IKASTOLA 206 > erreportajeak > ETORKIZUNA BERMATZEKO AZPIEGITURA

Seaskaren egoitza berria eta Xalbador Kolegioa

ETORKIZUNA BERMATZEKO AZPIEGITURA

Ikastolen etorkizuna bermatzeko azpiegitura sendoak dira biak

Seaskaren egoitza berria den Ene Pentzea eta Xalbador kolegioa erabat zaharberritu dituzte aurten Kanbon. Ikasturte hasierarekin batera ireki dituzte ateak bi eraikin eraberrituek. Ikastolen etorkizuna bermatzeko azpiegitura sendoak dira bi-biak.

Etorkizuna bermatzeko azpiegitura

Seaskaren egoitza berria den Ene Pentzea eta Xalbador kolegioa erabat zaharberritu dituzte aurten Kanbon. Ikasturte hasierarekin batera ireki dituzte ateak bi eraikin eraberrituek. Ikastolen etorkizuna bermatzeko azpiegitura sendoak dira bi-biak.

Duela hogeita hamar urte, lehenbiziko Herri Urrats egin zenean, bertan bildutako dirua izan zen Kanboko Xalbador kolegioa dena kokatzeko, Ene Pentzea eraikina eta inguruko orubea erosteko erabili baitzen. Urteen poderioz, eta gero eta ikasle gehiago biltzen zituela-eta, eraikina txiki geratu zen; ez zuen behar besteko baliabiderik hainbeste ikasle modu egokian, bere baitan biltzeko. Egoera horrek bultzatuta egin zen beste eraikin bat eraikin zaharraren alboan. Baina ez zen aski izan, eta egoerari behar bezalako erantzuna ematea epe luzera erabakirik egokiena zela ebatzita, bi eraikinak zaharberritzea erabaki zuten.

Hilabeteetako lanak eta gero, aurtengo ikasturtean zabaldu dituzte ateak bi eraikin eraberrituek. Eraikin berria zenak orain metro gehiago ditu, eta bertan hartzen ditu kolegioko ikasleak eta azpiegitura guztiak. Eraikin zaharra, berriz, Ene Pentzea etxe historikoa, Seaskaren egoitza nagusia da orain.

Azaro erdialdeko egun batez joan gara kolegio eraberritua bisitatzera. Giro hotz, baina zorionez ateri den goizean, eguraldia bezala zeru gainean hegoalderantz abiatutako lertxun eta kurriloak iragartzen ari dira neguaren hurbila. Eraikin berrituaren barnealdean, aldiz, ez da kaleko hotza nabari; giro epelari Xalbadorreko zuzendari Eñaut Elosegi eta beste zenbait irakasleren berotasuna batu zaio. “Hemendik aurrera berogailua jarri beharko dugu, baina ongi zaindu beharko dugu behar baino gehiago ez erabiltzeko”, diosku Elosegik, ikastolan egin den inbertsioari aurre egiteko azken sosak ere aintzat hartu behar dituela jakitun.

Izan ere, 2,4 milioi euro inbertitu dira eraberritze lanetan. Iragan den Herri Urratsen bildu zen dirua Xalbador kolegioarentzat izan zen, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ere lagundu du inbertsio honetan, 600.000 euro jarriz. Elkartasun Ikastolek ere egin dute ekarpena, eta Irizar autobus kooperatibak ere bai. Kolegioko guraso eta irakasleek auzolanean egindako lana ere ez da makala izan, gastua murrizteko zaharberritzean musu truk parte hartuz.

Elkarlan, auzolan eta elkartasun horren bitartez, egun Xalbador kolegioko ia hirurehun ikasleek azpiegitura egoki eta modernoak dituzte, eta horrek, bertan ematen den pedagogia aurrerakoiarekin batera, inguru egokia edukitzea bermatzen du. “Ez ginen ohituak horrelako azpiegiturara”, aitortu du Xalbadorreko zuzendariak; “Orain ahalik eta etekinik handiena atera behar diegu baliabide berriei”.

Izan ere, ikasgai bakoitzarentzat berariazko gelak edukitzeaz gainera (fisika gela, laborategia, musika gela, soin hezkuntzarakoa…), gela bakoitzean proiektore digitalak dituzte, IKTetan ere trebatzeko. “Inbertsio handia egin da, bai. Baina merezi du gure ikasleen geroa bermatzeko”, dio Elosegik.

Atseden ordua iritsi da kolegioan. Ikasleek bazekiten bistara joan behar gintzaizkiela. Batzuek lehenago ere ikusi gaituzte gela batean eta bestean argazkiak ateratzera joan garenean. Jolastokira irten direnean, denak familia argazkia egitera hurbildu dira. Argazkiak bereziak izatea nahi zuten, eta ikasle zein irakasleek afixak prestatu dituzte argazki horietarako. Abenduaren 3an, Euskararen Egunean, Kanboko kaleak apaintzeko dagoeneko prestatuta dituzten afixak dira. Ikasle bakoitzak bere mezua jarri du. Kartoi mehetan margotuta dauden mezuak plastifikatu egingo dituzte, eta Euskararen Egunean hari batzuei lotuta girlandak egingo dituzte Kanboko kaleetan zintzilikatzeko.

Kolegioaren jolastokia ez da txikia. Bi jolastoki estali ere badituzte pilotan egiteko edo euria ari duenean babesean jolasteko. Eta hantxe jarri dira korrikan ikasle guztiak, jolastokia inguratzen duen ibilbidean. Familia argazki estatikoaz gain, dinamikoa ere osatu dute horrela.

