TESTIGANTZAK
Konfinamendu egunak, ikastolen komunitateko kideen begietatik
Normaltasunera itzultzeko irrikan, baina ezohiko egoerara egokituta bizitzen ari dira ikastolen komunitateko kideak
Testigantza batzuk bildu ditugu, eta gure komunitatearen lagin bat ekarri dugu orriotara.
Normaltasunera itzultzeko irrikan, baina ezohiko egoerara egokituta bizitzen ari dira ikastolen komunitateko kideak
Komunitate zabala eta askotarikoa osatzen dute ikastoletako kideek. Nork bere modura bizi du Covid 19 birusak eragindako egoera berezia, eta hor ere askotarikoak dira adibideak. Denok, halere, normaltasunera itzuliko garenaren konbentzimendua dute. Testigantza batzuk bildu ditugu, eta gure komunitatearen lagin bat ekarri dugu orriotara.
Ikasleak ikastoletara joaterik ez dutenez, ikastola joan da ikasleen etxeetara. Denbora oso laburrean egin behar izan da egokitzapena, buruhauste frankorekin, denera iritsi nahiz eta ahalik eta azkarren gainera. Ez da batere erraza izan, erabaki asko hartu behar izan dira denbora oso laburrean, eta erabaki gogor zenbait ere bai. Erabaki horien zurrunbiloaren erdigunean egon dira zuzendariak.
“Konfinamenduak agindu aurretik iristen ari zitzaizkigun mezuekin emergentzia mahai bat antolatu genuen 22 pertsonaz osatua, eta horrek laguntza handia eman zigun erabakiak hartzeko. Ikastolak oso ondo erantzun zuen, irakasle, langile familia eta ikasleen aldetik. Urduritasunez, presio askorekin eta egun gutxitan denontzat berria zen egoera batean aritu behar genuela aurreikusiz”, esan digu Aitor Iriondok, Axular Lizeoko (Donostia) zuzendariak. Uriondoren kasuan, gainera, pneumoniaz gaixotu zen itxialdia baino egun batzuk lehenago, eta osatu gabe zegoela aritu behar izan zuen. Pneumonia koronabirusaren ondorio izan zen ez daki, ez diote testik egin, baina, egun, guztiz osatua dago.
Eguzkibegi ikastolako (Galdakao) zuzendari Itsaso Etxebarria ere antzera mintzatu zaigu: “Bi hilabete hauetan egoera berrira egokitu behar izan dugu eta egokitu gara. Gaitasuna eduki dugu, eta gauza asko izan dira. Hezkuntzari begira, etapa bakoitza desberdina den heinean egokitzapen gaitasuna ere desberdina izan da. DBHn eta LH 4, 5 eta 6. mailetan digitalean beste ohitura batzuk bereganatuta zituzten ikasleek, eta beste mailetan apurtxo bat gehiago kostatu zaigu etxetik lan egitea, baina lortu da. Irakasleen aldetik prestasun handia egon da familiekin eta ikasleekin harremanetan jartzeko eta dena aurrera ateratzeko”.
Iparraldean, ikastolen ateak ez dira erabat itxita egon. Osasun langileen seme-alabak zaintzeko boluntario lanetan aritu dira. Kanboko Errobi ikastolan, esaterako, egunero hiru-lau haur zaindu dituzte, bertako zortzi irakasleak txandaka lanean arituz, eta guraso batek emandako maskarak erabiliz, Frantziako Gobernuak ez baitzizkien eman. Gainera, asteazkenetan klaserik izaten ez badute ere, ikastola irekirik eduki dute hau horientzako. Gainerako haurrak, dena den, ez dituzte ahaztu “Saiatu gara harremanak zaintzen. Astean behin deitzen ditugu eta gurasoak ere bai. Guk handiekin bideokonferentzia egiten dugu astean behin. Gelaka arratsalde pasa egiten dugu kantuan, txisteak kontatuz, eta abar. Zailtasunetan diren ikasleak laguntzeko ere deitzen ditugu. Lanak posta elektronikoz bidaltzen dizkiegu, eta paperean ere bai. Astero karpeta batzuk prestatzen ditugu eta gurasoak etortzen dira erosketak egiteko irteten direnean”, azaldu digu Joanes Garcia zuzendariak.
