IKASTOLA 239 > orientazioa > Aisialdi hezitzailea, baita uda honetan ere!

Aisialdia

Aisialdi hezitzailea, baita uda honetan ere!

Haur eta nerabeek inoiz  baino premia handiagoa dute elkarrekin egon eta jolasteko, kaleak hartu eta naturaz gozatzeko

Segurtasun eta prebentzio neurriak hartuta, baina erdigunean haurren behar eta premiak jarrita.

Aisialdiko jarduerak haur eta gazteek sozializatzeko, jolasteko, elkarbanatzeko, sentitzeko, esperimentatzeko, gozatzeko eta ikasteko espazioak dira, eta garrantzi handikoak dira giza-garapen integralerako.

Ikastolen Elkarteko Aisialdi Taldeak ez du etsi urtero bezala uda honetan ere haur eta nerabeei aisialdi hezitzailea eskaintzeko asmoan. Egoera berezi batean izanik ere, eta hainbat proiektu bidean utzi behar izan duten arren, uztailean zehar haurrek goza dezaten azken prestaketa lanetan ari dira, segurtasun eta prebentzio neurriak hartuta, baina erdigunean haurren behar eta premiak jarrita.

Ez dira aste errazak izaten ari. Covid-19 birusak sortutako pandemiak gogor jo du gure gizartea: itxialdi-etxealdia, ikastolen itxiera, telelana… Birusak eragin duen krisi sozial eta ekonomikoen ondorioak pairatzen hasi gara, eta denboran luzatuko direla aurreikusten dugu.

Birusak gure bizitzak hankaz gora jarri ditu. Ikastoletako sarea osatzen dugunok, parean jarri zaizkigun zailtasunei aurre egin eta gure lanarekin jarraitzeko ausardia eta egokitzeko gaitasuna erakutsi dugu. Jakin badakigu, momentu honetan hezkuntza komunitatearen lehentasuna ikasturteari bukaera egokia eman eta hurrengoaren hasiera antolatzea dela.

Hala ere, Ikastolen Elkarteko Aisialdi Taldetik argi dute gure haur eta gazteei itxialdiak sortutako gabeziak badirela. Hainbat dira konfinamenduak haur eta nerabeen osasun fisiko, psikiko eta emozionalean dituen arriskuaz ohartarazten diguten ahotsak. Ezin dugu ahaztu, beraiek izan zirela itxialdia pairatzen lehenbizikoak, eta ikusten ari gara beraiek izaten ari direla normaltasunerako itzulera honetan azkenekoak.

Egoera honek kezka eta ardura eragiten du, gure haur eta gazteak etorkizuna izateaz gain oraina ere badirelako; haur eta nerabeen eskola, herria, gizartea bera delako. Haur eta nerabeek ingurunea ulertzeko, harremanak egiteko eta estutzeko jolasa behar dutelako. Jolas arauak errespetatuz elkarbizitzen ikasten dutelako. Zenbait haur eta gazterentzako aisialdiko eskaintza ere badelako euskaraz mintzatzeko, jolasteko eta bizitzeko aukera bakanetakoa, bakarra ez denean. Eta ezin dugu aipatu gabe utzi, lanerako itzulera gero eta orokorragoa den honetan, familien kontziliazio beharrei ere erantzuten diela aisialdiko eskaintzak.

Horregatik, uda honetan, haur eta nerabeei aisialdi hezitzailea eskaintzea inoiz baino beharrezkoagoa dela pentsatzen du Aisialdi Taldeak. Aisialdiko jarduerek duten balioa eta garrantzia aldarrikatu nahi dute; aisialdia baloreetan oinarritutako heziketa eta zaintza gunea dela ulertzen dute. Aisialdiko jarduerak haur eta gazteek sozializatzeko, jolasteko, elkarbanatzeko, sentitzeko, esperimentatzeko, gozatzeko eta ikasteko espazioak dira, eta garrantzi handikoak dira giza-garapen integralerako.

Konfinamenduak haurrengan sortu dituen beharrizanei erreparatzea dagokigu orain, eta gure esku dago beharrizan horiek asetzeko aisialdiko jarduerak antolatzea eta garatzea.

Birusak hor jarraitzen du, eta ziurgabetasun egoera honek sortzen dituen beldurrak eta zalantzak ulergarriak dira Aisialdi Taldearen ustez. Arduraz jokatu behar da, baina ekiteko garaia da. Tokian tokiko egoera baloratu eta horren araberako erabakiak hartu behar dira.

