IKASTOLA 239 > iritziak > Datorren ikasturteari begira

ADIERAZPEN INSTITUZIONALA

Datorren ikasturteari begira

Pandemiak amaitu den ikasturte honetan utzi dizkigun irakasgaiak baliatu behar ditugu irailerako

ADIERAZPEN INSTITUZIONALA. Hiru eskenatoki desberdin iraileko itzulerarako.

Covid 19 birusaren pandemiak guztiz markatu ditu gure bizitzako alor guztiak, eta, noski, baita hezkuntzarenak ere. Amaitu berri dugun ikasturtearen balorazio bat eta irailean hasiko dugunaren gaineko hurbilpen bat egin nahi izan du Ikastolen Elkarteak Adierazpen Instituzional honen bitartez.

2020ko uztailean gaude, 2019/20 ikasturtea amaitu berri da eta hasita gaude, dagoeneko, hurrengoa prestatzen. Unea da, beraz, patxadaz hausnarketa sakon eta lasaia egiteko, lerro hauetan pintzelada batzuk besterik ez ditugu azalduko, lagungarriak izango direlakoan gaude, eta horrela izatea espero dugu.

Orain dela hilabete gutxi batzuk ikastoletan hausnarketa garaia ailegatu zela esaten genuen, azken urteetan egindakoa baloratu eta hurrengoetan zer nolako ekarpen eta protagonismoa eman behar genion hezkuntza sistemari adierazten genuen; horregatik jarri genuen martxan Ikastolen VII Batzarrerako eztabaida prozesua. Zoritxarrez, COVID-19ak bertan behera utzi zuen abian jarritako prozesua, baina gaur egun dugun perspektibak baieztatu besterik ez du egin garai horretan (orain dela sei hilabete besterik ez) adierazi genuena. Hala ere eztabaida eta hausnarketa hori ezin da berdina izan; gertatutakoak gauza asko erakutsi dizkigu, ikastolen eta hezkuntza sistemaren indarguneak eta ahulguneak, arlo pedagogikoan zein sozialean, aldaketen abiadura, ….. horretatik guztitik ikasi behar dugu, eta gure burua etorkizunera begira jarri.

Aipatu dugun bezala, une honetan egitera goazen ikasturtearen balorazioa zeharo baldintzatuta dago COVID-19 gaitzaren ondorioz bizi izan dugun esperientziatik. Gauza asko ikasi ditugu azken hilabete hauetan, bai aldekoak (positiboak) zein negatiboak, eta guzti horietatik ikasi behar dugu, ondorioak atera eta hurrengo urteetan zer egin eta zer ez hausnartu.

Abiatu gaitezen, bada, ikasturte honen balorazioa egitetik. Hasieran aipatu dugun bezala, ikasturte honetako egoera zeharo baldintzatuta egon da COVID-19ak sortutako pandemiarekin; ikastolen ikuspegitik ondorio asko eta nabariak dira.

Orokorki ikastolen (eta ikastolok osatzen dugun eragile guztien) erantzuna bikaina izan dela adierazi behar dugu. Gai izan gara ikas-irakas prozesua bideratzen gure ikasle guztientzat. Baina, behin hori adierazita, ezin dugu esan emandako erantzuna egokiena izan denik; berriro errepikatuz gero, ezingo genuke erantzun berdina eman, gauza batzuk aldatu beharko genituzke, akatsetatik ikasita hobekuntzak proposatuko genituzke. Beraz, prestatu behar dugu gure burua beste krisi egoera bat sortuko balitz aplikatu beharreko hobekuntza horiek egiteko. Eta non ikusten ari gara hobetzeko bideak?