Ikasleengana iristeko eta haien hezkuntza prozesuak etenik izan ez dezan neurriak hartuta, bestelako erabaki batzuk ere hartu behar izan dituzte. Aitor Uriondo: “Ikastolaren helburu nagusia ikasleak dira, garbi zegoen hezkuntza zerbitzuak zuela lehentasuna, baina gero ere baziren beste erronka potolo batzuk: zerbitzuekin zer egin, arlo administratiboan, ekonomikoan zer nolako erabakiak hartu… kontrasteak eta buruhauste asko egon dira erabakiak hartzeko orduan, ikusita gainera luze joan zitekeela, eta ongi neurtu beharko genituela. Guk zuzenean ez dugu behin-behineko lanaldiaren eteterik egin, baina gurekin lanean dabiltzan kanpoko enpresetako langileak gureak bezala ditugu, eta haiei eragin die”.
Eguzkibegi eta Errobi ikastoletan egin behar izan dute. “Halabeharrez, beste biderik ez genuen, baina soldata osorik jasoko dute, Gobernuak ematen ez dien zatia ikastolak bere gain hartu duelako”, azaldu digu Eguzkibegiko zuzendariak. “Maiatzaren erdian berriro ikastolak ireki behar ditugula esan digute; guk argi dugu langile horiek gabe ezingo ditugula ireki, eta, beraz, itzuli egin beharko dute”, gaineratu du Errobi ikastolako zuzendariak.
Hiru zuzendariak bat datoz: konfinamenduaren alderdirik gogorrena harremanena izan da, kontaktu fisikorik gabe, aurrez aurrekorik gabe lan egin behar izana. “Denok, ikasleek, irakasleek, gurasoek, kontaktu fisikoa eta egunerokotasunaren harremanaren falta sentitu dugu”, kasik hitz berak erabiliz azaltzen dute hiru zuzendariek. “Baina konturatu gara, azken hamarkadan egin dugun lanak eta aurrez antolatutakoak abantaila eman digula. Teknologikoki egindako lanak eta aurretik martxan jarritako prozedura eta prozesu desberdinak benetan lagungarriak izan dira. Feed back-ak ugari egin ditugu, kontsultatzeko familiak, langileak, ikasleak… egia esan erantzuna bikaina izan da eta egon diren ekarpenak ere oso onak izan dira eta erabilgarriak”, erantsi du Axular Lizeoko zuzendariak.
Etengabeko komunikazio hori Eguzkibegi eta Errobi ikastoletako zuzendariek ere azpimarratu dute. “Tutoreek mantentzen dute harreman zuzena bideokonferentziak, bakarkako deiak, posta elektroniko bitartez, oso harreman estua eta ia egunero mantentzen dugu harreman hori. Gurasoekin ere berdin. Galdetegiak egin dizkiegu zuzendaritzatik, eta etapa desberdinetatik irakasleek beraiek ere egin diete balorazio eskaerak. Orokorrean balorazioa ona izan da, egin den lana baloratzen da”, Itsaso Etxebarriaren ustez.
Oporraldia aprobetxatu dute ikastoletan, ikasturte amaiera planifikatzeko, egin den lana baloratzeko eta egin beharreko doikuntzak egiteko. Ziurgabetasun handia dago. Iparraldean maiatzaren erdialdera ikastoletara itzuliko ei dira umeak, baina boluntarioa izango da, eta guraso batzuek jada esan diete ez dituztela euren umeak ikastolara bidaliko. Ziurgabetasuna da, baita ere, nola antolatu hori dena, kutsatzeko arriskurik gabe. Joanes Garciak azaldu digu ez dakitela zehazki nola egin itzulera. “Gure lehentasuna ikasle, irakasle eta langileen osasuna da, eta hori ziurtatu behar da lehenbizi. Testak egitea, maskarak erabiltzea…. Ezinbestekoa izango da psikosia gutxitzeko. Gainera, guraso asko ez daude prest umeak ikastolara itzultzeko. Egokituko gara, baina zein neurritaraino ez dakigu”.
“Itzulera? Ez dakigu nolakoa izango den. Aurreikusten dugu, DBH 4koak itzuliko direla. Kezka hori dugu, eta DBHko irakasleekin ari gara lanean. Erabakia ez dugu oraindik hartu. Ideia batzuk baditugu, eta espero dugu Ikastolen Elkartetik ere jasoko ditugula aholkuak. Gainerako ikasleak bueltatzea oso zaila ikusten dut. Bueltatzekotan LH6koak itzuliko dira. Baina txikitxoak ez”, dio Eguzkibegiko zuzendariak.
Axularren, Batxilergoko ikasleen itzulera ere espero dute, nola izango den argi ez daukaten arren, eta kezkak eta zalantzak asko diren arren. Halere, itzuli zeintzuk itzuliko diren gorabehera, erronka ikasle guztien ebaluazioan kokatu du Uriartek: “Erronka nagusia dugu ebaluazioaren inguruan, eta horretan ibili gara eta bagabiltza proposamen desberdinak mahai gainean jartzen”.
