IKASTOLA 206 > ikastolak > AURRERA BEGIRAKO URRATS SENDOA

Lan Akordioa ikastoletan

AURRERA BEGIRAKO URRATS SENDOA

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ikastolentzako lan akordio berria izenpetu zuten azaroaren 26an EHIk EIBek eta gehiengo sindikalak. Lau urteko lan gatazkari amaiera ematen dio akordioak, eta lanpostu eta lan baldintzen egonkortasunerako eta ikastolen bideragarritasuna bermatzeko oinarriak finkatzen ditu.

Eusko Jaurlaritzak 2009an alde bateko erabakiz itunpeko sareko irakasleen soldatak ordaintzeko diru saila jaistea erabaki zuenean piztu zen lan gatazka ikastoletan. Langileek lan itunean ezarritako soldata taula errespetatzeko exijitu zuten, eta ikastolek, berriz, Jaurlaritzak kendutako diru zati hori ordaintzeko ezintasuna adierazi zuten, beren bideragarritasuna kinkan jarriko zelako.

Gatazka, epaiketak, epai batzuen aplikazio eskaerak, bahimenduak …; denetarik izan da urteotan, eta zenbait ikastolatan egoera bezala giroa ere gaiztotu egin da. Ikastolek gehiengo sindikalarekin (LAB sindikatua) lortutako akordioaren bitartez, ordea, amaiera ematen zaio gatazkari, eta irtenbidea ematen lanpostu eta lan baldintzen egonkortasunari zein ikastolen bideragarritasunari.

Akordioa, gainera, ez da helmuga gisa ikusten. Aitzitik, bi aldeek abiapuntu gisa ulertu dute eta hala adierazi dute.

Akordioaren bitartez, lanpostuei eusteko eta sortzeko bidea adostu dute bi aldeek, errelebo kontratuen bitartez eta lehentasuna ikastoletan soberakin izendatutako langileei emanez. Era berean, ikastolek aitortu egiten dute langileekiko duten zorra, eta Jaurlaritzaren diru partida 2009ko tauletara iritsi bitartean %0,7-ko gehikuntza egiteko ahalegina hartzen dute beren gain, ikastolen bideragarritasuna kinkan jartzen ez duen bitartean. Urteko soldata gordina 25.000 eurora iristen ez zaien profesionalei, berriz, 2009ko taulak aplikatuko zaizkie.

Lan gatazkaren muinean hirugarren batek hartutako erabaki bat dela jakitun, bi aldeek uste dute egoera ez dela aldatuko Eusko Jaurlaritzak ez badu bere gain hartzen Hezkuntza Lege berri baten sorrera. Bi aldeen ustez, lege berri horrek ikastoletako langileen lan baldintzak hobetzea, haien garapen profesionala eta soldaten homologazioa, eta ikastolei finantzazio maila egokia ahalbidetu behar ditu.

EIBko ikastolek ere izenpetu dute akordioa. Hitzarmena ikastoletan indarrean sartu dadin, ikastola bakoitzean berretsi beharko dute aldeek. Horretarako konpromisoa hartu dute EHIk, EIBek eta LABek.

 

Acuerdo laboral en las ikastolas

Tras cuatro años de conflictos, surgidos por la reducción unilateral de la financiación a los profesionales de las ikastolas por parte del Gobierno Vasco, Ikastolen Elkartea, EIB y la mayoría sindical (LAB) han llegado a un acuerdo laboral para los trabajadores y las trabajadoras de las ikastolas de Araba, Bizkaia y Gipuzkoa. Un acuerdo que garantiza la estabilidad y las condiciones laborales, y garantiza, también, la viabilidad de las ikastolas de estos tres territorios. El acuerdo, ahora, deberá ser ratificado en cada una de las ikastolas.

ikastola 206
2013 Abendua
206