  • Erantzuna emateko orduan, irakasleen lan pertsonalean oinarritu gara batez ere. Guk, ikastolok zein Ikastolen Elkarteak, irakasleei tresnak eta gidalerroak eman dizkiegu, baina gero irakasle bakoitzaren eskuetan utzi dugu prozesua nola gauzatu, eta prozesu hori orokorrean oso ona izan bada ere, ezberdina izan da, ez homogeneoa. Etengabeko jarraipena ez da eman, eta horren gabezia nabaritu egin da ikastola batzuetan, eta hori ezin da berriro gertatu, oso garbi finkatu behar dugu maila eta etapa bakoitzean irakasle eta profesional bakoitzak zer egin beharko lukeen, familia bakoitzari eskatu beharrekoa eta guk, ikastola bezala, bideratu behar duguna; bestela, berriro ere, egoera berdinean egongo ginateke eta ikastoletatik familiei zein ikasleei emango geniekeen erantzuna ez genuke hobetuko.
  • Harreman pertsonalen esparrua ere hankamotz gelditu zaigula aipatu eta adierazi beharko genuke; familia eta ikasle askok ez dute gugandik  behar zuten laguntza eta babes pertsonala jaso; online klaseak, bideoak, tresna teknologikoak, …. erabili ditugu. Baina denok dakigu hori ez dela nahikoa, eta ikasturte bukaeran egoera hori zuzentzeko aukera izan badugu ere, argudio bat edo bestea erabiliz, kasu askotan behintzat ez diogu ikasturteari merezi zuen bukaera eman. Familiek, oro har, egoeraz jabetu eta beren aldetik seme-alabei laguntza zuzena eman eta ikastoletako profesionalekin harreman zuzena eta egokia izatea erraztu dute; baina ikasturte bukaeran harreman pertsonaletan behintzat zertxobait gehiago egin zitekeela pentsatzen dugu.
  • Komunitate osoaren parte hartzea ez da askotan bermatu. Familien parte hartzeari begirako estrategiak falta izan dira, baita ikasleen parte hartzeari begirakoak ere.  EHItik hasita, bere lana ikastoletako zuzendaritzetan zentratu da une batzuetan.
  • Ikuspegi pedagogikotik ere badugu zer hobetu; harro gaude egindakoarekin, arlo digitalari esker gai izan gara ikasleen ikasketak bakoitzaren etxetik gauzatzeko, baina ez ditugu erabili genituen tresna guztiak horretarako. Askotan gelan egiten genuena errepikatu dugu digitalki, ikas-irakaskuntza prozesua ezberdina dela konturatu gabe ezberdina dela; digitalizazio tresnak erabiltzerakoan ezin dugu aurrez aurre egiten duguna (arlo digitala erabilita ere) errepikatu, askoz etekin handiagoa atera daiteke bide horretan, eta egoera errepikatzen bada irakasleen prestakuntza eta tresnak areagotu eta bideratu beharko genituzke. Alde batera utzi dira modu nabarmenean gorputz hezkuntza, musika edo plastika bezalako arloak.
  • Eta zer esan hizkuntzen (orokorki) eta euskararen (bereziki) egoerari buruz?. Pandemiaren aurretik, behin eta berriz ohartarazi genuen euskararen normalizazioaren egoera kezkagarria zela hezkuntzaren eremuan, eta bizi dugun egoerak berretsi egin du esaten genuena. Ikastoletan euskararen inguruan egunero egiten dugun lanaren garrantzia erakutsi digu, batez ere etxean euskaraz egiteko aukerarik ez duten ikasleen kasuetan. Ikastolok ezinbesteko eragile izan behar dugu euskara eta euskal kultura zabaltzeko, gerora begira argi eta garbi gelditu da bide berriak aztertu eta asmatu beharko ditugula gure komunitate osora iristeko, batez ere etxean euskararik ez duten familiengana iristeko.
  • Ezin dugu aurrera jarraitu ezer gertatu ez balitz bezala, egoera honetara eraman gaituzten arrazoien irakurketa kritikoa egin gabe, eta hori guztia gure ikasle eta familiekin partekatuz. Pandemiaren zergatiei buruz galdetu eta hausnartu beharko dugu, ingurumenari egiten ari garen kalteari buruz, aztarna ekologikoa nola aldatzen ari garen barne, teknologiarekiko dugun mendekotasunari buruz, kontsumismoari buruz, bai eta herri gisa erantzuna emateko orduan izan ditugun gabeziei buruz, gure familia askotan sortu dituen egoera ekonomiko zailei buruz eta gizartearen urruntzeari buruz ere.
  • Eta zer esan arreta berezia behar duten ikasleen inguruan? Kasu gehienetan ezin izan dugu ikasle hauen jarraipen eta laguntza zuzena egin; aurkitu behar ditugu bideak horretarako, eta baliabide bereziak jarri behar dira arlo honetan. Badakigu zaila dela, baina horrelako egoera bat errepikatuz gero, ezin dugu onartu hau berriro ere gertatzea. Hausnartu beharko dugu noiz eta nola, baina horren erantzuna ere bilatu beharko dugu. Kasu honetan ere familia eta ikasleen erantzuna oso ona izan da, egoera onartuz eta moldatuz (bakoitzak bere gaitasunaren arabera), erakutsi duten heldutasuna eta autonomia ikaragarria izan da, baina gerora begira hobetzeko puntu bat dugu hemen ere.
  • Ikastolekin bukatzeko ezin azaldu gabe utzi beste atal bat: behin baino gehiagotan ikastolok erakutsi dugun administrazioarekiko menpekotasuna. Prozesu honetan askotan (gehiegi gure uste apalean) administrazioak hartzen zituen erabakien zain egon gara, adituen talde propio bat osatu barik umeen eta nerabeen, familien eta langileen benetako beharrei uneoro erantzungo dieten proposamenak egiteko, hainbatetan hezkuntza munduan dugun eraginari  uko eginez. Ikastoletan betidanik aldarrikatu dugun autonomia eta erabakiak hartzeko gaitasuna gauzatu nahi badugu, ezin dugu beti administrazioaren zain egon, gure erabaki propioak hartu behar ditugu (horrek dakarren arrisku guztiarekin) talde bezala. Eta ez hori bakarrik, ahalmen hori aldarrikatu ere egin behar dugu.