Itsaso Etxebarriari galdetu diogu zer ikasgai aterako dugun konfinamendu honetatik. “Lehenbizikoa da, aterako garela hemendik. Oraintxe bertan garrantzi asko ematen diogu egunerokoari, harremanari, eta ikusten ari gara horixe dela gehien eskatzen ari garena denok, ikasleek, irakasleek eta gurasoek ere. Konturatu gara gure arteko harremanek zelako garrantzia duten guretzat”.
Urruntasunetik, inoiz baino gertuago egon nahi
Zuzendariak kudeaketan buru-belarri ekinean, eta irakasleak, berriz, beren ikasleekin eta familiekin lanean. Katalin Larrea Lehen Hezkuntzan dabil Bilboko Abusu ikastolan. Bi fase bereizi zituzten hasieratik; Aste Santua bitartekoa, eta oporren bueltakoa. “Lehen Hezkuntza bi multzotan zatitu genuen 1, 2, 3 eta 4. maila bitartekoa, eta 5 eta 6. mailak. Erabaki genuen lehenik eta behin alderdi emozionalari ematea lehentasuna eta familia eta ikasleen behar desberdinak detektatu eta erantzuteari. Familia bakoitzarekin harremanetan jarri ginen, nola ziren jakiteko, gaixorik bazituzten, lana eta etxea uztartzeari begira nola ziren, eta gailuei begira zer behar zuten, gure proposamena egoera horietara moldatzeko”.
Txomin Elorza Gasteizko Armentia ikastolako irakaslea da Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan. Ikastola hau izan zen ixten lehenbizikoa, Arabar Errioxakoekin batera. “Hasiera batean, bi asteko kontua izan zitekeela esan zuten; segituan ohartu ginen, ordea, luze joko zuela. Ia bi hilabete daramatzagu eta gogorra izaten ari da. Lan karga handia eta koordinazio lan handia eskatu digu. Egoera berria da, ahalik eta ongien ari gara, baina ez dakigu guztiz ongi ari garen. Indar handiz hasi gara, dena den, oporren bueltan ere”.
Bien kasuan, distantziatik ere inoiz baino gertuago sentiaraz zintzaten nahi zuten, eta horregatik etxeekin harremana oso estua izaten ahalegindu dira. “LH 1-4 multzoan, garrantzia handia eman genion kontaktu bisuala izateari eta irakaslearekin harremana ez galtzeari. Hori bermatu genuen eta horretan dihardugu oraindik, egunero bideo bat bidaliz irakasleak, etxera eramandako materialarekin zer egin esateko. Egunero erronkak, jolasen gomendioak eta lan proposamenak izan dituzte. Bideokonferentzia saio batzuk ere izan dituzte”, esan du Katalin Larreak. “LH 5 eta 6an, DBHren antzeko planteamendua egin zaie. Asteko ordutegi finkoa bat ezarriz, ikasgai bakoitzean saio kopuruak eta ordutegia murriztu arren, zuzeneko konexioarekin funtzionatzen dute, eta batez ere lanak egin eta igotzeko Drive eta Alexia classroom erabiltzen dute. Arratsaldeak irakasleek erabiltzen dituzte bakarreko lan estrak behar dituzten haurrekin zuzeneko harremanak egiteko”, gaineratu du.
Txomin Larreak nabarmendu duenez, edukietan moldaketak egin behar izan dituzte. ”Edukietan aurrera jarraitu arren, sinplifikatu egin behar izan ditugu; ez zaude aurrez aurre klaseak ematen, eta ikasleak benetan ulertzen ari direla ziurtatu behar da. Bideoak prestatzen ditugu, eta bideoekin eta prestatutako eskema batzuekin eduki berriak aurkezten dizkiegu eta beraiek ariketak bidaltzen dizkigute. Bideokonferentziak erabiltzen dugu zalantzak argitzeko”, azaldu du. “Edukiak emateko orduan motelago goaz, baina egia dena da ikasle ia guztiek ongi jarraitzen dituztela edukiak eta ongi moldatzen ari direla, ariketak egiten dituzte… beno hori da daukagun pertzepzioa, jasotzen ari garen feedbackaren arabera”.