Seaskaren etxea

Orubearen albo batean, kolegio zaharberrituak egiten duen L letraren babespean dago Ene Pentzea. Eraikin historikoa da. Tuberkulosia eta biriketako beste minak zituzten gaixoek, Kanbora sendatzera etortzen zirenean, aterpe izan zuten Ene Pentzea. Gerora, lehen esan bezala, Xalbador kolegioaren egoitza izan zen. Orain, zaharberritze lanak amaituta, Seaskaren egoitza nagusi bilakatu da.

Ene Pentzean daude Seaskaren bulegoak, baina administrazioaz gain, Ipar Euskal Herriko ikastoletako pedagogia alorra ere bertatik bideratzen da. Han jasotzen dituzte ikastaroak ikastoletako irakasleek; han egiten dituzte trebatze eta prestakuntza ikastaroak. Eraikinaren albo batean, eraikinari itsatsita, bilera eta batzar handiak egiteko gela ere eraiki dute.

Eraikin honetan egindako inbertsioa ere ez da makala izan; hiru milioi euro behar izan dute dena egokitzeko. Inbertsio honetan, Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusiak 1,5 milioi euroko laguntza eman du.

Ospakizun bat berri txarrak nagusi diren unean

Ordurako martxan ziren arren, joan den urriaren 19an inauguratu zituzten Kanboko Xalbador kolegioa eta Ene Pentzea zaharberrituak. Ospakizun egun bat izan zen, Seaskarentzat urte gogorra izan den honetan. Ekitaldian ez ziren falta izan, ordea, Frantziako Gobernuak ikastolak itotzeko hartutako deliberoaren inguruko aipamenak.

Xalbador kolegioko ikasle, irakasle eta gurasoez gain, Seaskako eta Ikastolen Elkarteko ordezkariak hurbildu ziren ekitaldira, eta baita erakunde askotako ordezkariak ere. Besteak beste, presente izan ziren ekitaldian Paxkal Indo Seaskako lehendakaria, Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakaria, Georges Labazee Pirinio Atlantikoetako presidentea, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Mertxe Aizpurua Udalbiltzako lehendakaria, Vincent Bru Kanboko auzapeza, Sylviane Alaux diputatu sozialista, Frederique Espagnac senatari sozialista eta Frantxua Maitia Euskararen Erakunde Publikoko presidente eta Akitaniako kontseilaria. Ekitaldira gonbidatu zuten arren, Eusko Jaurlaritzak ez zuen ordezkaririk bidali; gerora jakinarazi zuen ezin izan zuela inork hurreratu.

Eraikinen berrinaugurazioko zinta mozketak Labazeeren eta Garitanoren esku joan ziren, biek ordezkatzen dituzten erakundeek eman baitute diru laguntza handiena Ene Pentzea zein Xalbador kolegioa zaharberritzeko. Erakunde guztietako ordezkariek ere hartu zuten parte, dena den, zinta mozketa ekitaldietan, denek, aldez edo moldez, parte hartu baitute era berean, orain errealitate bilakatutako bi proiektuetan.

Frantziako Gobernutik, Falloux legea medio, Seaskaren aurka azken hilabeteetan abiatutako erasoak hizpide izan ziren ekitaldiko hitz-hartzeetan. Batzuek zuzenean, beste batzuek zeharka, ikastolak itotzeko kanpaina hori salatu zuten.

Erasoari izen eta abizenak jarri zizkioten, esaterako, Paxkal Indok eta Koldo Tellituk. Frantziako Barne ministro Manuel Valls jo zuten erantzule nagusi, eta haren bitartez eta haren agindupera diharduten Paueko prefeta eta Baionako suprefeta. Ikastolak laguntzeko erakundeen edozein ekimenen aurka joko dutela argi eta garbi esana dute hirurek, eta, beraz, Xalbador kolegioaren eta Ene Pentzearen eraberritze lanei emandakoak izan daitezke Seaskako ikastolek jaso litzaketen azken laguntzak.

Indo eta Tellitu ez ziren erabat ezkorrak izan, eta tamainako erasoaren adinako erantzuna ematera dei egin zuten, bai kalean eta baita proiektuak aurrera ateratzeko elkarlanean ere. Lege bat eskatu zuten euskararentzat, lege bat euskararen irakaskuntzarentzat.

Garitanok, berriz, Frantziako erasoaren pare jarri zuen Espainiatik Iparraldeko ikastolak laguntzearen aurka abiatutakoa ere. Izan ere, Garitanok gogoratu zuen bezala, Espainiako Gobernuak salaketa jarria du Gipuzkoako Aldundiak Xalbador kolegioari 600.000 euro emateko hartutako erabakiaren aurka.

Frantziako Gobernuaren erasoa aipatu ez zuten arren, Alauxek eta Maitiak ere lege bat eskatu zuten euskararentzat.

Ekitaldian omenaldietarako tartea ere izan zen, eta Xalbador kolegioak gogoan izan zituen duela 30 urte ikastola martxan jartzeko lanean aritu ziren guraso eta irakasleak. Haiek omenduta amaitu zen ekitaldia, ohi bezala, bertaratutako guztiek dastatu ahal izan zuten otamenarekin.

Kanbo, sede de Seaska

Tras las obras de rehabilitación y acondicionamiento llevadas a cabo, el pasado 19 de octubre se inauguraron en Kanbo dos edificios emblemáticos de las ikastolas de Seaska: por una parte, el colegio Xalbador, que aglutina a casi 300 alumnos, de entre 11 y 15 años, de la comarca; y por otra el edificio Ene Pentzea, que, tras las obras, se ha convertido en la sede de Seaska y de Ikastolen Etxea. El coste de las obras, de unos cinco millones de euros, se está financiando a través de las aportaciones públicas (el Consejo General de Pirineos Atlánticos y la Diputación

ikastola 206
2013 Abendua
206