Aisialdi Taldeak beti egiten duen bezala, haur, familien eta hezitzaileen ongizatea, osasuna eta babesa bermatzeko beharrezko neurriak hartuko ditu eta protokoloak osatuko dira. Proposatzen diren jarduerak eta ekintzak protokoloak betetzeko moldatuko dira eta arduraz jokatuko dute, hau dena posible dela sinisten dutelako.

Hau guztia kontuan izanda, aisialdiko eskaintza hezitzailea osatzeko programazioa berritu du Aisialdi Taldeak, ikastola bakoitzaren baliabide eta errealitatera doitu eta egokitu behar dena.

2020ko udako aisialdiko esperientzia baliagarria izango da, era berean, haur eta nerabeek higiene eta babes neurriei buruzko errutina berriak ikasi eta barneratzeko.

Uztail honi begira, Aisialdi Taldeak hiru egitasmo garatu ditu, hiruak udaleku irekien formatuan izango dira, eta ikastoletan bururatuko dira.

EMAN HEGOAK

Negutik udaberrirako jauzia itxialdian eman dugu. Etxeetako ateak itxita, udaberria loratzen ikusi dugu lau pareten babesetik. Apurka-apurka ordea irekiz doaz ateak eta udaberritik udarako jauzia kalean eman ahal izango dugu. Hortik dator Ikastolen Elkartearen udarako aisialdi eskaintzaren egitasmo nagusiaren izena: ‘Eman hegoak: uda irekiaren lekuak’.

Aisialdi eskaintza berria, haurrek bizitako itxialdiaren ondorioei erreparatuz prestatu den proposamena da.  Espresuki sorturiko programazioak hezurmamitzen du eskaintza.  Haurrek dituzten beharrak kontuan hartuz sortua izan da eta.

Uda irekiaren lekuak kalea izan behar du nagusiki. Itxialdiaren ostean haurrek kalea behar dute, plazak berreskuratu, karrikak berriro hartu, baina betebehar eta arau berriak kontutan hartuz egin beharko da. Hauetara ohitu eta egokitzen lagunduz gauzatuko da egitasmoa.

Proposamenak xedetzat du hezkuntzaren dimentsio guztiak hartuko dituen eskaintza izatea, mugimendua, jolasa, natura, parte-hartzea, euskara eta harremanak oinarri izanik. Bai eta, haurren arteko harremana berreskuratzea ere. Berriz elkarrekin harremanetan jartzea, elkarrekin aritzea.

Helburu hauek jorratzeko astebeteko bost programa garatu dituzte, aste bakoitzerako gai bat hautatuta:

-Lauburua. Naturaren lau elementuak

-Maite ditut maite gure bazterrak

-Gorputza, mugimendua, osasuna

-Harremanak eta emozioak

-Txapela buruan eta jolastu munduan

‘ENJOY ENGLISH’ eta ROBOTIKA

Enjoy English Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako haurrei zuzendua dago. Ekainaren 29an hasi eta uztailaren 30ean amaituko da. Haurrek hilabete batez, beraien aisialdiaz gozatzeko aukera izango dute, ingelesa landuz, Ikastolen Elkarteak sortutako materialak erabiliz. Enjoy English-en eskaintza eguneratu egin dute. Egun bizi dugun testuingurura egokitu da programa, arrakastatsua izan ohi den eskaintza egoera berezi honetan ere gauzatu ahal izateko.

Robotika, berriz, bost eguneko iraupena izango duen udaleku irekia da. Goizero, norberak bere ikastolan jolas eta praktika desberdinak erabiliz robotikaren munduan murgiltzeko aukera izango du. Robotikaren arloan trebatzea eta bitarteko hauekin, opor garaiaz gozatzeaz gainera, pentsamendu konputazionala garatuko dute. Era berean, teknologia berriak euskaraz bizitzeko aukera berritzaileak ahalbidetuko zaie, eta teknologia berrietako ereduak eta praktikak ikuspegi parekide batetik landuko dituzte.

ENTRESAKA: Aisialdiko jarduerak haur eta gazteek sozializatzeko, jolasteko, elkarbanatzeko, sentitzeko, esperimentatzeko, gozatzeko eta ikasteko espazioak dira, eta garrantzi handikoak dira giza-garapen integralerako

ikastola 239
2020 Uztaila
239