Irakasleen arteko koordinazioa funtsezkoa bada egoera normalean, are erabakigarriagoa da konfinamendu garaiotan. “Hasieran kostatu zitzaigun eta behar bada lan karga handiegia eman genien ikasleei”, aitortu du Txominek. “Dena berria da guztiontzako, eta oso zaila da, baina koordinatzeko ere irakasleok ez gaude aurrez aurre eta ez dira baldintzarik onenak. Zuzendaritzatik oso ondo ari dira lanean, baina dena ongi egitea zaila da. Halere, ez da izango ez dugulako nahi, aritu ari garelako”, gaineratu du.
“Oporren ostean hobekuntza gisa erabaki dugu, lan proposamenak modu koordinatuan egituratzea; Ikasgai desberdinetako irakasleak harremanetan jartzen dira guztiek zer bidaltzen duten ikusteko eta oreka bilatzeko”, dio, berriz, Katalinek. “Horrek guztiak Irakasleentzat formazio sakona eragin du IKT tresna desberdinak erabiltzeko orduan, eta trebetasuna izugarri hobetzea. Etorkizunari begira, balio hori gurekin eramango dugu”, gaineratu du.
Katalinek ikastola komunitatearen loturak indartzeko ikastolan egin diren ekimenak ere azpimarratu nahi izan ditu. “Familiaren zentzua gehiago indartzeko, aurretik aurreikusita genituen ekimenak aurrera atera ditugu formatua egokituz: bertso bazkari birtual bat egin genuen Onintza Enbeita eta Nerea Ibarzabalekin; gaubela literarioa ere egitekoak ginen ikastolan, eta antzeko zerbait egin genuen irakasle eta familiak denok gure etxeetan; Liburuaren egunean ere irakurtzen ari garen liburuaren azalak eszenifikatzeko erronka luzatu genien ikasle eta familiei eta oso erantzun ona izan zuen. Familiatik familiara ekimena ere egin genuen: mezu positiboz betetako bideoak bidali genizkien familiei, eta mezuak bueltan jaso genituen… zoragarria izan zen familien %98k hartu zutelako parte!”
Egoera honetan hirugarren ebaluazioa nola planteatu daitekeen galdetuta, Txomin baikorra da: “Lehen bi ebaluazioak eginda daude, eta hirugarren hau egiteko informazioa badugu: guk ikusten ditugu zeintzuk ari diren lanean, zeintzuk ez… ebaluatzeko baliabideak eta informazio asko daukagu, gero ikusiko da irizpide nagusiak nola ezartzen diren. Ez dakigu oraindik zehazki. Autonomia eman digute, baina oraindik ez dugu zehaztu”.
Katalinek komunitate guztia egiten ari den ahalegina eta inplikazioa nabarmendu ditu: “Harro egoteko modukoa izaten ari da. Erantzuna bikaina ari da izaten. Egoera hau guztia kontuan izanda, hamarrekoa merezi dute!”. Gainera, pentsatzen ari dira, ebaluazioa egiteko orduan, gurasoen parte hartzea ere aintzat hartzea. “Beraiek ikusi dituzte seme-alabak lanean, eta haien iritzia ere jakin nahi dugu”, esan du.
Txominek ikasleen lan egiteko modua eta inplikazioa ere nabarmendu ditu. “Okerrena da faltan botatzen ditugula. Ez da modu erraza nola dauden jakiteko, zertan dabiltzan, ongi eramaten ari diren egoera….”. DBHko ikasleak, nerabezaroan bete betean daudela, emozionalki nola bizitzen ari diren kezkatzen du gehien: “Gurasoengandik urruntzeko eta lagunekin egoteko behar handia duten sasoian dira, eta konfinamendu garaian, berriz, justu kontrakoa gertatzen ari zaie: gurasoekin daude ia uneoro, eta lagunekin interaktuatzen dute, baina ezin dute elkarrekin egon. Ez da erraza beraientzat, eta, noski, gurasoentzat ere ez da izango”. Horregatik, Txominek nahiko luke gutxienez ikasturteari amaiera emateko unean aurrez aurre edukitzea ikasleak.
Etxeetako errealitate desberdinak
Gurasoen artean ere askotarikoak dira pandemiak eragin dituen egoera berriak. Asko etxetik lanean, batzuk lantegian eta lan gehiagorekin, beste batzuk behin-behineko lanaldia etenik… Hiru gurasorengana jo dugu haien berri jakiteko.
Maru Erizek bi seme ditu, bat unibertsitate ikasketak egiten ari da Iruñean, eta bestea, txikiena, Tuterako Argia ikastolan dabil LH 6. mailan. Hain zuzen ere, ikastola horretako lehendakaria da Maru, eta bertako jangelan ere egiten du lan. Koronabirusaren ondorioz, ikastolako jangela kudeatzen duen enpresak behin-behineko lanaldi etenaldia ezarri dio. Beste jardun bat badu, ordea, eta eusten dio horri, etxetik lanean izanik ere.