Eta zer esan Ikastolen Elkartearen inguruan? Gogoeta aurrekoaren antzekoa da. Oso ondo erantzun dugu, ezagutzen ez genuen egoeraren aurrean gure baliabide eta imajinazio guztia jarri dugu mahai gainean, baina aurrekoan bezala badugu zer ikasi. Hiru aipamen egingo ditugu:

  • Ikasketa telematikoen metodologia: Aurrekoan esan bezala ikasketa telematikoa (ez digitala bakarrik) nola gauzatu eta hobetu eta zein neurritan erabili ikertu behar dugu. Ez geneukan atal hori teorizatua eta, gerora begira, ezinbestekoa da horren inguruko hausnarketa egitea.
  • Zailtasunak dituzten ikasleen ikasketa prozesua. Ikastolei gertatu bezala, guk ere pentsatu behar dugu horretaz. Aurretik martxan jarritako IDU proiektuaren garrantziaz konturatu gara: gure material guztia egokitu beharko genuke, eta ez “egokitu” bakarrik, baizik eta ekoizterakoan ikasle horien egoera ere buruan izan beharko genuke, bestela beti berandu ibiliko gara.
  • Curriculumaren egokitzapena: historikoki egokitu egin dugu gure materiala administrazio ezberdinek ezartzen duten curriculumera, baina ez dugu aztertu guretzako zein den gutxienekoa eta oinarrizkoa. Egoera honetan garbi ikusi da horren lanketari ekin behar diogula; oinarrizkoa dena identifikatzea, ebaluazio ereduan sakontzea…

Egiten ari garen balorazioak kutsu negatiboa duela dirudien arren, harro gaude egindakoarekin, ziur gaude EAEko sisteman, talde bezala, gure erantzuna, lana, koordinazioa, … oso ona eta egokia izan dela, eta idatzi honetan azaldu diren gabeziak ez direla modu orokorrean eman ikastola guztietan. Baina horrek ez gaitu autokonplazentziara eraman behar; ikastolok ikasi egin behar dugu egindako akatsetatik eta hobekuntzak eta zuzenketak proposatu. Ikuspuntu horretatik egiten dugu balorazio hau. Hurrengo ikasturtea ez da aurtengoa baino errazago izango, eta orain arte aipatutakoa kontuan izan beharko dugu plangintza berria egiterakoan.

