IKASTOLA 238 > erreportajeak > Honetatik guztitik zer aterako dugu?
Bertsolari Gaztetxoen txapelketa

Etorkizuna

Honetatik guztitik zer aterako dugu?

Pandemiaren ondorioz egin beharreko hainbat gogoeta gizarte ereduaz eta hezkuntza ereduaz

Bizitzen ari garen egoera honetan beharrezkoa da aurreko bizitza ohiturei erreparatu eta hausnarketa egitea.

Pandemiaren ondorioz egin beharreko hainbat gogoeta gizarte ereduaz eta hezkuntza ereduaz

Bizitzen ari garen egoera honetan beharrezkoa da aurreko bizitza ohiturei erreparatu eta hausnarketa egitea. Etorkizunera begira jarri eta eguneroko horretatik zer mantendu eta zer ezabatu behar dugun gogoeta egitea, alegia.

Kalitatezko bizitza bat izateko lan egiten dugu; gu eta gure familia eta gertukoenak gustura eta pozik bizitzeko, oinarrizko beharrak asetzeko, aisialdian aritzeko, harreman sareak osatzeko… Hala ere, mundu orekatu eta justu bat eta gizarte indibidualista, kontsumista, superfizial eta berekoi baten artean dagoen marra oso fina dela argi izan behar dugu. Gizarte berekoi baten hatzamarretan helduta bizi izan gara azken urte luzeetan, munduko beste lurralde batzuetan gertatzen denak gugan eraginik izan gabe. Emakumeen kontrako indarkeria, haurren esplotazioa, petrolio eta ondasun naturalen kontrola irabazteko gerrak, askatasun urraketak, korrupzioa, neurrigabeko kutsadura… Asko dira gertakari ustelak eta gure egunerokotasunaren parte dira, kontzientzia hartzea eta horietan eragitea gure esku dagoen zerbait da. Gogoetarako gai batekin itxi nahi dugu idatzi honen sarrera, gizateria sufritzen ari den momentu hauek naturarentzat arnasgunea izaten ari dira, paradoxa honek zer pentsatua ematen du.

Hau guzti hau ikasteko baliagarria izan behar zaigu. Agian ahaztuta edota beste plano batean genituen bizipen eta eguneroko sentsazioak berpizteko balio behar du: familian egotea, seme alabekin kalitatezko denbora igarotzea, behar materialetatik harago behar afektibo eta emozionalei erreparatzea, ama lurra maitatu eta zaintzea… Familia eta ingurukoen arteko komunikazio eta harremanak indarrean jartzeko baliatu behar dugu bizitzen ari garen momentua. Ildo beretik, gizarte mailan garai batean bizirik zeuden baloreak berriro hartzeko momentua izan daiteke; auzolana, militantzia, gure hizkuntza eta kulturaren alde jarduteko ezinbestekoak izan diren usadio eta ohiturak berraztertu, indartu eta ber-asmatu behar ditugu benetako gure printzipioekin koherente izanez. Izan ere, egoera honek lehentasunak behar duten tokian jartzera eraman gaitu eta prozesu honetan ikastolak eredu izan behar gara. Talde bezala jokatuz gero indartuta aterako gara eta Euskal gizarteak eskertuko du.

Hezkuntzara etorrita, guzti honek aldaketa bat ekarri behar du. Hezkuntza sisteman, oro har, eta Ikastola ereduan, zehazki, eragin behar du. Ikasleen jarraipenean, arreta pertsonalizatuan, zailtasunak gainditzeko irakaslearen esku hartzean, ebaluazio hezigarrian… Horrez gain, eskola zein ordutegi eta egutegien antolaketa eragin zuzena izan behar du. Ikasle guztiak, aldi berean, lanketa berdina egiten aritu behar dute? Espazio berdin batean denbora guztian adin berdineko ikasleak elkartzeak balio digu? Noiz? Zertarako? Ordutegi trinkoak eta arloen antolaketa ikaslearen ikasketa prozesuan laguntzen du edota eskola antolaketa errazten?... Ez dira egun batetik bestera erantzun daitezkeen galderak, hausnarketa sakona eskatzen dute, ikerketa eta ondorioetara iristea. Ondorio horietan oinarrituta eskola antolaketa, ordutegien diseinua, taldekatze ezberdinak, barne zein kanpo espazioaren erabilera… eraldatu beharko ditugu, eskenatoki berriak irudikatu eta eraiki beharko dira. Ikasle eta irakasleekin ere gogoeta egin behar dugu.

Laburbilduz, garai gogorrak bizitzen ari gara zalantzarik gabe. Askatasuna eta mugikortasuna kendu dizkigute eta gure osasun mental zein fisikoan eragina izaten ari da. Hala ere, aukera bezala ikusten saiatu behar gara, aldaketarako aukera gisa. Ikasle zein irakasleekin gogoeta egiteko momentua da; lehentasunak identifikatu eta pertsona moduan hazteko baliatu dezagun bizitako guztia. Guzti honetatik irtetea kostako bazaigu ere, indartuta atera beharko ginateke , pertsona hobeak izan eta gizarte jasangarri eta justuago bat eraikitzeko. Bien bitartean, zaindu zuen burua eta zaindu maite duzuen hori.