“Erosketak egiteko salbu, ez gara etxetik irteten. Normalean senarra irteten da, beste kontu batzuk ere egiteko aprobetxatzen du eta”, kontatu digu. Lana, dena online egiten dute: “Nik lanaldi erdiz, senarrak, berriz, egun osoa eta, gainera, lana pilatu zaio. Txikiak goiz osoa ematen du ordenagailuan, ikastolako lanak egiten. Tutoretzat bat izaten dute egunero. Irakaslearekin ordubeteko saioa egiten dute, eta gero etxerako lanak egiten ditu. Ondo moldatzen da, gustura dabil, eta asko ibiltzen da ikaskideekin sarean, etxerako lanak bukatuta elkarri kontsulta egiten diete zer egin duten nola egin duten... Heziketa fisikoan egunero erronkatxo bat jasotzen du. Irakasleak jartzen die erronka. Horiek grabatu eta bidali behar dituzte”.
Eguneko ordu asko ordenagailuaren aurrean: “Lau ordenagailu ditugu etxean bederen, eta alderdi horretatik ez gabiltza gaizki, baliabideak baditugu eta”.
Familia musikaria da Maru Erizena. “Txandak egin behar izaten dituzte, bereziki hiruek, bi semeek entsegatzeko; eta senarra, berriz, musika irakaslea da, beraz.... Neuk ere nire kontura pianoa jotzen dut, baina kaskoak jantzita. Beraz, ordutegiak zaintzen ibiltzen gara musika entsegatzeko, eta bizilagunak ahalik eta gutxien endredatzeko”.
Etxeko bizimoduari dagokionez, lasai egoteko eta gauza askoz hitz egiteko aukera estimatzen du gehien, seme zaharrenarekin bereziki. “Iruñean aste osoa ematen zuen eta asteburuetan askotan geratzen zen. Beraz, orain denbora asko dugu elkarrekin egoteko eta hori asko eskertzen dut”.
Zorte ona izan dutela uste du: “Ez gaude gaizki, ez garelako gaixotu, familia osoa ongi dago. Senarrak lan osoa egiten du. Ni ERTEan nago nire lanaldi batean, bestean lanean jarraitzen dut. Baina uste dut zortea izan dugula anabasa honetan. Ezin gara kexatu”.
Ikastolari dagokionez, esker ona azaldu du: “Ikastolan irakasleak topera ari dira umeekin egoteko. Arlo guztietan ari da gure semea eta jarraipena oso ona da; bera pozik dago, zuzenean ari da tutorearekin, tutoreak azalpenak bidaltzen dizkigu nola ari den mutikoa...”
Laburbilduz, ondo moldatzen ari direla uste du. “Noski kalera atera nahi dugu, baina ez da lehen bezala izango, dena hankaz gora dago, eta dena hain arraroa eta desberdina izango denez, korapilo bat sortzen zaizu, noiz itzuliko garen normaltasunera. Baina konfinamenduaren aurreko egoerara itzultzea zaila izango da”.
Jakintza ikastolako (Ordizia) gurasoa da Javier Gomez. Bi alaba ditu LHko lehen eta laugarren mailan. Etxean egoteko asti handirik ez du, ezta bere bikoteak ere, biak medikuak baitira. Javierrek Gurutzetako ospitalean egiten du lan koronabirusak kutsatutako gaixoekin. Ospitale honek artatzen ditu gaixo kopururik handiena.
“Etxean hala-hala moldatzen gara, ez dugulako nahi inor etortzerik gure txikiak zaintzera, eta guk egunen bat jai hartzeko zailtasun handiak ditugulako. Beraz, alabek denbora asko eman behar izaten dute etxean bakarrik”, aitortu digu.
“Alabei bidaltzen dizkieten lanen eta egiten dituzten bideokonferentzien gainean egon behar dugu lanetik. Eta etxeratutakoan zer egin duten eta zer ez duten egin kontrola eramaten. Eta goizetan ere deika, nola ari diren, moldatzen ari diren, norbaitek deitu al dien… Estresagarria da hein batean lana egitea eta umeak etxean edukitzea. Baina moldatzen ari gara”, erantsi du.
“Gero, lanera zoaz eta psikosi honekin zaude: kutsatuko naizen, kutsatuko dudan, zer jantziko dudan. Protokolo guztiak goitik behera eta zehatz mehatz bete behar… Etxera iristerakoan ere dutxara, arropak garbigailura…”, ofizioaren ajeak.