 

Ezin atal hau itxi egoera orokorrari aipamen txiki bat egin gabe: pandemiak (eta hauteskunde berrien deialdia ere, noski) bertan behera utzi ditu legealdi honetan hezkuntza munduan jarritako helburu batzuk, eskola legea edo akordioa batez ere. Ikastolok aspaldi ari ginen gure hezkuntza-sistemaren ahuleziak aipatzen, eta ezin genuen autokonplazentzia egoera batean jarraitu, egungo hezkuntza-sistemaren zikloa agortzen ari baitzen, pandemia honek oso agerian utzi ditu gure sistemaren gabeziak eta aldaketarako premia, ez dakizkigu hauteskundeen emaitzak eta, ondorioz, Hezkuntza Sailaren osaketa berria (edo jarraipena) zein izango den, baina orain arte ikastolen aldetik Lege baten beharraren aldarrikapena ozena izan bada, momentu honetan garbiago behar du izan. Ezin dugu jarraitu egoera honetan, bakoitza bere aldetik, bata bestearen kontra etengabe, norabide gabeko egoera batean. EAEko Hezkuntza Sistema anitza da, abiapuntu hori denok onartzen badugu lortu dezakegu aurrera egitea. Bestela, orain arte bezala jarraituko dugu.

Irailera begirako lehentasunak

Eta  zer egin 2020/21 ikasturtean?. Zeintzuk izango dira Ikastolen eta Ikastolen Taldeko lehentasunak?. Neurri handi batean orain arte esandakoarekin aurreikusi daiteke erantzuna. Hala ere, saiakera txiki bat egingo dugu ildo nagusiak adierazteko.

Abiapuntua: COVID-19aren ondorioak pairatzen jarraituko dugu hurrengo ikasturtean, eta, lehen esan dugun bezala, prestatu behar dugu gure burua horretarako. Bilakaera ez da lineala izango, ezta leku guztietan ere, ziur aski egoerak txandatzen joango dira: normaltasun osoa (ikasle guztien presentzia fisikoa ikastoletan), segurtasuneko neurri berezi batzuk (ikasleen presentzia fisikoa murriztuz) edo konfinamendu osoa txandakatuko dira. Ikastolok prest egon beharko dugu edozein egoerari aurre egiteko, beti ere aurtengo ikasturtean ikasitakoa aplikatuz, eta lehentasuna (k) segidako puntuetan jarriz:

  • Ikastolok erakunde eta talde bezala erantzun beharko diogu egoerari, parte hartze prozesu zabalak jarri beharko ditugu martxan. Ikastolaren kide bakoitzaren lana gutxietsi gabe, erantzuna ezin da indibiduala izan, kolektiboa baizik, langile, familia eta ikasleekin. Ikastolen funtzioa lehen planoan ipiniz.
  • Zenbat eta txikiagoa izan ikasleen autonomia, adinaren arabera, orduan eta aurrez aurreko dedikazio handiagoa eskaini beharko zaie ikasleei baita beren familiei ere. Konfinamenduaren ondorioz era guztietako erreferentziak galdu dituzten ikasle nerabeak alde batera utzi gabe.
  • Aurrez aurreko saioak eta on line bidezkoak zertarako baliatuko diren zehaztu behar dugu. Honek irakasleen planifikazioan eragina zuzena izango du.
  • Sakondu beharko dugu irakaskuntza telematikoen metodologian, egoera bakoitzean (presentziala edo telematikoa) metodologia eta material egokia erabiliz eta zein neurritan erabili behar den kontutan hartuta.
  • Ikasle eta familiekin harremanak eta jarraipenak oso sendoak eta etengabekoak behar dute izan.
  • Gure ikasleei euskal komunitatearen parte sentitzen lagundu,  gure gizartean gertatzen ari dena egungo egoera errealetik abiatuta erakutsiz, erabaki hartzaile kritikoak, sortzaileak, ekintzaileak... izaten lagundu.
  • Ebaluatzeko tresnak eta irizpideak egokitu eta gauzatu beharko ditugu.
  • Euskararen erabilera bermatu behar dugu gure ikasle guztiekin (etxeko hizkuntza euskara ez denean batez ere), horretarako metodologiak eta material egokiak bilatuz.
  • Arreta berezia behar duten ikasleen jarraipena ere bermatu beharko da.
  • Ikasle guztiekin harreman pertsonalizatua ziurtatu beharko da.
  • Ikasleen arteko talde lanean fokua jarri behar da, ikaskuntza prozesu soziala delako, ikasleek behar dutelako eta ez ohiko egoera batean berdinen arteko ikaskuntzan oso baliagarria izan daitekeelako. Ezinbestean irakaslearen planifikazioan kontutan hartu behar da.
  • Ikastolen komunitatearen ezaugarri historikoak indartu behar dugu ere, eta horretarako