ENTRESAKAK

Eskola antolaketa, ordutegien diseinua, taldekatze ezberdinak, barne zein kanpo espazioaren erabilera… eraldatu beharko ditugu, eskenatoki berriak irudikatu eta eraiki beharko dira. Ikasleekin eta irakasleekin ere gogoeta egin behar dugu.

Guzti honetatik irtetzea kostako bazaigu ere, indartuta atera beharko ginateke, pertsona hobeak izan eta gizarte jasangarri eta justuago bat eraikitzeko. Bien bitartean, zaindu zuen burua eta zaindu maite duzuen hori

EGITEKE GERATUTAKOAK

Pandemiak eragotzi diguna. Bertan behera utzi edo atzeratu egin behar izan ditugu abian genituen egitasmo handi batzuk

Ikastolen VII. Batzarraren prestaketarako eskualdeko bilerak, ikastolen udaberriko jaiak, Ikastolen Jardunaldi Pedagogikoak eta Eskolarteko Bertso Txapelketa egiten edo egitear ginen Covid 19 koronoabirusaren pandemia lehertu zenean. Batzuk bertan behera geratu dira, besteak, berriz, atzeratu egin behar izan ditugu.

Ikastolen VII. Batzarra prestatzeko eskualdeka egiten ari ginen bileretako asko eginda zeudela, eta ikastolen parte-hartzea bermatu eta haietan eztabaida bideratzeko izendatutako dinamizatzaileen prestakuntza lanak amaituak zirela, lehertu zen pandemia Euskal Herrian. Ondorioz, parentesi bat egin beharra izan dugu, eta heldu den ikasturtera atzeratu dugu prozesua.

Programatutako eskualdekako hemeretzi bileretatik 11 egin ziren. Beste zortziak ezin izan ziren egin. Esan behar da, dena den, oso aberasgarriak izan zirela egindako bilerak. Ikastolakideen erantzuna paregabea izan zen; gutxi gora behera 450 ordezkarik hartu zuten parte 11 bilera horietan, batez beste 40 lagunetik gorakoak izan ziren. Horrek ematen du ikastolen artean gaiak piztu duen interesaren neurria, eta, era berean, ikastolako komunitateko kideek prozesu honetan parte hartzeko duten gogoaren neurria ere ematen du.

Pandemiak prozesu hau eten egin zuen, eta, era berean, Batzarrerako prestatutako egitasmoei ere eragingo die, ikasgai asko ateratzen ari garelako ezohiko egoera honetatik, eta horiek ere bildu beharko direlako hurrengo hamarraldirako erronka nagusiak zehaztu eta ikastolak haiei aurre egiteko prestatzeko.

Udaberriko jaiak, udazkenean

Ikastolen udaberriko jaiei ere bete-betean eragin die pandemiak. Herri Urrats, Ibilaldia eta Araba Euskaraz ez dira maiatz-ekainetan egingo. Jaiei eustea erabaki dute, ordea, egungo formatuan edo beste modu batean (orduko egoeraren arabera erabakiko dute), baina egiteko asmoa dute. Udazkenera atzeratu dituzte jaiak, eta orain datak eta formatuak pentsatzen ari dira, Kilometroekin eta Nafarroa Oinezekin koordinatuta.

Kilometroek ere udaberri hasierarako prestatuta zituzten Milimetroak ospakizunak ere bertan behera geratu ziren. Aurkezpena egin zuten, martxoaren 12an, baina aurkeztu eta berehala bertan behera utzi behar izan zituzten.

Ikastolen Jardunaldi Pedagogikoak

Ikastolen jaiak bezala, urteko hitzordu nagusietako bat dira Ikastolen Jardunaldi Pedagogikoak. Apirilean egiten dira, eta apiril osoa konfinamenduan igaro dugu guztiok. Ondorioz, jardunaldi hauen hogeita zazpigarren ekitaldia bertan behera geratu da.

Parte-hartze handia izaten dute jardunaldiok, eta jende oso interesgarria ekartzen dute, berrikuntza pedagogikoak ezagutzeko eta gai nagusietan sakontzeko balio izaten dute, gero, ahal dela, ikastoletara eraman eta han martxan jartzeko helburuarekin. Ikastoletan egiten diren praktika onen erakusleiho paregabeak ere badira jardunaldiok.

Pandemiak utzitako ondorioak eta ezohiko egoeratik ateratako ikasgaiak asko dira, eta ziurrenik heldu den urteko jardunaldiak aste eta hilabeteotan ikasi dugunaren isla izango dira.

Eskolartekoa, bertan behera

Otsailaren amaieran abiatu eta ekainaren bukaera aldera amaitzekoa zen aurten Eskolarteko Bertso Txapelketa, Ikastolen Elkarteak eta Bertsozale Elkarteak elkarlanean antolatutakoak. Hasi egin zen, baina hasi eta aste gutxira bertan behera geratu behar izan zen txapelketa, bai bat-bateko saioei dagokionez eta baita bertsopaper lehiaketari dagokionez ere.

 

ikastola 238
2020 Maiatza
238