Umeak egokitzeko gaitasun handia dutela dio, halere. “Noski, egunak eta egunak daude, eta batzuetan hasten dira nekatuta daudela, aspertuta, hau noiz amaituko den galdezka… baina helduak baino hobeto moldatzen ari direla esango nuke”.
Umeek ikastola asko botatzen dute faltan, Javierrek dioenez: irakasleak, ikaskide eta lagunekin egotea. “Kalera irteteko baimena desiratzen daude, jendea ikusteko… Isolatuta daudela ikusten zaie; bideo deiak egiten dituzte baina aurrez aurrekoa faltan botatzen dute”.
Ikastolarekin harreman zuzenak izan dituzte itxialdian, eta gustura daude. “Txikiaren tutoreak izan ditugun zalantza guztiak argitu dizkigu deitu dugun bakoitzean, oso ona izan da harremana. Zaharrenarekin, ohituagoa dago bideo deietara eta online lan egitera, eta oso ongi moldatzen ari dela ikusten dugu, eta ez dugu andereñoarekin hartu-emanetan jarri beharrik izan. Oso pozik gaude alde horretatik ikastolarekin”.
Hau luzerako doala ikusten du Javier Gomezek. “Oso luzerako”. Gizartea ere aldatu egingo dela ikusten du: “Hilabete askoan, sozializatzeko modua desberdina izango da. Eta osasungintzari begira, beldurra ematen du, birusa etxera ez ekartzeko arreta handiz ibiltzen garelako. Eta gero, aiton amonak ere hor ditugu, gurekin eta bereziki ilobekin egoteko irrikan eta alabek ere gogo handia dute aiton amonekin egoteko. Hor ere normalizatzea zaila izango du eta luzera joko du. Tamalgarria da”.
Iluntzean, balkoietatik osasungintzako langileei txalo egiten dietenean, sentipen kontrajarriak eragiten dizkio medikuari. “Alde batetik ongi sentitzen naiz, errekonozimendu bat sentitzen dudalako. Baina, bestetik, amorru pixka bat ere sentitzen dut; gure egitekoa egiten dugu, ez besterik, heroiak izan gabe. Beti egin duguna egiten jarraitzen dugu. Lehen osasun sistemaz abusatu egiten zen. Espero dut, hau amaitzerakoan, herritarrek eta agintariek osasun zerbitzuari langileok ematen diogun balioa kontuan hartuko dutela. Txaloei baino balio handiagoa emango nioke errespetuz hartuko bagintuzte”
Jakintza ikastolako gurasoa da, baita ere, Cristhian Zenalia. Nikaraguatik etorri zen Ordiziara, eta duela bi urte eta erdi etorri zen bere alaba Melani. Urte gogorrak izan ziren hastapenekoak, lau urtez alaba ikusi gabe egon behar izan zuelako. Konfinamendu garaiotan lanean dabil Ordiziako etxe batzuetan. Senarrak duela gutxi lortu zuen lan egiteko baimena, eta konfinamenduaren aurretik lanean ari bazen ere, koronabirusak lanik gabe utzi du. Ikastolak ordenagailu bat eta Internet sarbidea utzi dizkio bere alabarentzat eta oso eskertua dago.
“Gogorra da egoera, baina esfortzua egiten ari gara. Melani gogor ari da lanean, etxean ikasketak aurrera eramaten. Senarra ere ari da alabari laguntzen. Egun asko igaro dira konfinamendua hasi zela, eta alaba nekatuta eta gaizki sentitzen da batzuetan, baina gero berriro animatzen da. Igandean irten zen lehen aldiz, baina prekauzio handiarekin. Beldurrik ez dio egoerari, baina prebentzio neurriak ongi ikasiak ditu eta oso arduratsu dabil kalean”, azaldu digu Cristhianek. “Hau hasi zenetik normal ari naiz lanean ni, eta ni naiz beldurra duena kutsatzeko”, gaineratu du.
“Aldaketak ez dio askorik eragin alabari. Ikastolak ordenagailua eta lan koadernoak eman zizkigun, eta Melani egunero-egunero ari da lanean. Euskara maila handia lortu du alabak denbora gutxian, eta ia dena ulertzen du. Gu laguntzen ahalegintzen gara testuak ulertzeko itzulpen automatikoak erabiliz”.
