atzerapenaren bitartez konpon daitekeelakoan. Onartutako eskaera guztiak kapital ekarpen gisa ematea ebatzi zuen Batzar Nagusiak.
Orotara, geroago onartzeko geratu ziren eskaerak kontuan hartuta, 614.093 euroko laguntza banatzea erabaki zuen Elkartasun Ikastolen Batzar Nagusiak. Denak kapital ekarpen gisa izan ziren. 155.000 euro geratu ziren altxortegian, Argia ikastolak eskatutako 77.000 euroko kapital ekarpenaren gaineko erabakia hartu zain; funts horiek ezustekoetarako gorde dira.
Koldo Tellituk batzarrean gogoratu zuen bezala, elkartasun kutxak ibilbide luzea eduki arren, Elkartasun Ikastolek hasi baino ez dute egin ibilbidea. Izena bezala, izana eta izaera berria dutela azpimarratu zuen, eta ibilbide laburra eduki arren, txostenak egin eta proposamenak lantzeko zein laguntzak emateko eta erabakitzeko prozedurak finkatu eta sendotu egin dituztela: “Irizpideak finkatuta ditugu. Proposatzen ditugun laguntzak eskaera egin duten ikastolen inbertsio edo proiektu berrietarako dira, ikastola horiek, beren kasa, duten egoerari bakarrik aurre egiteko gai ez diren bitartean eskainitako laguntzak. Eta kapital ekarpen moduan edo mailegu moduan ematen dira, eta epe jakin baterako”.
Prozedura eta irizpide horien sendotasunaren emaitza izan zen Batzar Nagusian adierazitako adostasun zabala.
Solidaridad entre las ikastolas
La cooperativa europea Elkartasun Ikastolak ha repartido cerca de 615.000 euros de los fondos de solidaridad, elkartasun kutxa, entre las ikastolas que pidieron ayuda económica a esta entidad. Las citadas ayudas se decidieron en la Asamblea General que celebraron los socios de Elkartasun Ikastolak –todos ellos miembros también de Ikastolen Elkartea- el pasado 27 de noviembre en Orio. Las propuestas se decidieron casi por unanimidad.