IKASTOLA 238 > orientazioa > Elkartasun bete ikastolak

Ikastolen ekimenak

Elkartasun bete ikastolak

Elkartasuna ikastolen izatearen barnean txertatua dago, eta ezohiko egoera honetan nabarmendu egin da

Hurrengo lerroetan elkartasun adierazpen horietako batzuk bildu ditugu.

Elkartasuna ikastolen izatearen barnean txertatua dago, eta ezohiko egoera honetan nabarmendu egin da

Ikastola komunitatearen barneari begira nahiz kanpora begira, elkartasun adierazpen ugari eta askotarikoak egin dituzte ikastolek Covid 19 birusaren pandemiak eragin duen ezohiko egoera honetan. Hurrengo lerroetan elkartasun adierazpen horietako batzuk bildu ditugu, ez denak ordea, asko baitira.

Ezohiko egoeran, baina ohiko bidetik, elkartasunetik eta auzolanetik jo dute ikastolek pandemiak sorturiko larrialdiari erantzuteko. Etxetik hasita heldu diote elkartasunari, etxealdiaren ondorioz aurreikusten ziren askotariko egoerei erantzuteko asmoz.

Egoera horietako bat laborala da. Ikastoletako zerbitzuetako langileen eta 0-2 urteko hezitzaileen lan baldintzei eta kontratuei eusteko ahalegin handia egin dute ikastolek, eta zenbaitetan lanaldiaren behin-behineko etena egin behar izan duten arren, haien soldata osoa ziurtatzeko ikastolek jarri dute dirua.

Kuoten gaian ere elkartasuna izan da ikastolen ezaugarria. Doitu egin dituzte, denen artean adostu, guraso asko kuotak osorik ordaintzeko erabakia hartu dute ikastolei eragingo zien galerari aurre egiteko… askotariko formulak erabili dituzte, baina guztietan ikusi da elkartasuna. Bide batez, familien egoera ekonomikoa zalantzan jarri den kasuetan, barne beka sistemak zabaltzeko aukerari heldu diote ikastola askok.

Nabarmentzekoa da, adibidez, Laskorain ikastolako langileen erabakia. Haur Eskolan zuloa sortuko dela, eta hileroko funtzionamendu laguntza ordaindu ezin dezaketen familien kopurua handitzea aurreikusten dela kontuan hartuta, ikastolako langileek urtarriletik abuztura bitarteko beraien soldataren %2a ikastolako elkartasun kutxara ematea proposatu dute. Horrekin, Haur Eskolako zuloa estalzeaz gain, ikastolako-barne bekarako dirua bideratuko da, eta aldi berean, langileen kontratuak mantenduko dira.

Egoera zaurgarrian diren familiei begira, gainera, ikastolek eta Ikastolen Elkarteak MiFi gailuak eta Interneterako sarbidea ziurtatu diete berrehun familiari, doan. Modu honetara, ikasle guztiengana heltzeko eta haien ikasketa prozesuak aurrera jarraitzeko helburuak bete dituzte.

Ordenagailuak beste ikastetxe batzuetako ikasleentzat

Ikastola komunitateari begira bezala, kanpora begira ere elkartasun adierazpen handiak egin dituzte ikastolek. Villabonan, esaterako, Zubimusu ikastolak hamabost ordenagailu eramangarri utzi dizkiete beste ikastetxe bateko ikasleentzat, euren ikasketa prozesua aurrera eramateko aukera izan dezaten. Udalak egin zuen eskaria, eta Zubimusu ikastolak berehala erantzun zion deiari.

Biserak 3D inprimagailuz

Gizartean egindako deiari erantzunez, hainbat ikastolatan 3D inprimagailuak erabiliz biserak egin dituzte osasun langileentzako. Horretan aritu dira, besteak beste, Lazkaoko San Benito ikastola, Arrasateko Arizmendi, Azkue Lekeitioko ikastola, Lizarrako ikastola, Derioko Txorierri Lanbide Ikastola, eta Ikastolen Elkarteko langile bat. Batzuk ikasleekin, beste batzuek gurasoekin elkarlanean eta beste batzuk beste erakunderen batekin, guztiek hornitu dituzte euren eskualdeetako ospitale eta anbulatorioak, hain justu beharrik handiena zuten garaian, eta osasun langileen esker aitortza ere jaso dute.

Ospitale, anbulatorio, zahar etxe eta antzekoei ikastoletako materiala igorri zaie herri askotan. Erentzun ikastolak, esaterako, inauterietako oihalak eman ditu Vianako etxez etxeko laguntza langile eta zahar etxeetako langileentzat. Vianako emakume talde batek josi dituzte amantalak Erentzun ikastolak emandako oihalekin. Santurtziko Bihotz Gaztea ikastolak, berriz, polipropilenozko oihala lortu zuen Bizkaiko ospitaleetarako batak diseinatzeko. Material banaketa DYA eta taxi zerbitzuarekin ondo antolatu zuten, eta gurasoen artean mezua zabaldu zuten jostunak bilatzeko; eta horretan ari dira. Ikasleek, berriz, gutunak idatzi dituzte ospitaleetara animoak bidaltzeko.