Ikastolarekin Whatsapp aplikazioa, telefono deiak eginez eta ordenagailuaren bitartez komunikatzen da Cristhian. “Tutorearekin, Garbiñerekin, zalantza txikiren bat dudanean beti erantzuten dit, eta beti hor dagoela sentitzen dut. Bihotzez eskertzen diot alabarengatik eta gugatik egiten ari den guztia”, dio, baina eskertza ez da soilik konfinamendu garaira mugatzen. “Oso pozik eta eskertua gaude ikastolarekin. Alaba etorri zenean aldaketa bortitza izan zen berarentzat: klima, ingurua, hizkuntza dena desberdina zen beretzat. Pazientzia handia izan dute alabarekin irakasleek, eta bihotzez eskertzen diet”.
Ikasleen begietatik
Ikastolako azken urtean dabiltza Ainhoa eta Maddi, bata Baionako Bernat Etxepare Lizeoan, eta bestea Tolosako Laskorain ikastolan. Irailetik aurrera, unibertsitateko ikasketak hastea dute helburu, baina horretarako nota ere behar dute. Ainhoak Haur Hezkuntza ikasi nahi du EHUren Donostiako kanpusean. Maddik, berriz, Fisioterapia ikasketak egin nahi ditu EHUren Leioako kanpusean. Etxealdiak ikasketen azken txanpan harrapatu ditu biak, eta egoera berezi honek areagotu egin ditu lehendik ere bazituzten ziurgabetasunak.
Halere, egoerara moldatu dira. “Asko aldatu da egoera. Hastapenean zaila zen ikasketa antolatzeko, baina gero itxuratzen hasi da. Eta pixkanaka bideokonferentziak egiten hasi gara. Uste genuen konfinamenduan azterketak jarriko zizkigutela, baina azkenean esan zuten konfinamendu garaian ez direla azterketak aintzat hartuko. Dena den, lanak igortzen dizkigute eta eginda bueltatu behar ditugu, ziurtatzeko egiten ditugula”, azaldu du Ainhoak.
Maddik ere urduri pasa zituen lehen egunak. “Hasieratik hasi zitzaizkigun lanak ematen, bideokonferentziak egiten… kasik ikastolan ginenean baino gehiago. Gu, gainera, urduri geunden. Ebaluaketa amaitu berritan, azken txanpa hasi behar genuela, burua jada unibertsitate ikasketei begira jarriak, unibertsitate desberdinetako eskaintzak aztertzen eta bisitak egiten…”. Baina antolatu, antolatu zen. “Beharko!”.
Eguneroko errutina hartu eta eustea beste biderik ez. “Hasieran hiru ordu eskaintzen nizkien ikasketei goizez eta beste hiru arratsez. Gero, berriz, egunaren arabera, eguraldiaren arabera, ordutegia moldatzen joan naiz, gutxiago goizez eta gehiago arratsaldez”, azaldu du Ainhoak. Kirola egiteko irteteko baimena hastapenetik edukita, horrek ere eragin zuen bere ordutegi moldaketan. “Egunotan denbora gehiago nahi dudana egiteko. Lehen goizeko seietan jaiki behar nuen ikastolara joateko eta seietan itzuli. Orain denbora gehiago dut irakurtzeko, kirola egiteko… Lagunekin egotea faltan botatzen dut, noski, baina ahalegintzen gara harremanari eusten telefonoz eta bideokonferentzien bitartez”.
Maddik ia hasieratik heldu dio ordutegi jakin bati. “Goizean 9:00etatik 14:00ak aldera arte egoten naiz ikasketekin, eta arratsean tarte txiki bat eskaintzen diet”. Kalera ezin du irten kirola egiteko, baina egunean hartzen du denbora etxean ariketa fisikoa egiteko, dela bideo tutorial bidez edo bere kasa. Eskubaloian aritzen da eta dantzan ere bai. Baina konfinamenduak eragotzi egin dio bere gustuko ekintza horiek egitea. Lagunekin bideokonferentzia asko egiten ditu, bai ikasketa kontuez hitz egiteko eta baita elkarren berri izan eta ongi pasatzeko ere.
Ikasketak jarraitzeko eta egunero horretan aritzeko arazorik ez dute izan. Kezka gehiago dute, ordea, itzulerarekin eta azken ebaluaketa nola egingo dieten. “Ez dakite irakasleek beraiek ere. Egingo dizkigute azterketa batzuk eta ebaluatuko gaituzte, baina era berean Frantziako Gobernuak esan du konfinamendu aldia ez dela aintzat hartuko; ikusiko da”, errepikatzen du Ainhoak. “Ez dakit nola moldatuko garen. Galdera asko daude airean eta erantzun gutxi. Eta guk nola erreakzionatuko dugu? Zer eskatuko digute? Jokoan asko dugu eta ziurgabetasun honek asko urduritzen gaitu. Gainera, unibertsitateko sarrera proba ere egin beharko dugu, eta esan dute malguagoa izango dela, baina horrek onura ekarriko digu ikasketak egiteko gutxieneko nota eskatzen digutenoi, ala kalte egingo digu? Bestelako neurririk hartuko dute?”, galdetzen du Maddik.