Ikasturte honen hasieran abian jarri genuen Ikastolen VII Batzarraren inguruko eztabaida prozesua berreskuratu eta bultzatu beharko dugu. Baita Pandemiak geldiarazi zituen beste lan batzuk ere: komunikazio plana, harrera plana, beka sistema…

Ez da lan makala; adieraztea erraza bada ere, zailagoa da praktikan jartzea. Hala eta guztiz ere, konbentzimendu osoa dugu aurrera egingo dugula. Asko ikasten ari gara (eta ikasiko dugu datorren ikasturtean), eta konbentzimendu osoa dugu prozesu honetatik lehen baino indartsuago aterako garela. Azken ahalegina egin behar dugu, eta hurrengo ikasturterako irizpide berdinak, komunak, ezarri, talde bezala aurre egin egoerari, taldeak sortuz atal ezberdinetan eta konpromiso argiak hartuz, gero Ikastola bakoitzak ikusiko dugu nola moldatu baina talde bezala erantzun diezaiogun egoera honi komunitatearen ikuspegitik.

Eta hau guztia gauzatzeko, egoera berrira egokitzeko, baliabideak beharko dira, eta horren finantzazioa administrazioak bere gain hartzea lortu beharko dugu.

Guzti honek balio behar du ere gure hezkuntza sistema zalantzan jartzeko, bere osotasunean, egin diren lanak, metodologiak, ikasle-irakasle-familien protagonismoa, egituraketa juridiko zein laborala,… Susmatzen genuen aldaketaren beharra; azken urte hauetan buru belarri aritu gara ideia horrekin (konpetentzietan oinarritutako irakaskuntza, ebaluazioaren aldaketa, ikasleen lekua ikasketa prozesuan, ….), baina gaur egun ezinbestekoa dela esan behar dugu, hori baita pandemia honetatik atera dezakegun ondorio nagusia, eta ez ikastolok bakarrik, hezkuntza eragile guztiak leku berdinera ailegatu gara: aldaketarik gabe, gure sistema porrotera doa.

Baina oraingo galdera beste bat da: NOLA? Hau ere ez da erraza; hala ere hasi beharko dugu pausoak ematen, eta gure ustez lehenengoak Hezkuntza Legea behar du izan. ez da nahikoa “Akordio” batekin, ez da nahikoa erreforma partzialak edo koiunturalak egitearekin, errotik aldatu behar da sistema, bertan gauden eragile guztiek parte hartu beharko dugu eta gure ekarpenak egin beharko ditugu, elkarlanean. Baina oso argi izanik, halaber, eragile batzuek ez badute prozesu honetan parte hartu nahi, ez badute elkarrekin lan egin nahi, horrek ez duela gure jarduna baldintzatuko, eta aldarrikatzen jarraituko dugu, eta prozesu horren bandera eraman behar bada, eramango dugu. Gerta daiteke larritasun-egoeratik atera ondoren lehengo leku eta posizionamenduetara bueltatzea, baina horrek adieraziko luke ez dugula ezer ikasi. Gure gizartea hori baino helduago dela sinesten dugu, eta gure aldetik indar guztiak jarriko ditugu norabide aldaketa hori ahalbideratzeko.

ikastola 239
2020 Uztaila
239