Bermeoko Eleizalde ikastolak, berriz, 2.800 eskularru bidali zituen Galdakaoko ospitalera (Bermeoko asiloan, anbulatorioan eta Gernikako ospitalean galdetu eta gero). Bilboko Urretxindorra ikastolak ere eskularruak bidali ditu Usansoloko ospitalera. Horrez gain, ikastolan zituzten elikagaiak Gurutze Gorriari eman dizkio. Tuterako Argia Ikastolak ere bere jantokiko elikagai ekologikoak (arrautzak, fruta eta jogurtak) banatu ditu, Villa Javier fundazioak egunero zerbitzen dituen otorduetan aprobetxatu ditzan.

Herriari laguntzen

Lekeition, Gurutze Gorria eta Lekittozaindu taldea beharra duten familientzako elikagaiak banatzen ari dira, eta, horretarako Azkue ikastolak eraikin bat erabiltzen utzi die. Behar gehien duten familiak ere hara joaten dira elikagaien bila.

Era berean, Azkue ikastolak Udalarekin batera, behar izan gehien dituzten familien identifikazioan lagundu du eta bere esku zegoen materiala banatu du familia horien artean. Eguzkibegi ikastolak ere bere instalazioak Udalaren esku jarri ditu edozein beharrizani aurre egiteko.

Ikastolak irekita osasun langileen haurrentzat

Frantziako Gobernuak ikastetxeak irekita egoteko agindu zuen osasun langileen haurrak hartzeko, baina adierazi zuen zaintzaile eta irakasle boluntarioak izango zirela haur horiekin arituko zirenak.

Seaskako ikastoletan ez da boluntariorik falta izan. Hala, ikastolak irekita eduki dituzte haur horiek hartzeko. Ikastola bakoitza guraso osasun langileekin harremanetan jarri zen haien premiak ezagutzeko. Esan beharrik ez dago, gurasoak umeak etxean edukitzen ahalegindu direla, eta ikastolara soilik ezin zutenean bidali dituztela. Ikastoletan ahal duten bezala moldatu behar izan dute haurren eta irakasleen osasunari lehentasuna emanez, eta horretarako neurriak eta baliabideak euren kabuz bilatuz, Frantziako Gobernuak itxialdia hasi eta lau astera bidali baitzituen maskarak.

Euskara errefortzurako ekimena

Bizitzen ari garen egoera berezi honetan, jakina da guraso batzuk zailtasun nabariak dituztela seme alabei laguntzeko. Euskara menperatzen ez duten gurasoek ezin diete seme-alabei nahi bezainbeste lagundu ezta, bestea beste, osasun munduan lanean ari diren gurasoek ere.

Horri begira, Donostiako Axular Lizeoak bere ikasle ohiekin gogoratu ziren, Axularkide sarearekin. Astean bi orduz edo ordubetez boluntario gisa laguntzen diete behar duten ikasleei, LH 5etik Batxilergora arteko etapetan. Kontaktua telefonoz, bideo-bileraz, txat moduko aplikazioaz egiten da. Ekimenak oso erantzun ona jaso du eta 20 ikasle ari dira parte hartzen.

Proiektu erreal eta solidario bat

Ikasleen ekimenak ere badira. Oso aipagarria da, esatareko, Bilboko Harrobia Ikastolako Marketin eta Publizitateko zikloko ikasleek abian jarri duten Marketin solidario ekimena, COVID-19aren aurrean kaltetu diren Bizkaiko enpresa txiki eta ertainei laguntzeko.

Harrobiako ikasleak COVID-19aren osasun emergentzia egoerarekin arduratuta daude, eta, ekimen honen bitartez, beraiek ere hondar alea jarri nahi izan dute. Ekimen honen helburua egunotako egoera dela-eta Bizkaian kaltetuak izan diren autonomo, enpresa txiki eta ertainentzako doako marketin eta publizitate zerbitzua eskaintzea da.

Publizitate solidarioaren agentziak hainbat zerbitzu eskaintzen ditu, enpresen beharrizanen arabera. Diseinu grafikoa (marka eraikitzea, logotipoak eta beste irudi korporatiboa), marketin digitala (sare sozialen diseinua, web diseinua, SEO, Facebook Ads …), merkatarien ikerketa (benchmarking, mistery shopper, datuen analisia …), ekitaldien antolakuntza, kanpainak publizitateak eta marketin digitaleko ikastaroak.

Proiektu erreal eta solidario honek ilusioz bete ditu ikasleak.

ikastola 238
2020 Maiatza
238