Ainhoak ez du Baxorik egin beharko. Horregatik pozik da, unibertsitate sarrerarako frantsesez probarik egin beharko ez duelako. Baina era berean, kezka ere badu. “EHUn sartzeko, baxoaren nota aintzat hartzen zuten lehen. Orain Lizeoko notak balioko dit. Probaren bat egin beharko dut?”
Galdera asko dituzte gazteok, eta normala da erantzun gutxi aurkitzea. Galdera asko eta erantzun gutxi dituzte, baita ere, irakasle, zuzendari eta gurasoek. Egunean-egunean erabaki berrien berri ematen dute agintariek, eta horren arabera gauzak asko alda daitezke. Denbora gutxi dago, ordea, eta ikasturtea amaitzear da.
ENTRESAKAK
“Oraintxe bertan garrantzi asko ematen diogu egunerokoari, harremanari, eta ikusten ari gara horixe dela gehien eskatzen ari garena denok, ikasleek, irakasleek eta gurasoek ere. Konturatu gara gure arteko harremanek zelako garrantzia duten guretzat”. ITSASO ETXEBARRIA Eguzkibegi ikastolako zuzendaria
“Teknologikoki egindako lanak eta aurretik martxan jarritako prozedura eta prozesu desberdinak benetan lagungarriak izan dira. Feed back-ak ugari egin ditugu, kontsultatzeko familiak, langileak, ikasleak… egia esan erantzuna bikaina izan da” AITOR URIONDO Axular Lizeoko zuzendaria
“Saiatu gara harremanak zaintzen. Astean behin deitzen ditugu eta gurasoak ere bai. Guk handiekin bideokonferentzia egiten dugu astean behin. Gelaka arratsalde pasa egiten dugu kantuan, txisteak kontatuz…” JOANES GARCIA Errobi ikastolako zuzendaria
“Harro egoteko modukoa izaten ari da komunitate osoaren erantzuna, bikaina. Egoera hau guztia kontuan izanda, hamarrekoa merezi dute!”. KATALIN LARREA Abusu ikastolako Lehen Hezkuntzako irakaslea
“Lehen bi ebaluazioak eginda daude, eta hirugarren hau egiteko informazioa badugu: guk ikusten ditugu zeintzuk ari diren lanean, zeintzuk ez… ebaluatzeko baliabideak eta informazio asko daukagu” TXOMIN ELORZA Armentia ikastolako DBHko irakaslea
“Ikastolan irakasleak topera ari dira umeekin egoteko. Arlo guztietan ari da gure semea eta jarraipena oso ona da; bera pozik dago, zuzenean ari da tutorearekin, tutoreak azalpenak bidaltzen dizkigu nola ari den mutikoa...” MARU ERIZ, Argia ikastolako lehendakaria eta langilea
“Etxean hala-hala moldatzen gara, ez dugulako nahi inor etortzerik gure txikiak zaintzera, eta guk egunen bat jai hartzeko zailtasun handiak ditugulako. Beraz, alabek denbora asko eman behar izaten dute etxean bakarrik” JAVIER GOMEZ, medikua, Jakintza ikastolako gurasoa
“Ikastolak ordenagailua eta lan koadernoak eman zizkigun, eta Melani egunero-egunero ari da lanean. Euskara maila handia lortu du alabak denbora gutxian, eta ia dena ulertzen du. Gu laguntzen ahalegintzen gara testuak ulertzeko itzulpen automatikoak erabiliz”. CRISTHIAN ZENALIA, etxeko langilea, Jakintza ikastolako gurasoa
“Jokoan asko dugu eta ziurgabetasun honek asko urduritzen gaitu. Gainera, unibertsitateko sarrera proba ere egin beharko dugu, eta esan dute malguagoa izango dela, baina horrek onura ekarriko digu ikasketak egiteko gutxieneko nota eskatzen digutenoi, ala kalte egingo digu? Bestelako neurririk hartuko dute?”, MADDI, Laskorain ikastolako Batxilergoko 2. Mailako ikaslea
“EHUn sartzeko, baxoaren nota aintzat hartu izan dute orain arte. Orain Lizeoko notak balioko dit. Baina bestelako probaren bat egin beharko dut unibertsitatean sartzeko?” AINHOA, Bernat Etxepare Lizeoko azken urteko ikaslea